INFO

«Elkarlanerako» deia egin du Mendozak eta «guztientzat gobernatzeko» eskatu dio oposizioak

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak «elkarlanera» eta «akordioak lortzera» dei egin die oposizioko batzarkide taldeei, Batzar Nagusietako Politika Orokorreko bilkuran. EH Bilduk eta Podemosek «guztientzat gobernatzeko» eskatu diote ahaldun nagusiari.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak, astearte honetan bilduta. (GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK)

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ziurtatu du «Gipuzkoa jauzia ematen ari dela anbizioan eta gure industriaren berrikuntza gaitasunean» astearte honetan Batzar Nagusietan izandako Politika Orokorreko bilkuran. «Elkarlanera» eta «akordioak lortzera» dei egin die Mendozak oposizioko batzarkide taldeei,

Desafio nagusien artean aipatu ditu, lehenik, kalitatezko zaintzak hobetzen jarraitzea. Norabide horretan, «mugarri» gisa zerrendatu ditu dagoeneko 18 herritan martxan dauden zaintza ekosistema lokalak, zeinak «adineko pertsonen nahia betetzen duten, etxean ahal beste bizitzeko testuingurua sortuz». Horrela, «komunitate osoa aktibatuz», lortzen ari dira bost urtera arte atzeratzea adinekoak egoitzan sartzea Mendozaren arabera

Gainera, hiru egoitza berriren lanak abian edo abiatzear daudela gogorarazi du –Elgoibarren, Pasaian eta Irunen–, 383 plaza eta 122,5 milioiko inbertsioa eragingo dutenak. Guztietan zaintza eredu berrian oinarritutako arreta eskainiko dute, «pertsonalizatua eta berritzailea, komunitateari irekia». Azken hiru urteetan, gainontzeko egoitzak eredu berrira eraldatzen 100 milioitik gorako inbertsioa egin du foru erakundeak.

«Baina gure gizartearen etengabeko zahartze prozesuari aurre hartzeko» eta horretarako beharko diren «inbertsioak» gauzatu eta, aldi berean, «zerbitzu onenak» eskaintzen jarraitzeko, iragarri du sozietate publiko berria sortuko duela Aldundiak. «Ekipamendu berriak eraikitzea ahalbidetuko digu, besteak beste, egoitza berriak martxan jarriz Urola Kostan, Urola Erdian, Debabarrenan eta Buruntzaldean», laburbildu du eta horretarako 100 miloi euro bideratuko dituela aurreratu du.

Etxebizitzari dagokionez, berriz, Mendozak aurreratu du, azken zerga errebisioaren eraginez, 200 miloi euroko inbertsioa egingo duela urtero Foru Ogasunak, desgrabazioen bitartez, «etxebizitzara sarbidea erraztuz» eta gazteen emantzipazio gaitasunean «positiboki eraginez». 1.000 biztanletik beherako herrietan, berriz, etxebizitzak sustatzeko asmoa du Foru Aldundiak, baita ere, Etorlurren bitartez 50 etxebizitzaren eraikuntza edota egokitzea bultzatuz.

Industria sektore berriak

Ekonomiaren alorrean, mundu zabalko «itsasoak handi» direla azaldu du diputatu nagusiak. Trantsizio teknologikoaz, ingurumenekoaz eta sozialaz gain, «haizea oso zakar» baitabil, testuinguru geopolitiko nahasiaren eraginez. «Egoera katramilatsu honetan Gipuzkoa ondo ari da nabigatzen, enpresen sendotasunari esker», azpimarratu du, eta industria babesteko abian jarritako neurriak zerrendatu ditu, tartean enpresen lehiakortasuna indartzeko abiarazitako 31 milioiak.

Aurrera begira, parke teknologikoa Illunbera eta Hondarribiara hedatzeko lanak aipatu ditu eta Via Irun proiektuarekin duen konpromisoa berretsi du. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, 2025a urte «emankorra» izaten ari da ekonomia berria bultzatzeko ahaleginean, Mubil mugikortasun berriko zentroa inauguratu eta IBMren System Two super-ordenagailu kuantikoa aste gutxiren barruan martxan jarriko delako Ibaetako campusean.

Bide azpiegituretan, 120 milioiko inbertsioak aurreikusi ditu lurraldeetan giltzarri diren hainbat proiektu gauzatzeko Zizurkilen, Iruran, Azpeitian, Ibarran eta Orion, nahiz Galarreta eta Miramongo parkeetako sarbideetan.

