INFO

Euskal literaturari «beste begi batzuekin» erreparatu dio Irati Majuelok

Irati Majuelo Itoizek Lisipe bildumaren baitan argitaratu du ‘Hiria gure oinetan. Espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan’ (Susa) liburua. Astelehen honetan aurkeztu du Donostian, «espazioaren inguruko ikasketak, euskal eleberrigintza eta begirada feminista» uztartuta ondu duen obra.

Irati Majuelo, liburu berria esku artean duela. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ibilaldia da ‘Hiria gure oinetan’ (Susa) Irati Majuelo Itoizen obra berria. Lisipe bildumari 17. alea gehitu dio idazle nafarrak, euskal literaturaren bidez irakurleari espazioaz gogoeta egiteko gonbita luzatuta.

Astelehen honetan aurkeztu du Donostiako Liburutegi Zaharrean, Jule Goikoetxea bildumaren editorea lagun. Irati Zubiarena da liburuaren hitzaurrea, sarrera funtzioa betetzeaz gain, laburpen lana ere egiten duena, idazlearen hitzetan.

«Hiriaren eta espazioaren inguruko liburu bat da», azaldu du Goikoetxeak, baina, zehaztu du ez dela hori bakarrik. Izan ere, aztertzen du euskal literaturan nola jorratu den hiria eta espazioa eta, bi kontzeptu horien baitan, emakumea nola erretratatua izan den historian zehar.

Editoreak azpimarratu du jakina dela «espazioa egin» egiten dela, «gizona eta emakumea bezala», besteak beste. Horregatik, hain zuzen ere, aldatzen da historian zehar.

Goikoetxearen ostean hartu du hitza Irati Majuelok eta azaldu du orain liburu forma hartu duen hau tesi baten emaitza dela, hots, lau urteko ikerketaren fruitua. Saiakera bat da, argi utzi nahi izan du, hizkera akademikotik aldentzeko «ahalegin kontzientea» egin duela, obrak egitura «interesgarriagoa» izan dezan.

Izan ere, egilearen xedeetako bat izan da euskal literaturaren historiari «beste begi batzuekin» erreparatzea eta literatura denon egunerokotasunarekin lotzeko zubi lanak egitea. Aitortu du zaila zaiola liburuaren sinopsia egitea, baina lortu du egitea. Azaldu du «urrun samar» kokatzen diren hiru alor batzen dituela: Espazioaren inguruko ikasketak, euskal eleberrigintza eta begirada feminista.
Literaturaren alorretik dator Majuelo eta bertatik heldu dio gaiari liburuan, nola ez, baina gogoetarako gonbita luzatu nahi duen obra da.

Izan ere, azaldu du literaturak jaso eta erreproduzitu izan dituela mendebaldeko pentsamenduak eta iruditegiak, hurrenez hurren, eta beraz, rol garrantzitsua duela espazioa ulertzeko dugun moduan.

Ibilaldia

Liburua ibilaldia dela azaldu du Goikoetxeak eta editoreak esandakoa berretsi du Majuelok: «Horretarako, proposatzen dio irakurleari hirian ibiltari bilakatzea, literaturan ohikoa izan den pertsonaia hori ba bera gorpuztuz». Hiria behatu eta haren inguruan hausnartzen duen herritarra izango da, beraz, irakurlea.

Hainbat protagonista ditu liburuak eta bat bera ere ez da hegemonikoa. Kapitulu bakoitza horietako batek gidatzen du eta, horrela, egoera eta bizipen desberdinak islatu ditu Majuelo.

Halaber, Majuelok Lisipe bilduma goraipatu du, «Euskal Herritik sortzen den pentsamendu feminista materializatzeko eta hedatzeko plaza» den heinean.