INFO

Oriok aurre hartu dio Zierbenari Bueuko buruz buruko haizetsuan

Oriok bereganatu du Concello de Bueu bandera, haizeak baldintzatutako estropada gogorrean azkarrena izan ostean. Zierbenarekin buruz buruko lehia ederra izan dute oriotarrek, eta atzetik aurrera eginez garaipena eskuratu dute.

Orioko ontzia, bandera hartuta garaile. (Aitor ARRIZABALAGA | ACT)

Hamazazpi jardunalditan hamahiru garaipen. Horra hor Orio sinatzen ari den denboraldi ikusgarria. Gaurkoan, Bueuko uretan, Zierbenarekin buruz buruko lehia ederra sinatu du, eta azken luzean tartetxoa ireki du garaipena lortzeko. Kontxa horren hurbil izanda, badirudi horiek direla aurtengo faborito nagusiak gizonezkoen lehian.

Haizea izaten da arraunlarientzat kezka nagusia Galizako estropadetan, eta gaur egun haizetsu horietako bat egokitu da Concello de Bueu bandera jokatzeko, Pontevedrako itsasadarrean. Ontziek baldintza goggorrei egin behar izan diete aurre, baina sailkapenean ez da ezusteko handirik izan.

Lehen txandan, azkenaldian askotan errepikatu den legez, Ondarroa izan da traineru azkarrena. Hasieratik hartu du estropadaren burua eta apurka-apurka tarteak handitzen joan da txandako aurkariekiko. Bizkaitarren denbora 20:48.18koa izan da, eguraldia ikusita kontuan hartzekoa zirudiena, eta atzetik sartu dira Ares, Kaiku eta Cabo, ohiko ordenean.

Bigarren txandaren lehen minutuetan berriz pensatu dugu Ondarroaren denbora balekoa izan zitekeela ezustekoarekin amesteko. Getaria, Isuntza, San Juan eta Hondarribia pare-parean izan dira lehen luzean, baina nekea pilatzen joan ahala zuloak ireki dira ontzien artean.

Getaria izan da azkarrena bigarren txanda horretan, 20:43.52ko denborarekin. Ondarroa baino bost segundo azkarrago soilik. Hondarribia, Lekittarra eta San Juan, ordena horretan, Ondarroaren atzetik geratu dira.

Pentsatzekoa zen Getaria eta Ondarroaren denborak garaipenetik hurbil egon zitezkeela, baina hirugarren txandako oilarrek argi utzi dute beste maila batean daudela, batez ere Orio eta Zierbena.

Ligako lehen bi sailkatuek azkar utzi dituzte atzean Urdaibai eta Donostiarra, eta bandera bien arteko buruz burukoan jokatu dute. Zierbena ia estropada osoan segundoren bat aurretik ibili da, baina azken luzean erritmoa bizitu eta Oriok egoera irauli egin du.

Azkenean 19:55:62 izan da Orioren denbora eta Zierbena bi segundo pasatxora sartu da. Tokitan geratu dira beste txandetako markak. Urdaibai eta Donostiarra ere, denbora asko galduta iritsi diren arren, hirugarren eta laugarren sailkatu dira amaieran.

Igande honetan Ares herrian ospatuko da estropada, Galiza iparraldean. Cabok agur esango dio maila nagusiari, Ares eta Ondarroak aurtengo lanak amaituko dituzte Ligari dagokionez, eta ezusteko handirik ez bada Oriok bere historiako bigarren TKE Liga matematikoki bereganatuko du.