INFO

«Araba ez dagoela salgai» aldarrikatu dute talde ugarik Gasteizen

«Araba ez dago salgai» aldarrikatu dute larunbata honetan Gasteizko Probintziaren plazan egin duten elkarretaratzean. Herrialde honetan dauden makroproiektuak herritarren mesederako ez direla nabarmendu dute.

Gasteizen egin duten elkarretaratzea. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Araba ez dago salgai!» aldarrikatu dute larunbata honetan Gasteizko Probintziaren plazan talde ugarik deituriko elkarretararzean. «Egunero konbentzitu nahi gaituzte deskarbonizazio eta burujabetza energitiko diskirtsoekin. Baina egia begi-bistakoa da, hitz horien atzean multinazionalak daude, negozio milioidun pribatuak, funts putreak eta beren poltiskoak ate birakariz beteten dituzten politikariak», salatu dute.

Gauzak horrela, Araban kontsumitzen den energiaren %23 baino ez dela elektrizitatea, 2.800 GWh inguru. Herrialde honetan jarri nahi diren makrozentral eoliko eta fotovoltaikoak urtean 4.000 GWh emango lituzkete. Halere, aurreikusita dauden datu-zentroen eta elektrolizagailuen kontsumoa 7.000 GWh-koa izango litzateke.

Egitasmo ugari

«Datuekin astindu eta deskarbonizazioaz hitz egiten diguten bitartean, errepide bidezko garraioa kontrolik gabe hazten ari da. Plataforma logistikoek kamioiak ugaritzen dituzte, eta nazioko, nazioarteko eta ozeanoz gaindiko hegaldiek erregai fosilen kontsumoa handitzen dute. Mundu finitu batean hazkunde infinituko politika kapitalista horiek deskarbonizatzeko edo klima aldaketa ezeztatzeko edozein proiektu errealen aurka doaz. Ikusten duguna da berdez mozorrotutako enpresa pribatuen diru-xahuketa eta irabaziak», adierazi dute elkarretaratzean.

«Urteak daramatzagu Araba defendatzen. Oraintsu, 8.000 alegazio berri baino gehiago aurkeztu ditugu, aurretik makroproiektu eolikoei, fotovoltaikoei, AHTri, Energia Berriztagarrien LPSri eta abarri aurkeztu zitzaizkien 50.000 alegazio baino gehiagoei gehitzen zaizkienak. Hala eta guztiz ere, ezikusiarena egiten jarraitzen dute. Ez dituzte gure alternatibak aintzat hartzen, ez dituzte gure alegazioak erantzuten, ez dago elkarrizketarik, ez dago gardentasunik. Eusko Jaurlaritza eta Aldundia negozio pribatuen zerbitzura jartzen dira, landa eremuak, abeltzaintza eta nekazaritza babesik gabe utziz», salatu dute.

AHTrik Ez Arabako Haranak, AHTrik Ez Lautada, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Biririk, Arabako Mendiak Bizirik, Aramaixo Bizirik, Ataca, Biharko Lautada, Bionekazaritza, Dikerik Ez, Horrela Ez Argantzun, Horrela Ez Badaiotz, Horrela Ez Kuartango, Horrela Ez Valles Alaveses, Legutio Borrokan, Por Trespuentes, Proiektu Honi Ez! (Arratzua-Ubarrundia), SOS Margarita, UAGA, Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean taldeek deitu dute elkarretaratzea.