Trumpek aginduta, hauteskunde mapa aldatu du Texasek errepublikanoen alde
«Gerrymandering» ariketa baten bidez, Texasko errepublikanoek demokratei bost aulki kentzea espero dute 2026ko bozetan. Trumpek agindutako ekimena zen, eta atxilotze aginduak ere izan dira kongresukide demokraten aurka. Kaliforniak ere mapak aldatu nahi ditu, Texasen galdutakoa orekatzeko.
Bi aste iraun duen gatazkaren lehen zatia bart bukatu da, Texasek hauteskunde mapak aldatuta eta Donald Trumpek Etxe Zurian lege berria onartuta. Washingtonen dauden Texasko 38 kongresukideetatik 25 errepublikanoak dira, eta 13 demokratak. Barrutien banaketa berriarekin, bost aulki errepublikano gehiago ziurtatzen dituzte Trumpen aldekoek. Hau da, hauteskundeetan %58 eta 40 lortu arren hurrenez hurren, 30 kongresista errepublikano eta zortzi demokrata lirateke. Demokratek salatu dute mapa berriak berariaz zatitzen dituela komunitate beltz edo hispanoak nagusi diren eskualdeak, haien botoa gehiengo zurian urtu dadin.
Guztira, 222-212 da Kongresuko behe ganberako egungo banaketa; 2026an, AEB osoan sei aulki eskuratuta, demokratek gehiengoa berreskuratuko lukete. Oso ohikoa da boterean dagoen alderdiak behera egitea midterm-etan.
Gehiengoari eusteko, gerrymandering edo hauteskunde ingeniaritza egiteko eskatu zien Trumpek Texasko errepublikanoei. AEBko sistemaren trikimailuetako bat da hori: gehiengoa duen alderdiak hauteskunde barrutien mugak aldatzen ditu, aurkako botoemaileak dauden eskualdeak interesen arabera zatituz edo elkartuz, aurkaria gutxiengo handiagoan uzteko. Hala, estatu horretako herritarren borondatea desitxuratuz, hauteskundeek adierazitakoa baino tarte handiagoa lortzen du irabazleak.
Errolda 10 urtetik behin egiten denez, berriak egiten diren unea izan ohi da arantzatsuena, mapak derrigor berritu behar direlako. Texasen ez da errolda berririk izan, baina Kongresuko behe ganberan gehiengo errepublikanoa zeinen txikia den jakitun, eta 2026ko midterm edo legealdi-erdiko bozetan demokratak gailendu daitezkeela, errepublikanoen kontrolpeko estatu handienean Trumpek abiarazi du trikimailua.
ESKOLAKUMEAK BEZALA
Texasko demokratek bi astez lortu dute bozketa atzeratzea, estatuko Kongresutik erretiratuta, quorumik egon ez zedin. Legebiltzarreko buruak orduan kongresukide demokratak atxilotu eta Kongresura ekartzeko agindu zuen, baina estatutik irtetea lortu zuten, bidenabar gainerako estatuetan ohartarazteko gertatzen ari zenaz. Azkenean, asteon itzuli dira, eta speaker-ak dokumentu bat sinarazi die demokratei. Eskolako baimen baten antzera, bozketara etorriko zirela zioen dokumentuak, eta Polizia segika izatea eta sinatutakoa betearazteko baimena ematen zuen. Nicole Collier ordezkariak uko egin zion dokumentua sinatzeari, eta Legebiltzarrean bertan eman behar izan zuen gaua, handik irteten bazen atxilotzeko agindua baitzeukan. Adituek diote sekula ez dela halakorik ikusi.
Legea onartuta, Texasek mapa berria dauka dagoeneko. Neurriak gainerako estatuetara ere ekarri du mugimendua: AEBko beste bi estatu handienek, Kalifornia eta New York demokratek, haiek ere mapa berriak egingo dituztela ohartarazi dute, Texasen kenduko dietena berreskuratzeko.
DEMOKRATEK, ZAILAGO
Neurria konplikatuagoa da estatu demokratetan, historikoki gerrymandering-aren aurka egon baitira, eta alderdietatik kanpoko batzordeek egiten dituzte mapak.
Horregatik, Kaliforniak mapa berriak egiteko ez da aski bertako Kongresuak onartzea. Gavin Newsom gobernadoreak galdeketa deitu du azarorako, herritarrek zuzenean bozka dezaten mapa berriari buruz. Lehen inkesten arabera, demokratek erreferenduma irabazteko aukera daukate.