‘Xabiroi’, 20 urte komikigintzan, euskaraz, gizatasunez eta kalitatez
Duela 20 urte poliki hasi, eta komikiaren inguruan talde handi eta zabal bat osatzea lortu du Ikastolen Elkartearen ‘Xabiroi’ aldizkariak, kalitatezkoa eta Euskal Herrikoa. Euskal komikigintza loraldatzen lagundu du, oraindik aunitz dagoen arren egiteko. Bi koordinatzaileen balantzea ezin hobea da.
Arantza Munduate eta Dani Fano ‘Xabiroi’-ren koordinatzaileekin elkartu gara Donostiako Ikastolen Etxean, aldizkariaren 20. urteurrenaren karietara. Bertan ezagutu zuten elkar Ikastolen Elkarteko kideak eta irudigileak. ‘Xabiroi familia’ izendatzen dute proiektua, bertako lankide eta kolaboratzaileak lagunak ere badira eta.
2005ean, proiektua jaio zenean, garaiak ez ziren oparoak euskal komikigintzan. Txikienek ‘Ipurbeltz’-ekin gozatzen zuten, baina gaztetxoentzat ez zegoen deus. Ikastolen Elkarteak proiektu bat abiatzea proposatu zion Fanori. Zehazki, ikastolen hizkuntz taldean sortu zen ideia. «Haur eta Lehen Hezkuntzakoentzat bagenituen ipuinak eta jokoak, Argitxorekin lotuta. Bigarren Hezkuntzan, ordea, hutsune bat genuen. Gazte horien artean irakurzaletasuna eta euskararen erabilera sustatzeko komiki bat egitea pentsatu genuen, irakurterraza, beren hizkeran», azaldu du Munduatek.

Argi zuten kalitatezko lan bat eta hemen egina izan behar zuela. «Euskaratik eta euskaraz. Hori zen gure lehentasuna».
‘No future’ lelo punkia berena egin badute ere, urteurrenean egin dutenaz jabetu dira: 76 aldizkari eta 19 bilduma.
Kaleko euskara jaso eta kaleko euskarari proposamenak egin nahi zizkioten. «Horretarako, komikiaren hizkera oso egokia da: sintetikoa da, zuzena, adierazkorra. Euskara kolokiala lantzeko oso bide ona da», agertu du komikigileak.
Egonkortutako proiektua
Gaur egun egonkortutako proiektu bat da. Beren ametsik ederrenetan ere ez zegoen 20 urtez segitzea. ‘No Future’ lelo punkia berena egin badute ere, urteurrenaren harira atzera begiratu eta egin dutenaz jabetu dira: 76 komiki aldizkari eta 19 bilduma.

«Haurtzaroa eta nerabezaroa pasa ditugu, gaztaroan gaude eta helduarora iritsiko gara, zahartzarora ere bai seguru, beti gazte, beti polito. Harpidetza sistema ondo doa, jarraitzaileak ditugu ikastola eta azoketan eta aurrera jarraituko dugu ziur», dio Arantza Munduatek.
Bere oreka zailean egonkortu dela zehaztu du Dani Fanok.
Nabarmendu dutenez, errespetu handiz tratatu behar da irakurle nerabea, gure zaletasunak justu sasoi horretan garatzen baitira.
Egiten dutenean sinesten dute. Maitasun handia jartzen diote. «Egile oso-oso onak ditugu hemen parte hartzen, sorkuntza zintzoa eskaintzen, kontatu nahi dutena kontatzen, eta hori asko da. Komikia inoiz ez da izan mass mediako kontu bat. Egia da hori azken urteetan aldatu dela. Edonor gonbidatua dago harpidetza egitera. Ikastola askotan saltzen da, baina gehiago nahi ditugu», adierazi du komikigileak.
Albumen garrantzia
Beti dago istoriotxo bat luzeagora doana eta lehenengoa ‘Irati’ izan zen. Bukatu zutenean bilduma egitea bururatu zitzaien. Primeran funtzionatu zuen. Lehenengo hiru ale ateratzen zituzten urtean, gero hiru ale eta bilduma, eta orain lau ale eta bilduma. «Asmatu dugu, gero azoketan bildumek dutelako indarra. Jendea bilduma horren zain dago. Liburu-dendetan ere saltzen ditugu. Orain ‘Maurizia’-rena plazaratu dugu», azaldu du Munduatek.
Fanok erantsi du bertze modu batera zabaltzeko aukera ematen dutela albumek. «Aldizkariarekin iristen ez zaren lekuetara iristen zara. Gainera, oso interesgarria da egileentzat. Beste bizitza hori izateak, kontu ekonomikotik aparte, beste ikusgarritasun bat ematen die, eta beste hizkuntzetara itzultzeko aukera».
Irakurle nerabea
Aldizkaria nerabe batentzat egokia izan daiteke baina heldu batek ere gustura irakurriko du. Nabarmendu dutenez, errespetu handiz tratatu behar da irakurle nerabea, gure zaletasunak justu sasoi horretan garatzen baitira. «Gu beti prest ustezko marra gorriak zeharkatzeko hain zuzen ere gure irakurleenganako errespetuz, nahiz eta noizbait kokoteko bat jasoko dugun», aitortu du Fanok.
Irakurle harrobi ederra sortu du ‘Xabiroi’-k. «Jende bat Xabiroi irakurtzen hazi da eta komikira Xabiroiren bidez heldu da. Horretan sinesten dugu eta horretarako egiten dugu, baina gertatzen denean harritzen gaitu».

