INFO

Paul Thomas Anderson


Sare sozialetan argitaratutako testu batean idatzi nuen: «Maisulana»; Paul Thomas Anderson-en azken obrari buruz ari nintzen, ‘One Battle After Another’. Ane Irazabal kazetariak galdera erretoriko bat jaurti zidan: «ba al du pelikula txarrik?». Zinemagile honek arrastoa uzten du film bakoitzean eta, gaur egun, oso gutxi dira euren filmografian halako maisulan ugari pilatzen dituzten zuzendariak. 

‘Boogie Nights’ eta ‘Magnolia’-rekin hasi zenetik, argi geratu zen autore berezi baten aurrean geundela, istorio koralak uztartzeko, atmosfera trinkoak eraikitzeko eta aktoreak interpretazio gogoangarrietara bideratzeko gai den zinegilea. Bere begiradak, aldi berean intimoa eta handitsua, zinema estatubatuarraren tradizio handiaren oinordeko naturala dela erakusten du, baina, aldi berean, zigilu pertsonal bereizgarria utzi du, nahastezina eta bakarra, bere obraren orrialdeetan liluraz  itsatsita geratzen dena. 

Urteetan zehar genero guztiekin jolastu du, betiere bere identitatea galdu gabe: ‘There Will Be Blood’-en drama historiko eta iluna, ‘The Master’-en intentsitate emozionala, ‘Licorice Pizza’-ren argitasun nostalgikoa, edo ‘Inherent Vice’-en satira enigmatikoa.  Horietako bakoitzean, Andersonek arriskatu egiten du, formarekin jolastu, eszenaratzearekin esperimentatu, eta erakusten du zinemak oraindik ere harritu eta hunkitzeko gaitasuna duela.