INFO

Jai Alai Leagueko bikoterik onenek Karmelo Baldako Lauko Finalerako hitzordua egin dute

Hilaren 15ean eta 22an izango dira finalerdiak: Ihart-Frida vs Sorozabal-Arai; Johan-Lekerika vs Urreisti-Basque; Elaia-Maia vs Maite-Maialen; Erkiaga-Gorka vs Barandika-Lopez, hurrenez hurren. 29an emakume txapeldunak eta Barandika-Lopezek iazko garaipena errepikatzeko gai ote diren ikusiko da.

Jai Alai Leagueko Lauko Finaleko aurkezpena. (ERAMAN JAI ALAI)

Jai Alai Leagueko txapeldunak Donostiara gerturatu dira astearte honetan egin den Lauko Finaleko aurkezpenarekin. Karmelo Balda pilotalekuak erabakiko du 2025eko –baita hurrengo bi urteetan ere– zesta puntako izarren artean zeintzuk nabarmentzen diren. Hurrengo hiru astelehenetan, hilaren 15 eta 22an finalerdiak eta final nagusia, berriz, 29an.

Irailaren 15-an jokatuko dira lehen finalerdiak: Ihart-Frida vs Sorozabal-Arai emakumeen artean eta Johan-Lekerika Urreisti-Basque-ren aurka gizonezkoei dagokienez. Astebete beranduago. Elaia-Maia bikotea Maite-Maialen-en aurka ariko da emakumeen bigarren finalerdian eta gizonei dagokienez, Erkiaga-Gorka egungo txapeldunak diren Barandika-Lopez izango dituzte aurrez aurre. Esan gabe doa hilaren 29ko final handian finalerdietako garaileak buruz buru neurtuko direla bikote garaileak erabakitzeko.

Jaialdi guztiak 19.00etan hasiko dira eta pilotallekura gerturatzerik ez duenak ETB1en edo eitb.eus webgunearen bitartez ikusi ahal izango ditu partida hauek guztiak, 22.20etan hasiko diren emanaldien bitartez.

Emakumeetan edizio historikoa izango da, Jai Alai Leagueren lehen urtea izan delako. Orotara bederatzi Master jokatu dira eta guztira 20 puntistek hartu dute parte.

«Ilusioa ematen du Lauko Finala jokatzeak eta are gehiago Ihartekin jokatzeak, aurreneko ˝Winterra" berarekin jokatu nuelako eta laguntasun handia egin dugulako harrezkero», adierazi du Frida Watkinsek. «Ligan eman dugun maila eta gero, espero dut Lauko Finalean ere maila hori errepikatzea», gaineratu du Zaumaiako zestalariak.

Gizonezkoen Ligak, bestalde, 11 hilabete iraun du eta 30 txapelketa jokatu dira, Ipar eta Hego Euskal Herrian, Estatu Batuetan eta  baita Estatu frantzsesean ere, guztira 125 partida jokatu dituztelarik.

Bilakaera eta osaketa

Urtean zehar, pilotariak Ligarako puntuak batzen joan dira Slam, Master eta Series kategorietako txapelketak jokatuta. Gizonezkoetan 43 pilotari aritu dira parte hartzen eta beste 20 emakumeen artean. Ranking-eko edo sailkapeneko zortzi onenak (lau aurrelari eta lau atzelari) Lauko Finalera sailkatu dira eta beraien arteko partidetan erabakiko da 2024/25 denboraldiko Jai Alai Leagueko titulua.

Sailkapeneko aurrelaririk onenak atzelari onenarekin jokatuko osatuko du bikotea. Bigarrenak bigarrenarekin, eta horrela hurrenez hurren. Final Four-eko partidak kanporaketa zuzenak izango dira. Finalerdietan, Ligako lehen bikotea, laugarrenaren aurka lehiatuko da eta bigarrena hirugarrenaren kontra. Bi partida hauen irabazleek Final Handia jokatuko dute eta bertan erabakiko da 2024/25 denboraldiko Jai Alai League-ko titulua.

Rankingari dagokionez, Aritz Erkiaga izan da beste urte betez denboraldiko pilotaririk onena. Baina aurreko urtean ez bezala, bere lehen postu hori kolokan izan da urteko hainbat unetan. Ispasterko pilotariak denboraldia sendo hasi zuen, Eusko Label Winter Seriesa eta Estatu Batuetako Biscayne Cup delakoa irabaziz. Udaberrian hala ere, Urreisti mutrikuarrak Zumaiako Masterra eta Donibane Lohizuneko Cesta All Star-a irabazi zituen, rankingeko lehen postua eskuratuz. Hilabete beranduago, Erkiagak Bilbon berreskuratu zuen lehen postua baina uda hasieran, berriz ere, aurretik jarri zen Urreisti, egun gutxi batzuetarako izan bazen ere. Uztailaz geroztik, Erkiaga izan da sailkapeneko liderra. Tamalez, Ispasterko aurrelariak besoko minarekin bukatu du denboraldia eta Donostian bere maila berreskuratzea izango du helburu.

Aurreko postuetan, Johan Sorozabalek sailkapeneko bigarren bukatu du, Biarritzeko eta Donibane Lohizuneko txapelei esker. Final Four-erako laugarren eta azken posturako lehia estua izan da Barandika eta Olharanen artean. Azkenean, egungo txapeldunak, Barandikak irabazi du lehia hori.

Atzean, Lopezek ez zuen denboraldia ondo hasi baina uztailetik aurrera gorantz egin du sailkapenean. Markina-Xemeinen txapela irabazi zuen eta Iparraldean ere emaitza onak eskuratu ditu, bere bi arerio nagusiak, Manci eta Ibarluzea gaindituz. Atzeko postuetan Basque izan da liderra denboraldiko momenturik gehienetan, baina udako emaitzek ez dira onak izan eta azken asteetan Gorkak eta Lekerikak gainditu dute.

«Erkiaga da Munduko jokalaririk onena. Bestela ere beti irabaztea buruan izaten baduzu, are eta gehiago Munduko jokalaririk onena ondoan baduzu. beraz, gure helburua ez da bestetik garaipena baino», azpimarratu du Gorka Sorozabal, atzelarien arteko rankingeko garaileak.

Emakumeen kasuan, Ligaren lehen edizioa izan da aurtengoa eta jokatutako txapelketa kopuruan aldeak izan dira, pilotari bakoitzaren disponibilitate eta konpromisioen arabera. Jai Alai Leaguek eskerrak eman nahi dizkie parte-hartzaile guztiei eta denboraldi berrirako berrikuntzak ari da prestatzen.

«Donostian kirolean emakumeek distira aparta dute eta hargatik oso harro gaude Lauko Final hau gizon zein emakumeena izatea», onartu du zentzu horretan Iñaki Gabarain donostiako udaleko Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak.