Sekula baino irekiagoa dator aurtengo emakumeen Lau eta Erdiko txapelketa
Egungo txapelduna izaki, Goiuri Zabaleta agertzen da guztien buru, baina aurkari asko eta kalitate handikoei egin beharko die aurre txapela defendatu nahi badu: oraintxe min hartuta dagoen Amaia Aldai, Olatz Arrizabalaga, Itxaso Erasun, Laia Salsamendi Enara Gaminde edota Arrillaga.
Udako sasoia amaituta –oraindik ere konpromisoren bat geratzen bazaie ere–, emakume pilotarien egutegia serio jartzen hasten da eta dagoeneko gainean daukagu astelehen honetan aurkeztu den Lau eta Erdikoa. Ostiralean hasiko da txapelketa, Ataunen, emakumeen esku pilotak betidanik babesleku izan duen herrian, eta abenduaren 21ean jokatuko dira finalak Gernika-Lumon, bakearen hirian. Gainera, gizonezkoen profesionalen txapelketarekin paraleloan jokatuko da emakumezkoen elite mailako 4 1/2 banakako txapelketa.
Baina Santanape pilotalekurako bide horrek gutxi izango du baketsutik, elite mailan bederen, sekula baino lehiatuagoa eta gogorragoa baitirudi txapelerako bideak. Maila nagusiari dagokionez, inoizko txapelketarik irekienaren aurrean gaudela esan genezake, sekula ez baita, kopuruz eta kalitatez, horrenbeste hautagai izan. Egungo txapelduna izaki, Goiuri Zabaleta agertzen da guztien buru, baina aurkari asko eta kalitate handikoei egin beharko die aurre txapela defendatu nahi badu.
Oraintxe min hartuta egon arren, Amaia Aldai, hiru txapelekin inoizko espezialistarik handiena, txapelketarako prest egongo da, iazko bigarren postuak zerrendaburu izateko aukera ematen diolako.
Olatz Arrizabalagak, Binaka txapelik gehien dituen pilotariak, ez dio finala herrian jokatzearen aukerari ihes egiten utzi nahi izango bakarkako bere palmaresa estreinatzeko.
Plazandreak saioko kaiolako txapela jantzita, Itxaso Erasunek oso kontuan hartzeko pilotaria dela erakutsi du uda. Bestalde, lesio larritik osatuta, Laia Salsamendik galdutako denbora berreskuratu nahiko du. Binaka atzean diferentzi handiak markatu eta gero, Enara Gamindek buruz buru ere bikain moldatu daitekeela erakutsi nahi dio bere buruar, eta Arrillaga beti da goran egoteko hautagaia.
Hamar herri
Antolakuntzak dagoeneko prest du Gernika-Lumon amaituko den abentura honen ibilbide-orria eta, iazko rankinga kontuan hartuta osatutako txapelketan 10 izango dira bisitatuko diren herriak. Azken txanpa aurten Bizkaian jokatuko da, finalerdiak Basaurin jokatuko baitira abenduaren 7an eta finalak, aurretik esan bezala, abenduaren 21ean, Gernika-Lumon.
Bertako alkate Jose Mari Gorroñok adierazi duenez, «finala Gernikan jokatzea historikoa izango da herriarentzat eta ea zorte pixka batekin, gure herritarra eta pilotaria den Olatz Arrizabalaga final horretarako sailkatzen den». Finalerdietako eta finaleko jaialdiak ETB-1 en jarraitu ahal izango dira zuzenean.