Beldurrezko istorioa txakur baten ikuspuntutik
GOOD BOY
AEB, 2025. 72’. Zuzen.: Ben Leonberg. Gidoia: Alex Cannon, Ben Leonberg. Akt.: Shane Jensen, Arielle Friedman, Larry Fessenden, Stuart Rudin. Musika: Sam Boase-Miller.
Naturaz gaindiko elementuak dituen beldurrezko proposamen berritzaile hau Ben Leonberg zuzendari hasiberriak sinatu du. Indy izeneko txakur leial baten istorioa kontatzen du: Todd jabearekin landetxe batera bizitzera joango da, eta hark bakarrik hauteman ditzakeen indar ikusezinei egin beharko die aurre. Film osoa txakurraren ikuspuntutik kontatua dago.
Filmaren protagonista Indy da, zuzendariaren txakurra, eta South by Southwest (SXSW) jaialdian egindako lanagatik saritu zuten.
‘Good Boy’ denboraldiko beldurrezko fenomeno bihurtzen ari da, ikusleen erantzun harrigarriari esker. Joan den abuztuaren 18an lehen trailerra plazaratu zenean, filmak berehala izan zuen eragin birala: 24 ordutan milioi bat ikustaldi baino gehiago izan zituen. Kritikak ere bikainak izaten ari dira.
Hiru urteko filmaketa lana
Filmaren sorkuntza prozesua aurrekaririk gabeko erronka izan zen, eta Ben Leonbergek bere taldearekin batera metodologia guztiz berritzaile bati ekin zion. Zuzendariak azaldu duenez, «400 egun baino gehiagoz filmatu genuen, hiru urteren buruan. Ez zen ekoizpen konbentzionala izan; beharrek eta diseinuak baldintzatutako proiektua izan zen. Indy gure maskota da eta, beraz, muga horiek kontuan hartuko zituen zinema egiteko modu bat asmatu behar izan genuen».
Leonbergek argitu du txakurrak protagonista dituzten film gehienek hainbat bikoitz edo ordezko erabiltzen dituztela filmaketa luzeak egiteko: «Normalean, txakur nagusiaren bi, hiru edo lau bikoitz behar izaten dituzte, 12 orduko filmaketa egunari aurre egiteko. Guk, ordea, Indyrekin bakarrik egin dugu lan».
Bere hitzetan: «Nire helburua zen Indyk modu errealistan jokatzea, edo ahal zen neurrian errealistena, filmeko naturaz gaindiko gertaerak kontuan hartuta. Ez du ahotsik ezta pentsamendu abstraktuek gidatzen ere: senek, sentsazioek eta arrazoiketa sinpleek baizik».