INFO

Soterak ilusioa piztu eta Donostiarrak garaipen estua eskuratu du Bermeon

Santurtzi eta Donostiarrarentzat izan da garaipena Bermeoko uretan, Eusko Label eta Euskotren liga nagusietarako play-offetan. Soteraren kasuan, nagusitasunez garaitu da eta ilusioa piztu du zaleengan; emakumezkoetan, lehia estuagoa izan da eta Portugaleteko estropada erabakigarria izango da.

Donostiarrako eskifaia, liga erregularreko estropada batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bihurri zegoen itsasoa Bermeon, nahasita. Hego haizea erabat aldatu da arratsalderako eta horrek, noski, itsasoan bere islada eduki zuen. Play-off batzuetarako osagai ederra, pena erlojupekoa izatea. Dena dela, gatza eta piperra izan du atzoko estropadak, batez ere emakumezkoetan. Donostiarrak eman du lehen kolpea, garaipena eta bost puntu batuta, baina aldeak eta sentsazioak ez dira izan arerio zuzenenak baino askoz hobeak –San Juan bi segundora sartu zen eta Zarautz, lautara– eta beraz, pronostiko guztiek esaten dute, hiru euskal taldeen artean banatuko dela Euskotren Ligarako falta den txartela igande honetan Porugaleten.

Espektatiba asko zeuden jarrita Galizako ontziengan, Chapela zein Tiranengan, baina oso atzean geratu dira, bai puntuz eta bai sentsazioz. Chapelak bi puntu batu ditu; Tiranek, bat eta esan daiteke, igoerako lehiaz kanpo geratu direla.

Santurtzi, nagusi

Gizonezkoetan, bi albiste nabarmendu behar dira: Soterak piztu duen ilusioa eta Kaikuren gainbehera. Santurtzik, KAE1 ligako txapeldunak, arerioak txikitu ditu. Chapela, bigarren izan dela, zortzi segundora sartu da eta Arkote, Juan Carlos Gernika beteranoa patroitzan izan duela, hirugarren eta hamabost segundora.  

Soterak gogor ekin dio estropadari, erritmo bortitzean, ehundaka zaleen bultzada gertutik sumatuz, urtean jarritako helburuari begietara begira. Lehen ziabogarako bere nagusitasuna islatu du, Chapela eta Arkote baino lau segundo azkarrago arituta. Estropadak ez du misterio handirik eduki: Santurtzi une oro denbora onena markatzen eta Arkote eta Chapela, zein bigarren postuan kokatuko.

Santurtzik irabazi du gizonezkoen kanporaketako lehen jardunaldia, Bermeon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Galizarrek, halere, bigarren ziabogarako luzean ondo estutu dituzte hortzak eta Soterarekiko distantziak mantentzea lortu dute, Plentziarren kalterako. Bukaerako luzean, akiduraren akiduraz, erritmoa geldoagoa markatu dute eta bukaerarako, Santurtzi baino zortzi segundo gehiago behar izan dute.

KANPORAKETAK (gizonezkoak)
1.    Santurtzi    21:18.86       
2.    Chapela      21:27.12
3.    Arkote      21:34.00
4.    Kaiku      21:42.30
5.    Tiran      21:44.22

KANPORAKETAK (emakumezkoak)
1.    Donostiarra    11:45.00       
2.    San Juan      11:46.98
3.    Zarautz      11:49.10
4.    Chapela      12:08.58
5.    Tiran         12:29.70