82 hildako inguru, hainbat desagertu eta galdera asko Texasko uholdeetan
Estatu Batuetako Independentzia Egunaren osteko zubia tragedia bihurtu da Texasen. Dozenaka hildako utzi dituzte uholdeek; horien artean, kanpaldi bateko neskato ugari. Desagertuta dauden pertsonak aurkitzeko lanetan ari dira oraindik, eta gertatutakoaren ardura argitzeko galderak ez dira gutxi.
Texasko uriolen biktima gehienak Kerr konderrian topatu dituzte. Atzo eguerdian (ilunabarra Euskal Herrian) erreskate taldeek emandako datuen arabera, ia 60 ziren barruti horretan hildakoak, eta bederatzi lagunek galdu zuten bizia inguruko beste lau konderritan. Udaleku kristau bateko hamaika ume eta koordinatzaile baten bila jarraitzen zuten atzo, uholdea gertatu eta bi egun baino gehiago igaro eta gero.
Ostegunetik ostiralera bitarteko goizaldean egin zuten gora Guadalupe ibaiak eta Hill Country eskualdeko beste erreka batzuek. Austin eta San Antonio hirien artean dago Hill Country eskualdea. Turista asko joan ohi dira, bai bertako muino eta ibaietan barna txangoak egitera, baita ondare alemana eta Texasko ohiturak (barbakoak, musika, garagardotegiak eta bodegak) lotzen dituzten herrien xarmagatik ere. Ostirala Ameriketako Estatu Batuetako egun nazionala izanik, zubi luzea egin zuten askok, eta haurrak oporretan egonik, jende asko zegoen eskualdean egun batzuk ematen.
Camp Mystic Guadalupe ibaiaren ertzean duela ehun urte sortutako udalekua da. Bertako webguneak dioenez, «neskentzako udako kanpamentu kristau pribatu bat da, altzifre, haritz eta intxaurrondoen artean». Haren helburua neskei «giro kristau osasuntsua eskaintzea da, aparteko ezaugarri pertsonalak eta autoestimua garatzeko». Guadalupe ibaiak eta Cypress Creek ibaiadarrak bat egiten duten eremu laua bete-betean harrapatu zuen uraren igoerak ostiral goizaldean. Texasko agintariek diotenez, udalekuaz gain bere kabuz kanpatzera joan zen jendea ere bazegoen zelai zabalean eta, horien daturik ez denez, zailagoa da desagertu kopuru zehatzik ematea.
250 milimetro euri bota zuen, eta ordubete baino gutxiagoan Guadalupe ibaiak ia zortzi metro egin zuen gora, literadun egurrezko etxolak zeuden uholde-lautadaraino. Hamahiru urteko Elinor Lester helikopteroz erreskatatu zuten, bere kabinako kideekin batera, uriolan zehar aurrera egitea lortu ostean. Goizaldeko ordu bat eta erdietan esnatu zirenean ekaitza bete-betean jotzen ari zela gogoratzen du, eta ura etxolako leihoetatik sartzen zela. Neska nagusientzako aterpea Senior Hill izeneko eremu garaiago batean dago, baina Lester baino gazteagoak (zortzi urtetik aurrerako umeentzako kanpalekua da) ibaiaren ertz-ertzean zeuden etxoletan zeuden. «Kanpalekua txikituta dago. Izugarria izan zen», esan zuen.
Lesterren neba inguruko beste udaleku batean zegoen. Bertako begirale batek ura hazten ikusita, leihoa zabaldu eta mutilei igerian irteten lagundu zien. La Junta eta Waldemar udalekuetako haur eta begirale guztiak onik irten ziren. Elizabeth Lester haurren amak hau esan zuen negar-zotinka: «Nire haurrak onik irten dira, baina beste batzuk galduta daudela jakiteak erabat ondoezten nau». Atzo azken orduan baieztatu zen Richard Eastland, kanpalekuko nagusi eta zuzendaria, uholdean hildako pertsonetako bat zela.
