Irailaren 10era begira sindikatuak jarrerak aztertzen ari dira Ipar Euskal Herrian
Solidairesen ostean, LAB sindikatuak irailaren 10eko mobilizazioan parte hartuko duela konfirmatu du. Bloquons tout mugimenduaren batzar nagusia egingo dute abuztuaren 30ean, larunbatean, Baionan.
Batzuetan, aldarrikapenak berdinak dira, baina metodoa da aldatzen dena. Azken aldiko mobilizazio sindikal handiek ez bezala, hala nola, pentsioen erreformaren aurkakoak, gizarte zibilak irailaren 10ean «dena blokeatzeko» egindako deiak, Euskal Herrian zein Parisen, sindikatuak astindu ditu.
LAB sindikatu abertzaleak deituta, Solidaires, Snuipp-FSU, FSU, Unsa eta CGT erakundeak Baionan bildu ziren lehen aldiz abuztuaren 26an. Estatu mailan, sindikatuak abuztuaren 29an, bildu dira. Horrek ez du eragotzi sindikatuak haien jarrerak definitzen hastea, ezta mobilizazioekin bat egiteko deia egitea ere. LABek eta Solidairesek bat eign dute deialdiarekin.
Solidaires 64ren ostean, abuztuaren 27an, LABek parte hartzeko asmoa agertu zuen: «Dena blokeatu dezagun aberastasunaren bidezko banaketagatik, soldata eta pentsio igoerengatik, denontzat irisgarriak izangod iren zerbitzu publiko sendoengatik!», azaldu zuen prentsa ohar batean.
MEDIABASKek galdetuta, Sandra Pereira-Ostanel CGT 64ko idazkari nagusiak honako a adierazi zuen: «Parte hartuko dugu, hori seguru», nahiz eta sindikatuaren tokiko atalak Parisek ofizialki jakinarazi arte zain dagoen. Hain zuzen ere, abuztuaren 27an, asteazkenarekin, CGTk «greba ahal den neurrian zabaltzeko» deia egin zuen prentsa ohar batean, eta irailaren 10a «lehen urrats arrakastatsua» izatea espero du.
Batasun sindikalari buruzko eztabaida
FSUren aldetik, Clément Pottier ordezkari sindikalarekin ere harremanetan jarri da MEDIABASK eta azaldu zuenez, bere erakundeak «hausnartzen jarraitzen du, bat egiteko asmoa nagusitzen ari bada ere». Sindikatuak, batez ere hezkuntza-sektorean aktiboa denak, jarraibide argiak eman nahi dizkie bere afiliatuei irailaren 1ean ikasturtea hasi baino lehen.
«Deialdiaren jatorriari buruzko eztabaida [Egilearen oharra: irailaren 10ean mobilizatzeko deialdiak talde nazionalistetatik eta eskuin muturrekoetatik sortu ziren] desagertzen ari da», adierazi du Clément Pottierrek, «geratzen ari dena batasun sindikalari buruzko betiko eztabaida da». Hau da, hobe al da beste data batean elkarrekin agertzea, nahiz eta horrek hainbeste ez izatea ekarri, edo zatiketa irudia ematea?
Estatu mailan, Force Ouvrière eta CFDTk ere argi utzi zituzten beren jarrerak abuztuaren 29ko bileraren aurretik, eta nahiago izan zuten irailaren 10eko hitzordutik aldentzea. Mercedes Graciet, CFDTren Euskal Herriko idazkari nagusia, bat dator Marylise Léon, CFDTko Pariseko buruarekin: «Ez dugu CFDTk egiten duenaz haratago doan mobilizazio batean parte hartzera deituko, blokeoa edo desobedientzia ekintza batekin. Bestalde, erabat ulertzen dugu herritarren eta gure afiliatuen haserrea gobernu honen politiken aurrean», azaldu du.
Biltzar Nagusia abuztuaren 30ean Baionan
Sindikatuekin edo sindikaturik gabe, Frantziako Estatu osoan, herritar taldeak sortzen eta prestatzen ari dira hilaren hamargarrenerako. ‘Bloquons tout’ taldeak batzar orokorra deitu du abuztuaren 30erako, larunbaterako, 14.00etan bilduko dira Baionako Grand-Basque biribilgunean.