Nicolas Jean, talentuaren eta apaltasunaren ispilu gardena
Hiru asteko tartean, 25 urteko alpinistak bi jarduera handi egin ditu eskiekin Alpeetan. Benjamin Vedrinesekin Mont Blanceko lau isurien lotura egin du 21 orduan. Eta bakarka, Pelvoux iparraldeko horman hiru korridore tente jaitsi ditu.
«Benjamin Vedrinesen itzalean dagoen alpinista ote da Nicolas Jean? Itxura hori eman dezake elkarrekin egiten dituzten aktibitateak kontuan hartzen baditugu. Baina izozmendiaren puntaren hasiera baino ez da irudi hori. Ertz guztietatik aztertuta, lasai asko baiezta daiteke aparteko alpinista dela. Batez ere Alpeetan, makina bat erronka azpimarragarri egin ditu. Horietako asko eskiekin sinatu ditu. Ezaugarri tekniko zein fisiko itzelak ditu. Baina sare sozialetatik ihes egiten duenez, bere figura ez da hain entzutetsua».
Adierazpen hauek Pierre Gignoux-enak dira; hots, Nicolas Jean alpinista frantziarra bikain ezagutzen duen kidearenak. Hitz horiei ez diegu aldaketa txikiena egingo edo ñabarduraren bat jarriko. Horregatik, izenburuan jarri ditugun bi hitz horiek berreskuratuko ditugu: talentua eta apaltasuna.
Talentua, batez ere, eskiekin aldats tenteetako loturak eta lehen jaitsiera azpimarragarriak egin dituelako. Horma alpinoetan ere ez da batere kamuts ibiltzen, eta sokakide gazte ezberdinekin bide gogorrak zabaldu ditu. Bide batez, aipatu behar dugu mendi garaiekin ere harremana izan duela; Broad Peak igo zuen 22 urterekin.
Apaltasuna, berriz, egiten dituen goi-mailako jarduerak ia isilean gordetzen dituelako; ez ditu gehiegi lausengatzen. Horrez gain, ez da sare sozialen zalea. Agian, aurrerantzean gehiago erabili beharko ditu. Hedabideekin ere harreman estuagoak izan beharko ditu. Eta hori diogu, alpinista gazte hau profesionala (edo ia) bihurtu delako.
Jarrai dezakegu 25 urteko alpinista horren inguruan luze hitz egiten, baina aurkezpen edo laburpen txiki hori alde batera utzi eta azken bolada honetan Jeanek eskiekin egin dituen bi erronka aipatuko ditugu. Lehena, aste honetan bertan Vedrinesekin Mont Blancen biribildu du. Bigarrena, berriz, hiru aste lehenago Pelvouxen bakarka egin zuen.
Lehenbizikoari dagokionez, aipatu behar dugu labetik irten berria dela; izan ere, joan den astelehenean egin zen. Bi alpinistok Mont Blanceko lau isuriak eskiatu zituzten 21 orduko jardunean. Harrigarria, baina hala izan da. Datuak, bederen, beldurgarriak dira. Les Houches-etik gaueko 10.30ean irten ziren. Mont Blanc-eko gailurra zapaldu, eta 'festa' hasi zen.

Lehenik eta behin, Peuterey-ko ertza eskiatu zuten. Ondoren, Peuterey-ko Aiguile Blanche. Brenvako aurpegia izan zen hirugarrena eta, azkenik, Bosses-eko eta Dome du Gouter-eko ertzen konbinazioa. Denera, 8.000 metroko desnibel positiboa 21 orduan!
Mont Blanceko lau isurien lotura horren inguruan, Jeanek aurreratu du Vedrinesen helburu bat zela eta oso pozik dagoela xede hori egiteko deia jaso zuelako: «Ez nuen uste lotura hori aurten probatzeko aukera izango nuenik. Benjaminek eta biok maiz hitz egin genuen asmo horren inguruan, baina Benjamin batez ere oso 'lanpetuta' ibili da beste jarduera batzuekin. Mont Blanc-eko errekorra izan da azkena. Baina eguraldi ona iragarri zuten, eta eskatu zidan helburu berriarekin bat egiteko. Oso emozionatuta nengoen! Egun luzea izan zen. Arrokaren gogortasuna zuen elurraren baldintzak kudeatu behar izan genituen, txingor moduko elurrean ere eskiatu genuen, izoztu ginen, berotu ere bai… Konstante bakarra edertasuna izan zen. Aldats tenteetan eginiko lau jaitsiera ospetsu (ibarrera jaisteko beste bat egin genuen) Alpeetako mendi garaienean egitea amets bat izan da».
