INFO

Esku hartze publikorik eza, euskal politika ekonomikoa garatzeko oztopo nagusia

Kapitalismo globalaren krisi testuinguruan, Hego Euskal Herriko politika ekonomikoaren norabidea eztabaidagai izan zen EHUren udako ikastaro batean. Hiru adituk argudiatu zuten erakundeek ez dutela eraldaketa sakonik bultzatzen eta esku hartze publikoa mugatua dela, arrazoi ideologikoengatik.

Joan den asteleheneko mahai ingurua, Bizkaia Aretoan. (Jon URBE | FOKU)

Kapitalismoa krisi estruktural eta iraunkor batean bizi da, eta horrek Euskal Herrian ere eragina dauka. Gobernu ezberdinen aldetik apustua izan da eredu neoliberalak eta pribatizatzaileak bultzatzea, ekonomia eraldatzeko ekimenak abiarazi ordez. Era berean, Estatu espainolak eta Europako Batasunak inposatutako legediak askotan mugatzen ditu euskal erakundeek aplikatu ditzaketen politika publikoak edo komunitatean oinarritutako alternatibak.

Joan den uztailaren 21ean eta 22an Bilboko Bizkaia Aretoan ‘Ekonomia kritikoa Martxan III: Kapitalismoa, joerak eta krisia’ EHUren uda ikastaroa egin zen. Horren barruan, ‘Krisia: Euskal politika ekonomikoaren norabidea’ mahai inguruan Hego Euskal Herriko gobernuek aurkezten dituzten proposamen ekonomikoak aztertu zituzten zenbait adituk. Eztabaida horretan parte hartu zuten Helena Franco Ekonomia irakasle eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantzetako diputatu ohiak, Roser Espelt ELA sindikatuko Azterketa bulegoko eta Nazioarteko kideak, eta Miren Estensoro Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileak, Endika Alabort ekonomialari eta EHUko Politika Publiko eta Historia Ekonomikoko Saileko irakasleak moderatuta.

Hasteko, Alabortek galdera hau egin zien hiru ekonomialariei: «Zein da euskal politika ekonomikoaren egungo norabidea egiturazko krisi baten aurrean?». Helena Francok azaldu zuen Gobernuan eta erakundeetan dauden alderdiek eta eragile nagusiek ez dutela «bestelako eredurik ikusten, ezta horren alde egiten». Horrez gain, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoreak kritikatu zuen, politika ekonomikoaz ari garenean, «gure erakundeak ez daudela inondik inora eraldaketaren ildoan»; izan ere, iruditzen zaio Lakuako Gobernuak «80ko hamarkadatik hona marko berean» jarraitzen duela: hazkundea, lehiakortasuna, atzerri kapitala erakartzea eta nazioarteko merkatuetan kokatzea».

Roser Espeltek kritikatu zuen erakundeek interes pribatuak orokorrean lehenesten dituztela gizartearen ongizatearen gainetik. Industria politikari dagokionez, adibide gisa aipatu zuen Estatuak ez esku hartzea erabaki politikoa dela. «Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako gobernuaren eta Estatuko espainolaren azken industria planak aztertuz, ikusten dugu lehiakortasunak ardatz izaten jarraitzen duela, eta lehiakortasun hori beti ulertzen dela esportazio gaitasunaren arabera», esan zuen. Halaber, ohartarazi zuen urte luzez industria politikaren inguruko eztabaida publikotik erabat desagertuta egon dela, eta horrek ez duela esan nahi politika horiek existitu ez direnik, baizik eta erabaki esplizitu bat izan dela esku hartze publikoa gutxitzeko.

Estatu espainolaren kasuan, 80ko hamarkadako desindustrializazio prozesua eta horri lotutako inbertsio publikoaren murrizketa ekarri zituzten gisa horretako erabakiek, eta ondorio larriak izan zituen jarduera ekonomikoei eta balio erantsiari dagokienez. Testuinguru berrian, adierazi zuen beharrezkoa dela industria politikaren norabidea berriz eztabaidatzea.

Zer oztopo instituzional eta politikok zailtzen duten euskal industrian politika eraldatzailea aplikatzearen galderari erantzunez, Miren Estensorok uste du euskal erakunde publikoetan eraldaketa prozesuak aurrera eramatea zaila dela, nagusiki egiturazko logika estatal baten mende daudelako. Haren aburuz, oraindik ere funtzionatzen duten administrazioen barruko logikak eta inertziak oztopo dira gobernantza publiko berritzailearen, trantsizio jasangarriaren edo munizipalismo berriaren gisako ikuspegiak txertatzeko orduan.

Estensorok azpimarratu zuen zirrikituak bilatu eta horietan jarduten dutela, ikerketa ekintza metodologiekin eta erakunde publikoekin elkarlanean, baina baita ere beharrezkotzat jo zuen administrazioaren barne mugak eta egiturazko erresistentziak aztertzea eta gainditzea.

Horren harira, Francok nabarmendu zuen euskal erakundeek badutela autonomia maila ekiteko, «ziur aski erabiltzen dutena baino gehiago». Horren atzean, bere ustez, arrazoi politiko eta ideologikoak daude: batetik, sistemaren egonkortasuna eta boterearen jarraipena lehenesten dituzten interes politikoak eta elektoralak, eta, bestetik, kapitalismoarekiko lerrokatze ideologikoa, zeinak jarduera publikoaren interbentzioaren ideia bera susmopean jartzen duen.

Francoren esanetan, ez da soilik arazo tekniko edo egiturazko bat, baizik eta nor dagoen erakundeen buruan, eta zein ikuspegitatik ulertzen duen Euskal Herriaren etorkizuna. Era berean, ohartarazi zuen ez dela egokia erakundeak eta gizarte mugimenduak modu zurrunean sailkatzea: «Ez dugu pentsatu behar erakundeak beti atzerakoiak direla eta mugimendu sozialak, aldiz, beti aurrerakoiak. Erakundeak tresnak dira, eta mugimendu sozialak ere bai; eta horietako bakoitza erabili behar dugu denon interesen arabera».