INFO

Galdua zeukana irabazi du Bakaikoak eta final-laurdenetako lehen puntua eskuratu du (22-21)

Zabalak ez du baliatu zortzi tantoko aldea eta azken jokaldian irabazi dio pilotari etxarriarrak. Fisikoki hobeto heldu da Bakaikoa demaren azken minutuetara, eta, amorerik eman gabe, egoera irauli eta partida irabazi du Lekunberrin.

Lau eta erdiko txapelketa, igandeko partida, Bakaikoa eta Zabalaren artean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ezusteko garaipena lortu du Bakaikoak igande arratsalde honetan, Lau Eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkan. Partida bikaina jokatzen ari zen Zabala eta birritan hartu dio errioxarrak zortzi tantoko abantaila nafarrari (1-9) eta (5-13). Nolanahi ere, erasokorrago ibili da azken tantoetan, fisikoki freskoago eta azken tantoan irabazi dio partida Bakaikoak Zabalari. 

Gauzak horrela, Bakaikoak Altuna izango du aurkari Donostian urriaren 18an; Zabala, berriz, Peñaren aurka neurtuko da urriaren 19an Tolosan. Ostiral arratsaldean eman zitzaion hasiera Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkari. Ezkurdia eta Altuna III nagusitu ziren ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren. Igandeko txandan, Bakaikoa eta Zabala neurtu dira aurrez aurre, Lekunberriko pilotalekuan. Bi pelotariek debuta egin dute.

Aurreneko sakea Zabalari egokitu zaio. Bakaikoa akats batekin hasi da dema, eta errematea egiteko orduan kale egin du. Urduri samar azaldu da Bakaikoa lehen unetik, Zabalari, ordea, lasaitasuna eman dio markagailuaren gainetik hasteak.

Oso gogorra izan da hirugarren tantoa; izan ere, 24 pilotakada eman dituzte pilotariek, baina Bakaikoak aldea murriztu du (1-2). Laugarren tantoa erakusgarria izan da, baina oso erasokor aritu da beste behin Zabala eta gainetik jarri da berriz ere (1-3). 

Hasiera aparta eskaini dute bi pilotariek, baina oso nekagarriak izan dira lehenengo tanto hauek. 5nako tantoa pilotari errioxarraren alde erori da. Sakean beste tanto bat lortu du Zabalak eta txalo zaparrada batekin erantzun du publikoak (1-5). Zaleak ez ezik, Zabalaren aitak semea zoriondu du, haren botileroa baita.

Zabalaren erakustaldia hasieratik

Etenaldi txiki baten ostean, Zabala nagusitu da berriro. Tantoa egin du ezker airez pilota txokoan goxo utziz. Errioxarrak bikain aprobetxatu ditu hurrengo tantoak aldeak handitzen hasteko eta zortzi tanto egin ditu jarraian (1-9).

Zabalak berak ere kale egiten du, eta despiste bat baliatu du pilotari etxarriarrak aldeak murrizteko. Hiru tanto segidan egin ditu Bakaikoak (4-9). Haatik, beste abiadura batean heldu dio demari Zabalak, eta ez du beste akatsik egin atsedenaldia aurretik. Bakaikoa zentzuzko distantzia batean mantendu da atzetik atsedenaldian (4-12) eta burumakur sartu da aldageletara.

Atsedenaldiak mesede egin dio Bakaikoari. Ezin hobeto etorri zaio, egia esan. Etxarriko pilotaria saiatu izan da erasokorregi jokatzen, arrisku gehiago hartu ditu eta hurbildu da markagailuan (9-14). Zabala nekea sentitzen hasi da hanketan, eta une txar horiek baliatu ditu Bakaikoak.

Amorerik eman gabe

Partidaren alderik txikiena etorri da 29. tantoan. Bakaikoak ez du amorerik eman eta dotore engainatu du Zabala jokaldi eder batean (13-16).

Nolanahi ere, defentsa ona izan da une oro Zabalarena, asko hazi baita alde horretan errioxarra azken urteetan, eta partida honetan islatu izan da. Ongi erantzun dio Bakaikoaren erasoaldiari, eta bi tanto egin ditu aldea handitzeko markagailuan, 13-18koa ipintzeko, hain zuzen ere.

Pilotakada dezente emateak mesede egin dio Bakaikori, fisikoki hobeto heldu baita nafarra azken minutuetara. Haatik, zorte txarra izan du Bakaikoak, barruan sartutako pilotakada bat, kanpoan ikusi du epaileak. Erabakiak hautsak harrotu izan ditu pilotalekuan, funtsezkoa baitzen tanto hori.

Neurketa amaitzen zihoan eta Bakaikoak lortu izan du aldea murriztea. Inoiz baino gertuago ikusi du nafarrak partida eta tanto bakar batera jarri da, birritan zortzi tantoko distantzia izan arren. 

Ezustekoa eman eta berdinketa lortu du Bakaikoak (21-21). Sakearen jabe izan da nafarra eta azken bolada hori baliatuz, azken tantoa eskuratu du garaipena lortzeko. Sasi guztien gainetik eta une oro atzetik egon arren, ezusteko garaipena lortu Bakaikoak.

FITXA TEKNIKOA:

Bakaikoa 22

Zabala 21

Pilotakadak: 314. Iraupena: 56 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 1-4, 1-5, 1-6, 1-7, 1-8, 1-9, 2-9, 3-9, 3-10, 4-10, 4-11, 4-12, 4-13, 5-13, 6-13, 6-14, 7-14, 8-14, 9-14, 10-14, 10-15, 11-15, 11-16, 12-16, 13-16, 13-17, 13-18, 14-18, 14-19, 15-19, 15-20, 16-20, 17-20, 17-21, 18-21, 19-21, 20-21, 21-21, 22-21. Sakez egindako tantoak: 2 Bakaikoak eta 1 Zabalak. Airez egindako tantoak: 4 Bakaikoak eta 7 Zabalak. Moztuak: Bakaikoak 3 eta Zabalak 2 Gertakariak: 550 ikusle inguru Lekuberriko pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin.