EAEko 10 langile edo gehiagoko enpresen %17,4k Adimen Artifizialeko sistemak erabiltzen ditu
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 10 langile edo gehiagoko establezimenduen %46k erabiltzen dituzte ofimatikako programak eta fitxategien biltegiratzea ordainpeko hodeiko zerbitzuen bidez, eta %17, 4k Adimen Artifizialeko sistemak erabiltzen ditu, Eustatek jakitera eman duenez.
Eustatek zabaldu dituen datuen arabera, 2025ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 10 langile edo gehiago dituzten enpresen %17,4k erabiltzen dituzte Adimen Artifizialeko sistemak. Tamaina horretako enpresetan Adimen Artifizialeko sistemak darabiltzate, batez ere, lan fluxu desberdinak automatizatzean edo erabakiak hartzen laguntzean (%13,9), lengoaia idatziaren azterketan (%10,1) eta datuak aztertzeko ikaskuntza automatikoan (%9,7).
Erabileraren xedea aztertuz gero, honako helburu hauek nabarmendu ditu Eustatek: Ekoizpen edo zerbitzu prozesuetarako (%12,6), informazioaren eta komunikazioaren teknologien segurtasunerako (%9,1), ikerkuntza eta garapen jardueretarako edo berrikuntza jardueretarako (%8,2) eta prozesuak antolatzeko edo enpresen administrazioa kudeatzeko (%8,2).
4.0 industria deiturikoari dagokionez, eta 10 langile edo gehiagoko enpresekin jarraituz, aztertutako bederatzietatik erabilera nabarmenena, %77,9rekin, ‘Enpresa helburuetarako komunikabide sozialak’ da, azken zazpi urteetan ehuneko 11,9 puntu hazi delarik.
Ondoren, ordainpeko ‘Hodeiko zerbitzu informatikoak (Cloud Computing)’ daude, establezimenduen %57,9k ordaintzen baitute. Horri esker, enpresa baten informaziorako edo zerbitzuetarako sarbidea ahalbidetzen da, edozein lekutan kokatutako edozein gailu mugikor edo finkotatik Interneterako konexio baten bidez. 2019an, datua %36,3koa zen.
Hirugarren lekuan, %54,1ekin, ‘Zibersegurtasun jarduerak’ daude; aurtengo ehunekoa zazpi urte lehenagokoa baino 11,3 puntu handiagoa da. Ondoren, ‘Gauzen Internet (IoT)’ erabiltzen duten establezimenduak %30,3 dira, 2019an baino %17,3 gehiago.
Gainera, %10 eta %30 arteko ehunekoekin daude ‘Bezeroentzako aplikazio mugikorrak’ eta ‘Big Data azterketa’, biak %28,0rekin, ‘Adimen Artifiziala’ % 17,4rekin, ‘Robotika’ %11,8rekin eta ‘3D inprimagailuak’ %9,7rekin.
Establezimendu guztiak kontuan hartuta, hamar langiletik beherakoak barne, ehuneko horiek nabarmen txikiagoak dira, batez ere, ‘Enpresa helburuetarako komunikabide sozialak’ eta ordainpeko ‘Hodeiko zerbitzu informatikoak’ erabiltzeari dagokionez, %53,8 eta %32,4 baitira, hurrenez hurren. Bestalde, ‘Zibersegurtasun jarduerak’ ere %24,8ra murrizten dira. Halaber, sare sozialak (%8,0) dira EAEko establezimenduetan komunikabide-sozialik ohikoena, Eustatek jakitera eman duenez.