Durangoko Azokan ere standetik pasatzen direnean «hara, Xabiroi!» diote gazteek ilusioz. Batzuek harpidetuta jarraitzen dute.
Egile bakoitzak bere mundua agertzea da inportanteena. Bere euskara ere bai. Izan dadila askotarikoa. Egileek gustura irakurriko luketen zerbait.
Aldizkarian ez dute lerro editorialik. Denetarik egin dute: umorea, terrorea, abentura, kostunbrismoa... Denentzat bazka egon badaiteke ere, denak ez du denen gustuko izan behar. Sorkuntza ez dute horrela ulertzen.
Bikoteak
‘Xabiroi’-k egin duen ekarpenik handienetako bat berez komikigintzakoak ez diren sortzaileak komikigintzara erakartzea izan da, bereziki idazleak eta gidoilariak. Kolaboratzaileen arteko bikote artistikoak, ‘Xabiroi bikoteak’, Fanok elkartu ditu.
«Susmoak dituzu. Honek kontatzen duen istorio mota hau marrazkilari honi egokitzen zaio. Hortik sortu dira Alex Sanvi-Unai Iturriaga, Susanna Martin-Uxue Alberdi edota Ekaitz Agirre ‘Garluk’-Garbiñe Ubeda bezalako bikoteak».
Garlukek eta Garbiñe Ubedak zenbat kafe hartu dituzten elkarrekin. Erabateko ustea dute gero emaitzan nabaritzen dela.
Proiektu honetan egile bakoitzak bere mundua eta imajinarioa agertzea da inportanteena. Bere euskara ere bai. Izan dadila askotarikoa.