Ardura bila
Tragediaren neurria agerian geratzeaz bat, eta erreskate lanetan jarraitzen dutela, jazotakoaren erantzukizuna argitzeko unea ere badator. «Astelehen goizetik aurrera salaketa asko, zalantza asko eta kritika asko egongo dira», esan zuen Kerr konderria barne hartzen duen barrutiko kongresukide errepublikanoak. Chip Royk ulertzen du «jende asko ‘zergatik’ eta ‘nola’ gertatu den galdetzen aritzea». Joaquin Castro San Antonioko kongresukide demokratak atzo esan zuen «lehentasuna neska horiek aurkitzea eta salbatzea» dela, eta horren ostean etorriko dela «zer egin aztertzea, horrelakorik berriz gerta ez dadin».
Castrok azpimarratu zuenez, «izugarri balio du NWSk (Meteorologia Zerbitzu Nazionala). Gehienetan, noski, ez da horrelako tragediarik izango. baina uholdeak dituzunean, gerta liteke langile nahikorik ez izatea analisi hori egiteko, iragarpenak egokien egiteko, eta horrek tragedia ekar dezake. Ez dut horrela izan zela esan nahi. Baina uste dut ikertu egin behar dela».
Leon aita santuak, ardura hori daukan lehen estatubatuarrak, doluminak bidali zizkien atzo «maite dituztenak galdu dituztenei, batez ere alabak udalekuan zituztenei».
Donald Trumpek ere atzo aipatu zuen lehen aldiz gertatutakoa. «Familia hauek tragedia imajinaezina jasaten ari dira», idatzi zuen bere sare sozialean, eta bere administrazioa Texaskoarekin estu lanean ari dela gaineratu zuen. AEBko presidenteak «hondamendi larriko» egoera sinatu zuen, eta larrialdietarako FEMA agentzia aktibatu zuen erreskate lanetan laguntzeko.
FEMA Trumpek itxi nahi duen agentzietako bat da. Sareetan asko partekatu da “Texas Tribune” egunkariak duela aste gutxi Gobernuak eskualdean egingo zituen mozketen inguruan emandako berria. Asteon onartu den Big Beautiful Bill-ek (lege eder eta handia), are murrizketa handiagoak dakartza larrialdi eta meteorologia zerbitzuetara.
Hala ere, NWSren Texasko bulegoak egindako lana defendatu du. Ostegunean arratsaldeko ordu batean uholde-alerta bat bidali zuen eskualdeko telefono mugikorretara. Euriteetan oso ohiko mezuak dira, eta bizilagunei eguraldiarekin adi ibiltzeko eskatzen die. Ostiral goizaldean NWSk uholde-alerta sorta bat eman zuen, eta uholde-larrialdiarena segidan; hau askoz alerta ezohikoagoa da eta arriskua gertu dagoela adierazten du.
«Badakigu euria egiten duela eta ibaiak hazten direla», esan zuen konderriko hautetsi nagusi Rob Kellyk. «Baina inork ez zuen halakorik espero». Askoren galdera da telefonoko oharrez gain beste zerbait egiterik izan ote zen. Konderriko beste arduradun batek APri esandakoaren arabera, duela sei-zazpi urte uholde-alarma bat sortzea aztertu zuten, beste leku batzuetan tornadoetarako daukatena bezalakoa, «baina kostua ikusita jendeak zalantza egin zuen».
Testuinguru honetan, asteburu osoan herritar askok izandako galdera egin zion kazetari batek atzo Rice Dalton Kerrville hiriko arduradunari: «Texasko larrialdi-zerbitzuak ohartarazpenak egin arren uztailaren 2an eta 3an honelako zerbait gertatzeko arriskuaz, mehatxua hor zegoela, zergatik ez zen informazioa kanpalekuetara iritsi, zergatik ez ziren ebakuatu?». Daltonek galderari itzuri egin zion: «Galdera bikaina da, baina fokua desagertuta dauden haurretan jarri behar dugu, familiekin elkartzeko. Ez gara geldituko lortu arte, eskerrik asko». Hala amaitu zuen agerraldia, kazetariek oihuka galdera errepikatu arren. «Familiek hori baino zerbait gehiago merezi dute», esan zion berriemaileetako batek.