Pelvoux
Irakurtzen den bezala, Vedrines-Jean tandemak eginikoak azpimarra berezia behar du; aurretik bikote horrek elkarrekin egin dituen beste batzuek bezala. Baina eten txiki bat egingo dugu, eta, nolabait esateko, Vedrines protagonismo horretatik kanpo utziko dugu. Izan ere, hiru aste lehenago Jeanek trilogia ederra sinatu zuen eskiekin bakarka eta egun batean Pelvoux-en.
Mendiaren iparraldeko aurpegian eskiatu zuen; hain zuzen ere, aldats oso tenteak dituzten hiru korridore aukeratu zituen: Chaud (600 m, 5.4, 40 metroko rappela, lehen jaitsiera), Mettrier (300 m, 5.3/5.4, lehen jaitsiera) eta ipar-mendebaldekoa (5.4, 50 metroko rappela, lehen errepikapena).
Bakarka jardutearen eite horrek alpinista askorentzat badu plus berezi bat. Norberak bizi duenaz gain, konpromisoa handiagoa izaten da. Behin edo behin, alpinista gaztea izaera horretako helburuetan kiderik gabe ikusi dugu, baina eskuarki lagunartean aritzea nahiago du.
Joan den maiatzaren 17an, goizeko hiruretan, Pelvouxeko trilogia horrekin hasi zen. Violetteseko glaziarra hiru ordu beranduago zeharkatu zuen, eta, ondoren, lehen aldiz tontorretik igaro zen. Sona handia duen Chaud korridorea izan zen eguneko lehen helburua. Nahiz eta korridore hori 1.950ean Emile Cortialek eta Victor Chaud famatuak lehen aldiz igo zuten, orain arte inork ez zuen eskiekin jaitsi. Ohore hori izan duena Jean gaztea izan da. Iragan udazkenean Chaud korridorea eskalatu zuen, eta hura jaisteko zenbat rappel beharko zituen ez zekien: «Korridorearen oinarrira heldu eta ohartu nintzen elurraren baldintzak onak zirela. Halere, lehen jaitsiera hori egiteko 40 metroko rappel bat egin behar izan nuen. Uste dut baldintza horietan 5.4 maila duela. Bederen, espezialista batzuen zorionik beroenak jaso ditut lehen jaitsiera horretan ausartzeagatik».
Chaud korridoretik irten bezain laster, alpinista frantziarra berriro gailurrera abiatu zen. Urratsa egina zuen, baina, goizeko hamarrak zirenez, elur bigunarekin topo egin zuen. Bigarren helburua: ipar-mendebaldeko korridorea. Aldats tente horietan oso erne jardun behar izan zuen; izan ere, elurrak eguzki pixka bat jaso zuenean, baldintzak asko aldatu ziren. Alabaina, bigarren korridorean ere arrakasta izan zuen. Aurreratu dugun bezala, lehen errepikapena izan da; lehen jaitsiera Herve Degononek egin zuen duela hamaika urte.

11.30ean berriro glaziarrean zen. Azken igoerari ekin zion, eta arratsaldeko 1.30ean hirugarrenez tontorrean zen. Mettrier korridorea izan zen azkena. Nekatuta zegoenez, zuhurtzia guztiarekin 300 metro horiek jaitsi zituen. Ez dago ziur, baina, antza denez, lehen jaitsiera izan da. Informazio batzuek diote Ulysse Perrier zenak duela hamabost urte jaitsi zuela. Baina datu hori ez du inork argitu.
Pelvoux-eko trilogia horretan 4.000 metroko desnibela gainditu zuen. Jeanek onartu du batez ere Vedrinesekin egin dituen beste jarduera batzuk zorrotzagoak izan direla. Halere, bakarka jardutearen eite hori azpimarratu du: «Estilo horrek zailtasuna gehitzen dio. Batez ere, igoerek dituzten zati teknikoetan. Ez da beldurgarria izan, eta horregatik, sokakidea saihestu eta bakarrik egin dut. Beste era batera esanda, buruari asko eskatu dio, baina ez gehiegi».