Mark Kerr borrokalariaren benetako istorioa
THE SMASHING MACHINE
AEB, 2025. 123’. Zuzen eta gidoia: Ben Safdie. Akt.: Dwayne Johnson, Emily Blunt, Bas Rutten, Paul Lazenby. Musika: Nala Sinephro. Argaz.: Maceo Bishop.
Safdie anaiek norabide desberdinak hartu dituzte denboraldi batez, bakoitzak bere kirol-biopic propioa lantzeko. Ben Safdie borroka-arte mistoen munduan murgildu da ‘The Smashing Machine’ filmarekin, eta bere anaiak, Joshua Safdie, laster estreinatuko du ping-pong jokalari Marty Supreme-ren biopic-a, Timothee Chalamet protagonista dela.
Veneziako zinema jaialdian Zuzendari Onenaren saria irabazi duen ‘The Smashing Machine’ filmak Mark Kerr (Dwayne Johnson) borrokalariaren benetako istorioa kontatzen du, UFCren (Ultimate Fighting Championship) sorreran funtsezko figura izan zena. Lanak borroka-arte mistoen mundu basatian Kerr-ek bizi izan zuen igoera eta erorketa meteorikoa erretratatzen ditu. Ausardiaz eta batez ere bere emazte Dawn Staplesen (Emily Blunt) laguntzaz egin zion aurre mundu horri.
Kerren azalean sartzeko, Johnsonek arte martzial mistoen entrenamendu espezifikoekin lan egin zuen; aurpegian protesiak erabili zituen, makillaje oso landua eta ahots-estilo berria garatu zuen. Aktoreak berak azaldu du rol honek inoiz pantailan erakutsi ez dituen emozioak esploratzera behartu duela: «Bizi izan dudan guztiarekin konektatzeko prest egon behar nuen, eta hori nik sekula esploratu ez dudan zerbait izan da, ez kamera aurrean eta ez beste inon». Safdiek asko goraipatu du Johnsonen grina, haratago joateko prestutasuna, arriskatzeko ausardia eta sinesgarritasuna.
Ben Safdie
Josh Safdie anaia zaharrenarekin batera, ‘Safdie anaiak’ izenez ezagutzen den sormen bikotea osatzen du. Elkarrekin film independente txalotuak idatzi eta zuzendu dituzte, besteak beste: ‘Heaven Knows What’ (2014), ‘Good Time’ (2017) eta ‘Uncut Gems’ (2019). Haien zinemak bazterrean dauden pertsonak –mendekotasunak, prekarietatea, delitua edo familia disfuntzionalak bizi dituztenak– eta muturreko egoerak esploratzeko joera du. Tentsio handia, erritmo azkarra eta atmosfera errealistak dira beren estiloaren ezaugarri errepikatuenak.