INFO

‘Bizi’ elkarlanean sortutako Aspanogiren abestia plazaratu dute bere bideokliparekin

Xabi Zabalak eta Andoni Egañak eman zuten lehen pausoa melodia eta letra sortuz. Gero, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Alboka koroa eta Jare eta Aitz haurrak batu ziren. Garate estudioetan grabatu zuten ‘Bizi’ Aspanogiren abestia. Ekitaldi eder batean aurkeztu dute, Donostiako Aquariumean.

Aspanogik ‘Bizi’ abestia aurkeztu du Donostiako Aquariumean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Aspanogik ‘Bizi’ abestia aurkeztu du larunbat honetan, Donostiako Aquariumen. Elkarlanean sortu zen kantua eta jendetsua izan da aurkezpena ere. Han izan dira Xabi Zabala musikagilea eta Andoni Egaña letragilea, baita letra gainbegiratu duen Amaia Agirre ere, haur minbizidunen familien Gipuzkoako elkarteko kidea. Bere alaba Jarek eta Aitzek jarri dute ahotsa, Alboka Lasarte-Oriako abesbatzarekin batera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu duten lan honetan.

Haur minbizia ikusaraztea eta kontzientzia hartzea xede, jendartearekin partekatu nahi dute kanta, Aspanogiko Nekane Lekuonak adierazi duenez.

Hasiera, Larrabetzun

Egañak eta Zabalak proiektu bat zuten beste kide batekin. Hainbat lekutara joan eta bertako jendeak erabaki behar zuen zeri buruz nahi zuen abesti bat egitea. «Guk ordu eta erdian egiten genuen abesti bat, denbora errealean, eta denok abesti hori kantatzen bukatzen zen saioa», kontatu du musikariak.

Entsegu orokor bat egin zuten publikorik gabe, Larrabetzun. Zabalak harremana zuen Aspanogirekin, elkartea 25 urte betetzera zihoan 2023an, eta aitzakia polita iruditu zitzaion abesti bat eskaintzea. Egañari proposatu eta ongi ikusi zuen. «Abesti hau elkarlanean sortu zen. Horrek ez du esan nahi egun horretan sortu zenik; lehen pausoa egin genuen letra eta melodiarekin. Moldaketak egin eta grabatutakoan, aukera sortu zitzaigun Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatzeko eta abestia orkestrara egokitu nuen».

«Denok prest egon ginen parte hartzeko, gustura, denok daukagu sentsibilizazio berezi bat halako kolaborazioak egiterakoan. Koro bat behar genuen osatzeko. Alboka abesbatza lasartearrari proposatu eta baietza eman zigun. Bi haurrek ere abesten dute, Jarek eta Aitzek. Garate estudioetan grabatu genuen, Kaki Arkarazorekin», azaldu du Zabalak.

Bideoa egiterakoan, 2023an, Aspanogik 25 urte betetzen zituela eta elkartearen irudia jarri nahi izan zioten kantuari. «Aspanogiko pirata margotu genuen Kontxako hondartzan. Germanek marraztu zuen hondarrarekin, elkarteko kideekin batera», oroitu du Lekuonak.

Urteurreneko ekitaldian entzun eta ikusi zuten abestia Kursaalen, opari bezala. Bi urte geroago, publiko zabalari aurkeztu diote abestia bere bideokliparekin.

Arreta osoa

280 familia bazkide dira Aspanogi elkartean. «Hobekuntzak lortzea dugu erronka, gaixoari eta familiari arreta oso hori ematen segi dezagun. Aurrera jarraitzea nahi dugu, profesionalki eta goxo», agertu du Nekane Lekuona langileak. Gehienbat familiek osatzen dute elkartea eta lau langile ere badira, arreta epsikosoziala ematen dutenak.

Familia eta pirata guztiak benetan eskertuta daude abestiarekin. «Guretzat opari bat, luxu bat izan da hainbat jendek parte hartzea», adierazi dute.

Abestia osatu duten guztiekin egin dute aurkezpena, solasaldi moduan. Han izan dira Aspanogiko familiak eta Donostia Ospitaleko erizainak. «Oso gustora» egon dira. Instituzioen babesa ere jaso dute. Bertan izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkari bana.