INFO

Oskar Azkonak eta Cecilia Beatriz Nocek eraman dituzte CVCE-Errimaia ipuin lehiaketako sariak

Azkonak jaso du euskarazko ipuin onenaren saria ‘Saskuatx’ kontakizunarekin. Gaztelerazkoari dagokionez, Noce izan da garailea, ‘Aroma de montaña’ lanarekin. Denera, 70 lan jaso dituzte. Antolatzaileek seigarren edizioak izan duen kalitatea azpimarratu dute.

Oskar Azkonak jaso du euskarazko ipuin onenaren saria. (CVCE)

CVCE-Errimaia mendiko ipuin lehiaketak eman ditu ezagutzera seigarren edizioaren lan sarituak. Gogoratu behar dugu Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak eta ‘Errimaia’ aldizkariak antolatutako kultur ekimena dela eta, aurreko deialdiek bezala, azken honek ere harrera beroa izan duela. Denera, 70 ipuin jaso dituzte: 10 euskaraz idatzitakoak eta 60 gaztelaniaz.

Sari banaketa ekitaldia joan den astean egin zen mendi taldearen egoitzan bertan. Horretaz gain, ‘Errimaia’ aldizkariaren aurtengo lehen alea aurkeztu eta aurreko edizioetako ipuin sarituen marrazkiekin osatutako erakusketa zabaldu zen.

Ipuin lehiaketari dagokionez, antolatzaileak pozik ziren seigarren edizioan jasotako lanekin: «Balorazio positiboa egiten dugu. Gazteleraz idatzitako lanen kopurua pixka bat jaitsi da, eta euskal idazleen parte-hartzeak ez du aldaketarik izan. Alabaina, bi hizkuntzetan kalitate handiko kontakizunak irakurri ditugu. Ongi idatzitakoak eta originalak. Epaimahaiak bere aldetik aitortu digu askoz ere garrantzi gehiago eman diola kalitateari kopuruari baino. Gehitu digute oso gustura irakurri dituztela aurkeztu diren lan gehienak».

Seigarren edizioak bi irabazle izan ditu. Euskarazko ipuin onenaren saria Oskar Azkonak eraman du ‘Saskuatx’ lanarengatik. Eta gaztelerazko aitortza Cecilia Beatriz Nocerentzat izan da ‘Aroma de montaña’-engatik. Bi finalista ere izan dira: Juanma Gallego (‘Kondaina aldamenean’) eta Francisco Sacristan (‘Pinky’).

Ipuin sarituei dagokienez, antolatzaileek aurreratu digute eduki ezberdinak izan dituztela: Azkonaren ‘Saskuatx’ Kanadako oihan zabaletan girotutako ipuin fantastikoa da; bertako naturari protagonismoa ematen diona. Aurtengo ipuin finalistak istorio introspektiboa jasotzen du».

Noce idazle argentinarraren ‘Aroma de montaña’, berriz, Patagoniako mendi ezagunetan oinarritutako istorio bitxia da: «Gogoratu behar dugu Noce eskarmentu handiko idazlea dela. Azpimarratzekoa da bere lanak ustekabeko amaiera duela. Sacristan madrildarraren ‘Pinky’-k 80ko hamarraldiko bi mendizaleren arteko harreman azaltzen digu; garai haietako giroa bikain islatzen du».

Erakusketa

Hori guztia esan eta gero, CVCE-Errimaia ipuin lehiaketaren seigarren edizioaren balantzea aipatu behar dugu. Antolatzaileek aitortu digute hasieran kultur ekimen horrekin pixka bat beldur zirela: «Iruditzen zitzaigun letren mundu horretan nolabaiteko hutsunea zegoela. Apustu ausarta egin genuen, eta lehen edizioan jaso genuen harrerarekin lasaitu ginen. Ondorengo edizioetan ez da gorabeherarik izan, eta lasai asko esan genezake idazleen berotasunak asko lagundu digula. Seigarren edizioan aurkeztutako lanen kalitateari begiratzen badiogu, itxaropentsu gaude etorkizunarekin. Euskarazko lanekin ere pozik gaude: emeki-emeki jendea animatzen ari da».

Sari banaketaren amaieran, Donostiako mendi elkartean bertan ekoizten den ‘Errimaia’ aldizkariaren alea aurkeztu zuten. Ohi den bezala, eduki oso interesgarriak jasotzen ditu. Tartean dira ipuin lehiaketaren lau lan sarituak.

Mendiko letren «festa» hori biribiltzeko, mendi taldeak erakusketa baten berri eman zuen. Gogoratu ziguten azken bost edizioetako ipuin lehiaketaren irabazleen eta finalisten lanen bilduma argitaratu dutela Rafa Elorzak marraztutako irudiekin. «Elkartearen idazkaritzan salgai daude, eta ikus daitekeenez, ipuin bakoitzak marrazki bat du lagun. Hain zuzen ere, gure bazkide Rafak eginikoak; lan ederra egin du! Irudi bikain horien kalitatea eta edertasuna aprobetxatu nahi izan ditugu. Eta horretarako horiek guztiak erakusketa batean bildu ditugu. Elkartearen aretoan ikusgai daude hil honen amaiera arte».