Garraio publikoaren ikuspegitik, berriz, datozen urteetan Gipuzkoan «trenaren iraultza» biziko dugula aurreratu du eta «intermodalitatean eta interkonexioetan jauzia» emateko beharraz mintzatu da diputatu nagusia, geltoki nagusietan aparkaleku, geraleku eta gune intermodalak sortuz, autobus zerbitzuekin eta bidegorriekin lortzen direla bermatuz. AHTren lanen atzerapena Gobernu espainolari leporatu dio eta «lehen mailako trena eta ez txu-txu trena» nahi duela nabarmendu du.

Hirugarrenik, «lurralde jasangarria» eraikitzeari dagokionez, udan Estatu mailan izandako sute ikaragarriak hartu ditu gogoan, eta halakoak ekiditeko garaian lehen sektoreak duen funtzioan jarri du azpimarra Mendozak. Hala, Baserritar Mixto Profesionala egitasmoari esker aurten 14 baserritarrek euren lanaldia %50 murriztu ahal izan dutela jarri du adibidetzat, baserria eta lantegiko lana bateragarri eginez, eta Basotik fundazioak dagoeneko 1.000 hektarea basoren kudeaketa bere gain hartu du.

Zubietako «Berrerabilpenerako Zentroa» ere aipatu du Mendozak, zeinak aukera emango duen datorren urtetik aurrera ehun hondakinak konpondu, berregokitu eta bigarren bizitza bat emateko. Bestalde, gogora ekarri du Gipuzkoan dagoeneko 61 energia komunitate daudela abian, 10.000 familia eta sei industrialderi esker. «Gipuzkoako udalerrien %70era ailegatu gara eta gure helburua da legealdi amaieran lurraldeko 88 herrietara iristea espero dugu», adierazi du.

Oposizioaren kritikak

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek gogor kritikatu dute Mendozak emandako hitzaldia. Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak ohartarazi du «gutxiengoan dagoen Gobernuari heldu zaiola unea erabakitzeko, alde batera edo bestera egin nahi duen». Zentzu honetan, Iriartek aldagai batzuk aipatu ditu, hala nola trantsizio demografikoa eta etxebizitzaren auzia –«jaiotza tasa baxua, gizartea zahartzen, emantzipatzeko zailtasunak, zaintzak behar duen sakoneko eraldaketa...–, immigrazioa, sexu desberdintasuna –«emakumeak gaude desberdintasunaren erdigunean» eta pobrezia –«lurraldeko biztanleen %5,9 pobrezia larrian bizi dira»– edo politika industrial aktiboa.

Horregatik, Mendozak eta bere Gobernuak «aurrera eraman beharreko eraldaketen tamainaz» jabetu behar dutela azpimarratu du. «Ezin da partxeak jartzen ibili egoera konplexuei, besteak beste denbora, energia eta dirua xahutzen direlako», esan du.

EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du erronka nagusiei erantzuteko Administrazioak «politika publiko berrituak indarrean» jarri behar dituela, «momentuko erantzunak eman baina estrategikoki zer behar dugun eta herritarrak nola babestuko ditugun argi edukita». 

Eta horrekin batera, «aukeratu» egin behar du «norekin egingo den hori guztia, herri honen gehiengo oso zabal batekin, edo haiei muzin eginez».

Miren Echeveste Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak nabarmendu du bat datozela Mendozak nazioarteko egoeraren inguruan egin duen azterketarekin, baina kritikatu du ez duela klima aldaketa «gure garaiko erronka» gisa aipatu: «Horrek kezkatzen gaitu, gure ahaldun nagusia klima-aldaketaren ukatzaile bihurtu dela pentsarazten baitu». «Erakutsi guztientzat gobernatzen duzula, ez soilik zure boto-emaileen komunitatearentzat: Arduratu zaitez herritarrei erakunde publikoetan sinesteko zerbait emateaz», esan dio Echevestek Mendozari.

Bestalde, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta diputatu nagusiordeak azpimarratu du bere alderdiak Foru Aldundiaren «kontrol publikoa bermatzeko» ahalegina egin duela, «Aldundiaren zerbitzu eta inbertsioen mapa eta plangintza errespetatuz, noski».