INFO

Bilboko Birak bere kultur eskaintza murriztu beharko du, diru laguntzak gutxitu zaizkiolako

2024 eta 2025eko diru laguntzen murrizketak tarteko, Bilboko Bira Kulturguneak ezin izango dio orain arteko jardun profesionalari eutsi, eta horrek kultur eskaintzan eragin zuzena izango du. «Beste modu batez bada ere», aurrera egingo diotela argi utzi dute.

Bira Kulturgunean antolaturiko ekitaldi bat. (BIRA)

2016ko urriaren 27an jarri zuten martxan Bira Kulturgunea Bilboko Erronda kalean eta ordutik hona denetarik antolatu dute bertan. Baina azken urteetan administrazio publikoek diru laguntzak murriztu dizkiote proiektuari, eta ezingo diote orain arteko jardun profesionalari eta kultur agendari eutsi.

Aurten, irailetik ekainera (303 egunetan), 290 kultura-hitzordu hartu ditu Birak. Batetik, atal finkoak elkarlanean: Kafe Filosofikoa, Loraldia Gaztea Lautan Hiru antzerkia, Oraina Kontakizun, Urdin Elektrikoa, Señora bertso eskola, Bionbo osteko literatur solasaldiak, Transilbania...). Bestetik, plaza ere eskaini diete beste hainbat kulturgileri.

Herri proiektua izan da Bira, eta 2016an sortu zenetik, 285.000 euro jaso dituzte birakideon partetik. Inbertsio horri esker, lokala erosteari ekin eta obra burutu, lehen urteetako programazioa finantzatu, termitak direla-eta komunitateko gastu handiei aurre egin eta azken urteetako programazioan laguntzeko aukera izan dute.

Baina, ohar baten bitartez azaldu dutenez, birakideen ekarpena alde batera, administrazio publikoen laguntzekin osatzen dute aurrekontua, eta 2024an eta 2025ean laguntzak dezente murriztu ondoren, hemendik aurrera ez dira egitura profesionalari eusteko moduan izango. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lakuako Kultur eta Euskara sailak eten dute proiektuarekin zuten hitzarmena.

Azaldu dutenez, azken urteetan, 45.000 eurorekin osatu dute urte osoko aurrekontua (artistei dietak langile bi, erosketak, zehar gastuak....). Baina datorren ikasturtean, ezin gutxieneko aurrekontu horretara hurbildu eta liberaturik gabeko egitura batera itzuliko da Bira. Horrek agendari «aldaketa nabarmena» ekarriko diola onarturik, «beste modu batez bada ere», aurrera egingo diotela argi utzi dute.

Azken lau urteetan modu hibrido batean funtzionatu dute, lan militantea eta lan profesionala uztartuz. Baina 2025ko irailetik aurrera militantzia bidez bakarrik ekingo diote kultur programazioari.

«Sinisturik gaude gurea bezalako espazioak inportanteak direla euskara, kultura eta hirirako. Milesker orain arte bidaide izan zareten eta aldi berrian izango zareten guztioi! Zuen ekarpenei esker jarraituko dugu!» adierazi dute Bira kulturguneko kideek.