INFO

204 gatazka aktibatu eta 75etan greba baliatu du LAB sindikatuak ikasturte honetan

LAB sindikatuak 2024-2025 ikasturtean egindako lanaren balantzea aurkeztu du. Guztira 204 gatazka aktibatu ditu eta horietatik 75etan greba izan da mobilizazio tresna. Nabarmendu duenez, datuek «argi uzten dute langile borrokak bizirik eta indartsu jarraitzen duela Euskal Herrian».

Ikasturtean egindako lanaren balantzea aurkeztu du LABek. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

2024-2025 ikasturtean 204 borroka aktibatu ditu LABek eta horietatik 75 gatazkatan greba baliatu da. Hala jakinarazi du sindikatuak astelehen honetan ikasturtean egindako lanaren balatzearen aurkezpenean.

Horrekin batera, gatazken %61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz, eta %31k patronalaren edo administrazioaren aldetik etorritako eskubide murrizketei aurre egitea.

LABek zehaztu duenez, sektore publikoan izan dira borroka indartsuenak, bi arrazoi nagusi direla eta. Batetik, langileek lan eskubideak zerbitzu publikoen kalitatearen borrokarekin uztartu izana, eta, bestetik, administrazio publikoak negoziatzeko jarrera «itxia» izanik, gatazkak denboran luzatu egin direla.

Gainera, eremu horretako borroken %74k zerbitzu publikoen defentsa eta negoziazio kolektiboa izan dute ardatz eta %43 sektore feminizatuetan gauzatutako borrokak izan dira.

Industrian, borroken %55 patronalaren erasoen aurkakoak izan dira –batez ere kaleratze eta itxierak– eta %40 hitzarmenaren negoziazio edo lan baldintzen hobekuntzarekin lotutakoak. Zerbitzu pribatuan, aldiz, negoziazio kolektiboak (%62) izan du protagonismo nagusia.

Lurraldeka, gatazka gehien Bizkaian aktibatu diren arren, proportzioan Araban egon da langileriaren mobilizazio handiena.

Soldata propioaren aldeko dinamika

Ikasturtean egindakoaren artean gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika nabarmentzen du sindikatuak. «Soldata arrakalak murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoago baterako tresna estrategikoa», LABen arabera.

Gainerako sindikatuekin batera, bi bide jorratzen ditu: lanbidearteko akordioa egungo eskumenen baitan eta herri ekimen legegilearen bidez eskumen berriak eskuratzea.