Highline bat, 4.000 metrora, Alpeetako amildegiaren erdi-erdian
Hilaren 11n eta 12an, ‘Les Passagers du Vide’ kolektiboak ia 800 metroko zinta batekin Dent du Geant (4.013 m) eta Mont Mallet (3.989 m) lotu zituen. Proiektu hori biribildu ahal izateko, slacklinerrek 29 joan-etorri egin behar izan zituzten.
Highlining edo Skylining kontzeptuak ekarpen ederra jaso berri du. Joan den astean Alpeetan ezarri zen egoera antiziklonikoa aprobetxatuz, ‘Les Passagers du Vide’ taldeak zinta baten bitartez honako bi gailur lotu zituen lehen aldiz: Dent du Geant (4.013 m) eta Mont Mallet (3.989 m).
Irakurtzen den bezala, oso ezagunak diren slacklinerrek marra hori 4.000 metroko garaiera jarri zuten. Mont Blanc mendigunearen bihotzaren erdi-erdian. Amildegia, berriz, 700 metrokoa; Geant eta Periades glaziarrak azpian zituzten.
Proiektua protagonisten helburu nagusien artean egon da azken urteotan. Hilabete batzuk prestatzen izan ziren. Filosofiari dagokionez, alpinisten etikan oinarrituta egon da. Horrekin esan nahi dugu lan guztiak egiteko ez zutela helikopterorik erabili. Jakina, horrek lan eskerga egitera behartu zituen; izan ere, 400 kilo bizkarrera eraman eta Dent du Geant mendiaren oinarrira 29 joan-etorri egin zituzten. Horretaz gain, mendi hori 25 alidz igo zuten. Denera, bost egun alderdi horretan eta zortzi hilabeteko prestaketa amildegiari aurre egiteko. Adituek horrela definitu dute jarduera hori: handia, etikoa, poetikoa eta teknikoa.
‘Les Passagers du Vide’ taldekide Antoine Mesnagek adierazi du une egokienaren zain egon zirela: «Lan hori biribildu genuen astean den-dena lerrokatu zen. Taldeak egin duen lanak berebiziko garrantzia izan du, eta erakutsi dugu kolektiboak indar mental zein fisiko ikaragarria duela. Niretzat slackline kontzeptuan estetika giltza da. Linea horrek dituen dimentsioak eta parametroak alde batera utzita, uste dut inoiz ikusi dudan erakargarriena dela; hain zuzen ere, naturan eginiko benetako artelana izan da. Estetikaren eta handitasunaren konbinazioa erabat txundigarria da. Egin dugun 788 metroko zeharkaldia ez da garaiena eta luzeena izan. Baina ingurua, hurbiltzeko dagoen zailtasuna, altuera, klima, dimentsioak eta baimena kontuan hartzen baditugu, zalantzarik gabe orain arte egin den zorrotzena eta zalantza gehien sortu dituena da».
Ekilibrista
Arestian aipatu dugu 400 kilo garraiatu behar izan zituztela. Tresneria guztia antolatu eta gero, talde horretako kideek bigarren urratsa egin zuten. Hots, zeharkaldirako zinta jarri. Horretarako, pazientzia handia izan zuten, besteak beste, haizerik gabeko eguraldi ona behar zuten. Indar kolektiboaren unea heldu zen. Dent du Geant-en zinta eta soka ezberdinak bizkarrera eraman, Rocherfort ertza jarraitu eta Mont Mallet zain zuten. Gailur batetik bestera zinta hori tenkatzea izan azken-aurreko lana. Ia 800 metroko zinta luzeran eta bi milimetrokoa zabaleran prest zegoen.
Zeharkaldia zen hirugarren eta azken fasea. Oinutsik edo zapatila minimalistekin, garrantzitsuena edertasunaren keinua zen. Mesnagek, berriz, honakoa gehitu du: «Zeharkaldiak minutu gutxi batzuk baino ez ditu eskatzen. Baina atzean lan talde osoaren konpromiso eta inbertsio handia egon da. Proiektuaren zati txiki bat baino ez da zeharkaldia. Helburu hori estetikaren eta gizakiaren harmoniaren arteko bilaketa da. Diziplina honek gaitasun ezberdinak eskatzen ditu; horretaz gain, altzairuzko mentalitatea. Zeharkaldiaren aurretik eguraldiak ezartzen dituen mugei eta goi mendiak dituen arriskuei aurre egin behar zaizkie. Ondoren, zeure burua argitu eta bakar-bakarrik irteten zara ekilibrista baten modura».
Bide batez, ‘Les Passagers du Vide’ kolektiboak mezu bat helarazi nahi izan du highline horrekin. Glaziarrak Babesteko Nazioarteko Urtea denez, taldekideek diote jarduera horrekin klima larrialdia agerian jarri nahi izan dutela. Izan ere, ekosistema hauskor honetan glaziarrak atzera egiten ari dira: «Periade glaziarraren gainean jardun dugu; guretzat glaziarrak sinbolo dira. Horregatik, ez dugu helikopterorik erabili. Guretzat ingurugiroa zein mendizaletasunaren etika errespetatzea ezinbestekoak dira».