Unai Lasok ez du Lau eta Erdikoa jokatuko belauna «ez duelako lehiaketarako maila egokian»
Bizkarreta Gerendiaineko aurrelariak eskuin belaunean egin zioten ebakuntzaren osteko sendatze prozesuan jarraitzen du, eta bilakaera «ona» ari da izaten, baina, Baikok iragarri duenez, «belauna ez du, oraindik, lehiaketarako maila egokian».
Unai Lasok ez du 2025eko Lau eta Erdiko Txapelketan parte hartuko, Baiko bere enpresak asteazken honetan jakitera eman duenez. Hala, Bizkarreta Gerendiaingo aurrelariak ezingo du 2024an txapelketa horretan bertan lortutako txapela berretsi.
Aurrelari nafarrak eskuin belaunean ekainean egin zioten ebakuntzaren osteko sendatze prozesuan jarraitzen du, eta bilakaera «ona» ari da izaten, baina, Baikok zehaztuta, «belauna ez du, oraindik, lehiaketarako maila egokian».
Ekainean ebakuntza egin zioten Lasori, eskuin belaunean zuen «tendinopatia errotulianoa» sendatzeko. Nafarrak «errehabilitazio eta indartze lanarekin jarraitu beharko du datozen asteetan», adierazi du enpresak eta, hortaz, baja da, Lau eta Erdikorako.
Lehengo astean, hain zuzen ere, Jon Mariezkurrenak, NAIZ Irratirako eskainitako elkarrizketa batean, aipatzen zuen «ongi» eta «epeak errespetatzen» zihoala Unai Laso. «Bere eskuetan dagoen guztia egingo du», erantzun zuen ea Lau eta Erdikoa jokatzeko prest ikusten ote zuen. «Egunero entrenatzen du eta errehabilitazioa egiten du horretarako. Ziur nago saiatuko dela, baina hori denborak esango du», gaineratu zuen atzelariak.
Hau guztia kontuan izanda, «lesio potoloa» dela onartu zuen Mariezkurrenak, eta asteazken honetan jakin denez, azkenean Unai Laso ez da garaiz iritsiko.