INFO

Lehorrean eta uretan egiten ditugun akatsak zuzentzeko aholkuak

Surflari guztiok egiten ditugu akatsak, baina batzuk begi-bistakoak dira, eta zuzentzeko errazak izan daitezke. Hona hemen zenbait aholku, ohitura txarrak zuzentzen laguntzeko. Kontuz akats teknikoekin, sarritan aholku orokorrek ez dute balio.

Ez da gerria okertu behar, belaunak baizik, eta, buruak beti ipurdiak baino gorago egon behar du. (H.L.A)

Artikulu honetan ohiko akatsak identifikatzen saiatuko gara, hondartzan ikusten ditugun surflarien tauletan eta ekintzetan erraz ikus daitezkeenak. Akats batzuk begi-bistakoak dira, adibidez, materialari dagokienak, baina akats teknikoak, olatua hartzerakoan edo olatu gainean egiten direnak, ikusteko zailagoak dira. Hala ere, surfean izaten diren ohiko zenbait akats ere aipatuko ditugu.

Aurresuposatuko dugu surflariak dagokion taula eta materiala dituela, zeren surflari bakoitzari dagokion materiala egokitzeak beste artikulu bat eskatuko luke.

Pertsona bakoitzak bere berezitasunak ditu, hortaz, kontuz ibili behar da baieztapen kategorikoekin, sarri, norbaitentzat balio duen aholkuak ez baitu balio beste norbaitentzat. Edonola ere, jarraian aipatuko ditugunak ohiko akats eta jarrera orokorrak dira, identifikatzeko errazak direnak, eta, kasu batzuetan, baita zuzentzeko ere.

Begi-bistako akatsak lehorrean

Kalean oinez doan surflari baten taulan ikus daitezkeen akats nabarmenekin hasiko gara. Lehenik taula ongi hornitu behar da; argizaria egoki eman, txikota zuzen lotu, eta abar. Ohiko akatsak, honakoak dira: txikotaren soka luzeegia izatea, txikota lemen inguruan biltzea, argizaria gaizki ematea, taula zorroa gaizki erabiltzea eta surf taula hormaren edo beste zerbaiten kontra zutik jarrita uztea.

Gaizki lotutako txikota. Gainera, soka luzeegiak taula ebaki dezake. (H.L.A.)

Atzetik aurrera hasiko gara, baina lehenik surflariek lehorrean zuzen dezaketen akats batekin hasiko gara: eguzkitako krema. Ez da nahikoa «erresistentzia handikoa» eta «uretan erabilgarria» dela  dioen krema izatea. Azalean itsatsita geratzen den pasta moduko krema izan behar du. Adibidez, aurpegian ematen bada, nabarmena izan behar du, eta uretatik atera ostean ere arrastoak aurpegian jarraitu behar du, bestela ez da krema on bat, uretan disolbatu egin baita. Honekin lotuta, ez da ahaztu behar belarrietan ere krema ematea, eguzkiak gehien zigortzen duen gorputz ataletako bat da eta.

Ongi lotutako soka. (H.L.A.)

Materialari dagokionez, taulan kolpeak ekiditeko modu hoberena surf taula lurrean uztea da, horrela ez da eroriko, eta itzaletan uzten bada, hobe, eguzkiaz babestuko baitugu.

Argizaria

Ohikoa da ikustea surflari batzuek argizaria soilik taularen atzealdean eta aurrealdean ematen diotela, tartean, argizari gabeko hutsune bat utziz. Surfean oinak etengabe mugitu behar dira taulan, atzera eta aurrera, hortaz argizari gabeko eremuetan oinak labaindu egingo dira. Ez irristatzeko, taula argizariarekin «zikindu» behar da, ez dago beste irtenbiderik.

Ohiko bost akats: Txikotaren soka luzeegia izatea, txikota lemen inguruan biltzea, argizaria gaizki ematea, taula zorroa gaizki erabiltzea eta surf taula hormaren edo beste zerbaiten kontra zutik jarrita uztea

Argizaria leku fresko batean eman behar da, taula eta argizaria hotz eta gogor daudenean. Horrez gain, taula eguzkitan uzten bada, argizaria urtu egiten da, eta bero handiarekin taula bera ere desitxura daiteke.

Aitzitik, argizaria behar den lekuetan ongi eman behar da, baina argizaririk behar ez den lekuak garbi mantentzea ere komeni da, batez ere taularen azpialdean, marruskadurak (gutxi bada ere) taularen abiadura moteldu baitezake. Horretarako, taularen azpialdean pegatinak jartzea ekidingo dugu. Baita ere, taula, zorroan sartu behar dugunean beti alde berdinera sartuko dugu, bestela, zorroan atxikita geratu diren argizari zatiak taularen azpialdean itsatsiko dira.

Zutik uzten den taulak erortzeko arriskua dauka. (H.L.A.)

Argizariaren ordez, taularen atzealdean kortxozko «gripa» jartzen dutenek egin ohi duten ohiko akatsa izaten da gripa gaizki kokatzea. Alegia, gripa taularen tapoiaren ondo-ondoan jarri behar da, ahalik atzeena, ez tapoitik 10 edo 20 zentimetro barrurago.

Tapoiko soka luzeegia izatea ere ohiko akatsa da. Txikota taularekin lotzen duen sokak laburra izan behar du, luzeegia bada sokak taula ebakiko baitu. Hain zuzen ere, txikotaren babesgailua hori ekiditeko diseinatuta dago.

Argizariaren ordez, taularen atzealdean jartzen den kortxozko «gripa» tapoiaren ondo-ondoan jarri behar da, ahalik atzeena, ez tapoitik 10 edo 20 zentimetro barrurago.

Surf saioa amaitu ostean txikota ur gezarekin garbitu behar da. Ez da gomendagarria txikotaren kablea lemen inguruan lotzea, «zauri» txikiak egiten baititu eta denborarekin txikota marra horietako batetik hautsiko da.

Akatsak uretan

Hiru akats nagusi azpimarratuko ditugu. Lehena, taulan gaizki etzatea; bigarrena, zutitzea egiteko, flexioa, gaizki egitea; eta hirugarrena, zutitu ostean, oinarrizko postura ez errespetatzea.
Taulan etzatean ohiko akatsa oso aurrean edo oso atzean etzatea izaten da. Taularen tamainaren, surflariaren gorpuzkeraren eta bere mailaren arabera, bakoitzari leku bat dagokio taula gainean, baina bada eman daitekeen aholku orokor bat: oinek taularen atzealdetik atera behar dute, baina soilik zati txiki bat.

Zutitzean hasiberri askok egiten duten akatsa da, besoekin flexioa egin eta, gorputza altxatzeko indarrik ez dutenez, ukalondoak taularen gainean ezartzea. Modu horretan behartuak daude zutik jarri aitzin belauniko jartzera. Azkar zuzendu beharreko akats larria da, ohitura hartuz gero, zuzentzen oso zaila baita.

Olatu bat hartu eta zutik gaudenean, oinarrizko postura mantendu behar da. Surf aldizkari bat hartu eta aurpegiz tubo bat egiten ari den surflariaren postura, hori da oinarrizko postura.  

Ohiko akatsak bi dira. Bat, belaunak eta gerria okertu gabe, gorputza gehiegi luzatzea. Gainera, akats hau egiten dutenek oinak elkartuegi jartzen dituzte. Beste akatsa, gerriarekin makurtzea da. Belaunak ez ditugu okertzen, baina gerria bai, eta burua ipurdia baino beherago geratzen da. Gorputza taularen inflexio puntutik ateratzen da (begiratu, ezkerreko orrian goiko argazkiari).