Zabaleta-Erasun, txiki geratu den Labriteko zalapartaren erdian San Fermineko txapeldun
Goiuri Zabaletaren eta Itsaso Erasunen tenple handiagoak historiako emakumezkoen San Fermin Torneorik luzeeneko txapelak eskuratzeko balio izan die, Salsamendi-Mendizabali 22-19 irabazita 453 pilotakadako partidan.
Emakume Master Cup Zirkuituaren eskutik, emakumeen esku pilotak ez-ohikoa arrunt bilakatzen jarraitzen du eta eta, Nafarroako Irekiko finalean betekada historiko bat bizi eta hilabete eskasera, Iruñeko Labrit pilotalekua berriz ere txiki geratu da larunbat honetan –300 lagun inguru sartu ezinik geratu dira–, sanferminetako final ikusgarriarekin gozatzeko.
Jai-giro eder batean, olatua ere egin dute pilotazaleek harmailetan, Goiuri Zabaletaren eta Itsaso Erasunen tenple handiagoak historiako emakumezkoen San Fermin Torneorik luzeeneko txapelak eskuratzeko balio izan die, Salsamendi-Mendizabali 22-19 irabazita 453 pilotakadako partidan. Zaleek, zutik, lau pilotarien ahalegina eskertu dute, final gogor eta zirraragarri batean hustu egin direlako lau protagonistak.
Esan daiteke finalak keinu moduko bat egin nahi izan diola txapelketaren ediziorik luzeenari, txapelak inoiz baino garestiago egon baitira, eta txapeldunek lana gogotik egin behar izan baitute garaipena eskuratzeko. Goiuri Zabaletak, txapelketako pilotaririk onena izendatua, eta Itsaso Erasunek, bikotea osatu zuten aurreko final guztiak irabaziak zituztela heldu dira gaurko finalera eta estatistikari eustea lortu dute, baina gauzak oso maldan gora izan dituzte Laia Salsamendi oso ausart bat eta Nora Mendizabal sendo bat 14-18 aurreratu eta finalak kolore urdina hartu duenean. Baina ezer ez zegoen idatzita, eta finalak ordura arteko gidoiari jarraitu dio, etengabeko gorabeherak izan batira markagailuan.
Zabaleta eta Erasun hobeto hasi dira –4-0 eta 5-1 aurreratu dira–, batez ere arerioek egindako opariak aprobetxatuta. Salsamendi presaka antzean hasi da eta zenbait akats egin ditu lesio larrietatik osatu eta jokatutako bigarren final handian. Hala ere, Izabako pilotariak erremateetan gehiago asmatu ahala, partida nabarmen aldatu da. Uharteko klubean hazitako pilotaria sakearekin ere min egiten hasi zaio pilotalekuan bere lekua topatzea kosta zaion Erasuni eta urdinak lehen abantailak batzen hasi dira 8 tanto jarraian eginda.

Une horretatik aurrera, zaleek bi aurrelarien erremateekin izugarri gozatu dute. Salsamendi ausartago aritu da airea bilatzeko orduan –bereak izan dira tantorik txalotuenak–, baina akats gehiago ere egin ditu. Goiuri Zabaletak, bere aldetik, nahiago izan du final praktikoagoa egin eta zuhurrago aritu da.
Batez ere finalaren azken zatian, Leitzakoak eta Itsaso Erasunek aurkariek baino erabaki hobeak hartu dituzte, nahiz eta emaitza kontrakoa izan. Aurkariak pilotakada bat gehiago ematera behartzea erabaki dute, askoz sendoago aritu dira eta Labriteko ikusle ugari eta emanak asebete dituen partida irauli dute.