INFO

Orio aurkaririk gabe geratzen ari da Eusko Label Ligan

Gipuzkoarrek nagusitasunez irabazi dute Hondarribiko Bandera, eta sailkapen nagusian dituen aldeak inoiz ikusi gabekoak dira. Liderrak zazpi garaipen pilatu ditu bederatzi jardunalditan eta 20 puntu ateratzen dizkio bigarren sailkatuari. Bikain Urdaibai (bigarren) eta San Juan (laugarren) ere.

Orio bikain moldatu da gaur ere kanpokaldeko ur mugituetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Orio aurkaririk gabe geratzen ari da Eusko Label Ligan. Mirotzek nagusitasun osoz irabazi dute Hondarribiko XXXVIII. Bandera, eta sailkapen nagusian dituen aldeak inoiz ikusi gabekoak dira. Lider sendoak –zazpi garaipen bederatzi jardunalditan– 105 puntu ditu eta 20 ateratzen dizkio 85rekin bigarren dagoen Zierbenari.

Oriotarrek hasi eta amaitu agindu dute Hondarribiako ohorezko txandan. Gustoko hirugarren kaletik, hasieratik hartu du aurrea Oriok eta lehen ziabogarako alboan arraun egin duen Zierbena 6 segundora zegoen.

Hortik aurrera, erlojuaren aurka egin du lan Oriok. Izan ere, aurreko txandan Urdaibaik markatutako erreferentzia gertuago zuen txandakideena baino. Zierbenak behera egin du azken bi luzeetan, eta Donostiarrak eta Hondarribiak nahikoa izan dute ez erortzearekin.

Horrela, garaipena Oriorentzat izan da 21:20.78ko denborarekin, eta bigarren postua bermeotarrentzat izan da 14 segundora. Donostiarrak merituzko hirugarren postua sinatu du eta baita laugarren amaitu duen San Juanek ere. Arrosek ohorezko txandan egingo dute arraun bihar Lekeition.

San Juanen azken luze ikusgarria

Bigarren txandan Urdaibai jaun eta jabe izan da. Lehen paladatik hartu du estropada burua eta ez du inoiz galdu. Tarteak, gainera, handiak izan dira, hirugarren ziabogan 20 segundo Getariari eta 21 San Juani. Hori bai, azken luzean San Juanek sekulako itzulera egin du poparean, ia zero kalean sartuz, eta bermeotarrengandik 16ra sartu da, Getariari luze bakarrean 13 segundo sartuz.

Beheko postuetako borrokan, Kaikuk beste hiru puntutxo sartu dizkio gero eta etorkizun ilunagoa duen Cabori. Sestaoarrak oso indartsu irten dira lehen txandan, eta denbora onenak markatu dituzte lehen hiru ziabogetan, baina bigarren luzean ikusi da Isuntzak sekulako lana egin duela poparean. Eta halaxe gertatu da azken txanda erabakigarrian: lekeitiarrek estropada burua hartu dute eta txanda bereganatu dute, Kaikuri 7 segundo sartuz. Ondarroa eta Cabo –galiziarrek arraun txikia apurtu dute lehen ziabogan– oso urrun geratu dira. Kaikuren zorionerako, Ares ere atzetik utzi du.

 

HONDARRIBIKO XXXVIII. BANDERA
    1.    Orio                 20:19.22
    2.    Urdaibai           20:50.944
    3.    Donostiarra      20:47.62
    4.    San Juan          20:49.83
    5.    Zierbena          20:50.94
    6.    Hondarribia      20:56.24
    7.    Getaria            21:02.13
    8.    Lekittarra         21:16.76
    9.    Kaiku               21:23.82
    10.    Ares               21:25.79
    11.    Ondarroa        21:43.02
    12.    Cabo              21:57.68

NAGUSIA
    1.    Orio                 105 puntu
    2.    Zierbena          85 p.
    3.    Donostiarra      85 p.
    4.    Hondarribia      77 p.
    5.    Urdaibai          76 p.
    6.    Getaria            60 p.
    7.    San Juan          51 p.
    8.    Lekittarra         44 p.
    9.    Ares                 43 p.
    10.   Ondarroa         36 p.
    11.    Kaiku             23 p.
    12.    Cabo              17 p.