INFO

Zortzi euskal korrikalari lehiatuko dira Trail Running-eko Munduko Txapelketan

Hilaren 26tik 28ra jokatuko da hitzordu ofizial hori Canfrancen. 73 herrialdetako 1.800 korrikalarik parte hartuko dute distantzia ezberdinetan. Oihana Kortazar, Sara Alonso, Malen Osa, Naiara Irigoyen, Ibai Larrea, Ondditz Iturbe, Peio Berribeitia eta Ekain Fernandez dira euskal ordezkariak.

Naiara Irigoyen –erdian– kilometro bertikalean lehiatuko da; iaz, ISF federazioko Munduko Txapelketa irabazi zuen. (ISF)

Astebete baino ez da geratzen Canfranc herrian (Huesca) trail running-eko festa handia hasteko. Trail eta Mountain Running-eko Munduko Txapelketari buruz ari gara. World Athtetics erakundea da antolatzailea, hots, Atletismoko Nazioarteko Federazioaren oinordekoa. Hilaren 26tik 28ra, 73 herrialdetako 1.800 korrikalari bilduko dira Pirinioetako herri horretan.

Kirolari horiek guztiak prest dira distantzia ezberdinetako ibilbideetan gogor estutzeko. Bost proposamen daude: Short Trail (45 km, 3.600 m+), Classic (14 km, 775 m+), Uphill (6 km, 990 m+), Long Trail (82 km, 5.400 m+) eta 20 urtez azpikoen maila (8 km, 338 m+). Gogoratu behar dugu duela hiru urte erakunde horrek eredu bateratua indarrean jarri zuela. Eta dagoeneko, bi Munduko Txapelketa (bi urtean behin) jokatu dira: Chiang Mai (2021, Tailandia) eta Innsbruck (2023, Austria). Heldu den astean Canfrancen antolatu dutena hirugarrena izango da.

Oso ezagunak diren mendietan ibiliko dira korrika: La Moleta, La Raca, Anayet, Collarada… Eta Atletismoko Espainiako Federazioaren elastikoarekin ingurumari horietan lehiatzen zortzi euskal lasterkari ikusiko ditugu. Short Trail edo maratoian: Oihana Kortazar, Sara Alonso eta Malen Osa. Ibai Larreak eta Ondditz Iturbek Classic-en parte hartuko dute. Uphill-en edo kilometro bertikalean, ordezkaritza bikoitza: Iturbe eta Naiara Irigoyen. 20 urtez azpiko kategorian, Ekain Fernandez irteera puntuan izango da. Eta Long Trailen edo ultran: Peio Berribeitia.

Bestalde, esan behar dugu azken urteotan mendiko atletismoak izan duen hazkunde handiak aurtengo hitzordu nagusi horretan isla izango duela. Kirol horretako hainbat atal asko indartzen ari dira, eta Canfrancen, adibidez, 100.000 euro banatuko dira sarietan. Harrigarria bada ere, Innsbruck-eko azken ekitaldiko kopurua bikoiztu egin dute. Horretaz gain, antolatzaileek iragarri dute inoiz baino antidopin kontrol gehiago egingo direla.

Elitea

Arestian aipatu dugunez, euskal korrikalariak «etxean» lehiatuko dira. Alabaina, ondo baino hobeto estutu eta kudeatu beharko dituzte indarrak goi-mailako edo eliteko kide asko ondoan izango dituztelako. Horietako batzuek aurreko ekitaldietan dominak irabazi zituzten. Banatutako 48 domina izan ziren, eta Canfrancen 24 jaso dituztenak lehiatuko dira.

Uphill-en, adibidez, azken bi edizioetako mutilen irabazlea bertaratuko da: Patrick Kipngeno. Lasai asko esan daiteke kenyarra bertikalen egungo erregea dela. Bere herrikidea, Philaries Kesang, faborito nagusietako bat da nesken kategorian. Irigoyenen izena ere entzuten da. Nafarrak badaki elitean maila handia ematen. Iaz, adibidez, Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak antolatutako Munduko Txapelketa espezialitate horretan irabazi zuen. Hots, kilometro bertikalean.

Classic-en, berriz, Kenyako beste bi korrikalari irabazteko kiniela guztietan azaltzen dira: Joyce Njeru eta Philemon Kiriago. Biek ala biek Innsbruck-en dominak irabazi zituzten. Gainera, aurtengo ekitaldian, nesken mailan, Innsbruck-eko bi erreginak ez dira ibilbide horretan izango, baizik eta maratoian: Grayson Murphy y Tove Alexandersson.

Short Traileko lasterketa badirudi irekiagoa izango dela. Mutilen mailan: Stian Angermund norvegiarra, Thomas Roach britainiarra, Luca Del Pero italiarra… Eta emakumezkoen kategorian: Denisa Dragomir errumaniarra, Judith Wyder, Therese Leboeuf eta Maude Mathys suitzarrak… Maratoi distantziako proba honetan bi euskal ordezkarik, Alonsok eta Osak, aukerak izango dituzte aurrean egoteko. Batez ere, Golden Trail Series zirkuituan egiten ari diren denboraldia aztertzen bada.

Egoera bera aurreikusten da Long Trail lasterketan. Gizonezkoen faborito batzuk: Adam Peterman estatubatuarra, Benjamin Roubiol frantziarra, Andreas Reiterer italiarra eta Peter Frano eslovakiarra. Eta nesketan: Ida Nilsson suediarra, Katarina Hartmuth alemaniarra eta Gemma Arenas kataluniarra.

Nahiz eta Canfranc Euskal Herritik gertu dagoen, Trail Running-eko Munduko Txapelketa honetara hurbiltzeko aukerarik ez duenak hainbat proposamen izango ditu lasterketa ezberdinak ikusteko. Garrantzitsuenak: Eurosport, Max plataforma, RTVEPlay…