Mingain urdineko foku bat atzeman dute Arrasateko abere ustiategi batean
Gipuzkoako Aldundiak mingain urdinaren gaixotasunaren foku aktibo bat atzeman du Arrasateko abere ustiategi batean, gaixotasun honek izan dezakeen behi bat aurkitu baitute bertan. Aberea isolatuta dago eta artatzen hasi dira.
Gipuzkoako Aldundiko iturriek aditzera eman dutenez, Arrasateko abere-ustiategi batean mingain urdinaren gaixotasuna duen behi baten lagin bat bidali dute laborategira, serotipoa egiteko. Bitartean, kaltetutako aberea tratatzen hasi dira eta besteengandik isolatu dute, prebentzio neurri gisa.
Foku hau Araban, Bizkaian, Burgosen eta Nafarroan jada aurkitutakoei gehitu zaie, non 8 serotipoaren gaixotasuna atzeman baitute bertan.
Mihi urdina gaixotasun birikoa da, eta batez ere kulikoide generoko eltxoen ziztadaz kutsatutako ardi, behi eta ahuntzei eragiten die. Patologia honen sintomak ez dira gizakietara transmititzen, ez animaliekin kontaktuan egoteagatik, ezta haragia kontsumitzeagatik ere. Sukarra, odoljarioak eta ultzerak sortzen ditu ehun bukonasalean, eta baita ere gehiegizko listu jarioa, beherako latzak, gorakoak, pneumonia eta ahulezia.
Gipuzkoari dagokionez, 8. eta 4. serotipoen aurrean immunitate maila handia dago, 2024an gaixotasun horren zenbait foku deklaratu ostean, nahitaezko txertaketa protokoloa aplikatu baitzen. Zehazki, 4. eta 8. serotipoen aurkako txertoa jarri zieten 1.417 ustiategitako 33.123 behiri eta 2.226 abeletxetako 101.163 ardi bururi.
Gaur egun, abuztuaren 15era arte martxan du Diputazioak 3 serotipoaren aurkako borondatezko eta doako txertaketa kanpaina. Serotipoa penintsulako beste lurralde batzuetan antzeman da, eta Gipuzkoan prebentzio gisa aplikatzen da txertoa.