Fanok berak sarri parte hartu izan du ‘Xabiroi’-n egile bezala. Bi album egin ditu osorik, bertze bat marraztu du Koldo Izagirreren gidoiarekin eta Garluken kolorearekin eta bertze batean gidoia egin du Guillermo Gonzalezen marrazkiekin.
Komunitatea
‘Xabiroi’-n propio lantzen dute komunitatea. Elkarrekin azoketara joanez, bazkariak eta egunpasak eginez. «Adibidez, Harkaitz Canorekin lan asko egin du Iñaki Holgadok. Beti istorio bat hasi aurretik hirurok gelditzen ginen marianito bat hartzeko», kontatu du Fanok. «Erabateko ustea daukagu gero emaitzan nabaritzen dela». Garlukek eta Garbiñe Ubedak ere zenbat kafe hartu dituzten elkarrekin. Hala harreman estu bat egin dute.
Baldintza ekonomikoak batzuetan ez dira aipatzen gizatasun horren barnean, baina ‘Xabiroi’-n argi dute bata bertzea gabe ez dela.
Munduatek harro dio ‘Xabiroi’-k gizatasun handia duela. «20 urteak ospatzeko bazkaritxo bat egin genuen. Urteetan ikusi gabeko jendea zegoen, baina aurreko astean egon bagina bezala sentitu ginen. Hau da Xabiroi familia!».
Baldintza ekonomikoak
Baldintza ekonomikoak batzuetan ez dira aipatzen gizatasun horren barnean, baina ‘Xabiroi’-n argi dute bata bertzea gabe ez dela. «Lan profesionala da eta egiten den lan hori ordainduta dago. Ezinbesteko baldintza izan zen hori proiektua aurkeztu genuenean, eta Ikastolen Elkarteak onartu egin zuen. Hemen betetzen diren lan baldintza ekonomikoak oso leku gutxitan ematen dira. Horrek lagundu egiten du, zaintzaren zati bat da. ‘Zurekin gaude’ adierazteko modua da, ‘kontuan hartzen zaitugu’. Badaukagu ohitura urtero KPIren arabera etxeko langileei egiten zaien igoera bera kolaboratzaileen tarifei aplikatzeko», nabarmendu du Fanok.
Fano: «Euskalgintzara dedikatzen diren argitaletxeen artean, Txalaparta kenduta, oraindik inork ez du hartu serio komikigintza lerro bat edo komikigintza urtero».
20 urtean garai hobeak eta txarragoak pasa dituzte. «Denbora asko eman dugu proiektua babesten. 2008ko krisia pasatu genuen, baita pandemia ere. Baina lanak heltzen zaizkigun bakoitzean min guztiak pasatzen zaigu. Fisikoa da».
Altxor txikiak
Zenbaki berezia egin behar izan zutenekoa dute mugarritzat. Seigarren zenbakian izan zen. «Hasieran aldizkariaren edukiaren ehuneko handiena sailak ziren. Une batean istorio laburrekin zenbaki berezi bat osatzea pentsatu genuen, esperimentuak egiten hasi ginen eta konturatu ginen hori zer altxor zen. Komikigintzan desagertzen ari ziren horrelako aukerak. Gero hortik atera dira sekulako esperimentuak, bikoteak egiteko, ‘Haur Besoetakoa’ adibidez, Iturriaga eta Sanvirena. Sail bihurtu genuen gero. Zenbaki berezi horren bitartez konturatu ginen hori mantendu behar zela. Orduan, sail guztiek ez dute zenbaki guztietan parte hartzen, altxor txiki horiei lekua egiteko, egile eta bikote berriekin esperimentatzeko. Martin eta Alberdi ere istorio labur horietako batean elkartu genituen. Ze ondo moldatu diren!», adierazi du Fanok.
Loratzen, baina...
Euskal komikigintzaren egoeraz Munduatek erran du loraldatzen ari dela; Fanok, irakurle gisa baietz, baina oraindik aunitz falta dela. «Xabiroiren ekarpena esanguratsua izan da. 2005ean ‘Ipurbeltz’ kenduta basamortua zen. Orain ohikoan argitaratzen dira komikiak. Baina euskalgintzara dedikatzen diren argitaletxeen artean, salbuespen bat kenduta, Txalaparta, oraindik inork ez du hartu serio komikigintza lerro bat edo komikigintza urtero. Ez da barruan egonkortua dagoen zerbait, norbait horretara jarrita. Hori ikusten dudanean esango dut hobeto gaudela», azaldu du komikigileak.

Baloratu duenez, Harrietek sekulako lana egin du urte hauetan eta Aztiberrik itzulpen interesgarriak ekarri ditu. Baina faltan ematen du euskalgintzatik eta euskal egileekin lanean ari diren argitaletxe gehiago gehitzea.
Komikigintza garestia da, baina orain Lakuako Gobernuak laguntzak ematen ditu egileentzat. «Hutsunea hor zegoen, marrazkilarien lana nola ordaindu. Orain badago oinarri hori halako abentura handi batean sartzeko. Oso hartzaile ikusten ditut argitaletxeak, eta ekimena behar da. Asko proiektu puntualak dira. Zenbakiak begiratzen ditugu, baina ez komiki horiek zein baldintzatan egin diren eta lanek zer kalitate duten. Kalitateari lotuta dago irismena», azpimarratu du.