Nico Williamsen irudia ezabatu dute bere anaiarekin agertzen zen horma-irudi batetik
Nico Williamsen irudia kendu dute Barakaldoko horma-irudi batetik igande goizean. Bertan, Athleticeko jokalari gaztea agertzen zen bere anaiarekin eta Iker Muniain kapitain ohiarekin batera. Artista bizkaitar batek egin zuen horma-irudia, iazko Errege Kopako finalerako.
Nico Williamsen inguruan zurrumurruak eguneroko ogia diren honetan, jokalari nafarraren aurpegia kendu dute Barakaldoko Lutxana auzoko horma-irudi batetik igande goizean. Atzealde gorri baten gainean Athleticeko hiru jokalari ikus zitezkeen: Nico Williams, Iñaki Williams eta Iker Muniain kapitain-ohia, Errege Koparekin.
Orain, aldiz, Williams anaietan nagusia eta Iker Muniain agertzen dira soilik. Nico desagertu ez ezik, mezu bat utzi dute idatzita: «Joan edo geratu, errespetua galdu duzu».
El mural de los hermanos Williams amanece con Nico borrado y un mensaje: "Yéndote o quedándote, has perdido el respeto". pic.twitter.com/slBpRl52ty
— Athletic Xtra (@AthleticXtra) June 22, 2025
Horma-irudia Carlos Lopez artista bizkaitarrak margotu zuen pasa den urteko martxoan, Athleticek Atletico Madril Errege Kopatik kanporatu zuenean, final-erdietan. Horren harira, jende mordo bat aurkeztu zen hurrengo egunean Lutxana auzoan argazkiak ateratzeko asmoz Sevillako finala jokatu aurretik. Lopezek obra horrekin, Williams anaien «gainditze-historia eredugarria» nabarmendu nahi izan zuen.
Iñakiren erantzuna
Williams anaietan nagusia ez da isilik geratu eta bere anai txikia defendatu du sare sozialetan. Iñakik mezu hau jarri du X-en: «Errespetu falta anonimo baten atzean, beti dago norbait txikiegia aurpegia emateko».
Detrás de una falta de respeto anónima, siempre hay alguien demasiado pequeño para dar la cara.
— IÑAKI WILLIAMS ARTHUER (@Williaaams45) June 22, 2025
Decoren adierazpenak
Igande goizean Nico Williamsen izena bolo-bolo dabiltza. Horma-iruditik bere aurpegia desagertu ez ezik, Deco Bartzelonaren kirol-zuzendariak egindako adierazpen batzuengatik.
‘La Vanguardia’ egunkari katalanean eskainitako elkarrizketa batean, Decok honako hau esan du: «Nicok eta beste jokalari batzuek gaur egun etortzeko gogoa erakusten dute. Nico fitxatzeko baldintzak ematen badira, saiatuko gara».