Etxeen %100ean jaten da gazta, baina %91k ez du bertakoa aukeratzen
Herritarren %82 prest dago gehiago ordaintzeko, baldin eta gaztaren ekoizpena nola egiten den ezagutzen badu. Hala dio Know N Cheese ikerketak. Euskal Esnekigileen Elkarteak elikadura ohiturek aukera bat suposatzen dutela nabarmendu du.
Know N Cheese ikerketaren arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako etxeen %100ek gazta kontsumitzen du, %96k jogurta eta %93k esnea. Eguneroko dietaren parte dira esnekiak. Baina horrek ez du esan nahi jakin badakigunik zer jaten dugun. Are gutxiago, nork egiten duen. Ikerketa berek dioenez, kontsumitzaileen %80k ez du inguruko artisau ekoizlerik ezagutzen. Alegia, ohikoena da ez jakitea nork egiten duen gehien kontsumitzen dugun elikagaietako bat.
Euskal Esnekigileen Elkarteak ohar batean dioenez, gazta horietako asko gure etxeetatik kilometro gutxira ekoizten dira: «Behi, ardi edo ahuntz esnearekin lan egiten duten herri eta baserrietan, tokiko lehengaiak ehunetik gora esneki mota desberdinetan bihurtzen dira. Hala ere, ikusgaitasun gabezia handia da».
Artisau gazta kontsumitzen duela dioen herritarren portzentaia %57ra jaisten da. %91k supermerkatuetan eta hipermerkatuetan egiten ditu erosketak. Bertan, bertako ekoizleen produktuak, sarritan, ez dira ageri. Merkeagoak, ikusgarriagoak eta industrializatuagoak gailentzen dira.
«Gazta baten atzean, normalean ikusten ez ditugun erabakiak eta prozesuak daude. Abereen elikaduratik eta jeztetik, tratamendu termikoraino, heltzeraino edo ontziratzeraino. Tokiko elaboratzaileen kasuan, hori guztia ustiategi txikietan egiten da, xehetasun bakoitza zaintzea ahalbidetzen duen kontrol mailarekin. Bolumena mugatua da, hain zuzen ere, zorroztasun horri eutsi ahal izateko», dio elkarteak.
Euskal Esnekigileen Elkartea esnekiak ekoitzi eta eraldatzen dituzten hogeita hamar bat ekoizle biltzen dituen erakundea da. Nabarmendu duenez, ez dira marka industrialak, lurraldean sustraitutako proiektuak baizik. Eskala txikian lan egiten dute, inguruko esnea erabiliz, eta ehunetik gora produktu desberdin ekoizten dituzte.
Zer jaten dugun jakiteak, zer aukeratzen dugun eragiten du
Herritarren %82k adierazi du prest legokeela gehiago ordaintzeko gazta batengatik, baldin eta haren ekoizpen prozesua ezagutzen badu. «Kontua ez da prezioa bakarrik, baizik eta ulertzea zer erosten dugun, nola egin den eta nor dagoen atzean», azaldu du elkarteak.
«Eta hor hasten da kontzientzia. Gure elikadura ohiturek aukera bat suposatzen dute. Eta aukera horrek eragin zuzena du: ekonomikoa, soziala, kulturala. Kanpoko produktu industrialek, askotan, prezio baxuagoa eskaintzen dute, baina horrek ez du esan nahi merkeago irteten zaigunik. Tokikoa baztertzen dugu, lanbide bat ahultzen dugu eta gure ekonomia propioan itzalik ez duen bide bat elikatzen dugu», gaineratu du.