INFO

2023 eta 2024ko Gabriel Aresti sariak liburu batean bildu ditu Erein argitaletxeak

2023 eta 2024ko Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako irabazle eta accesit lanak liburu bakarrean bildu dituzte. Bildumak Oihane Fernandez Mendia, Isidoro Calvo Lorenzo, Amaia Iturriotz Etxaniz, Amagoia Mujika Telleria, Maitane Perez Argote eta Oskar Azkona Garcia egileen lanak jasotzen ditu.

Azkona, Mujika Telleria eta Perez Argote, ostiral honetako aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Erein argitaletxeak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako 2023 eta 2024ko lan sarituak biltzen dituen liburua aurkeztu du ostiral honetan. Argitalpen berriak Oihane Fernandez Mendia, Isidoro Calvo Lorenzo, Amaia Iturriotz Etxaniz, Amagoia Mujika Telleria, Maitane Perez Argote eta Oskar Azkona Garcia idazleen lanak jasotzen ditu, bi urtetako irabazle eta accesit sarituak bilduz.

Donostiako Udal Liburutegian burutu da aurkezpena, eta Inazio Mujika editorea aritu da moderatzaile lanetan. Bertan izan dira, aurrez aurre edo streaming bidez, saritutako egile gehienak: Iturriotz, Mujika Telleria, Perez Argote eta Azkona, baita Fernandez Mendia ere, bideo bitartez. Calvok ezin izan du parte hartu lan arazoak zirela eta.

Lehenik, 2023ko accesit sariduna izan den Iturriotzek hitz egin du. ‘Etxe-tresnak’ izeneko ipuna aurkeztuz, baserri batean bizi den emakume baten egunerokoaren bidez giro eta erritmo berezi bat sortu nahi izan zuela azaldu du: «Ez nuen gertakizun bat kontatu nahi, baizik eta giro bat, pertsonaia baten egunerokoa eta paisaiaren isiltasuna».

Jarraian hartu du hitza Mujika Telleriak, 2024ko irabazleak. Saritua izan den bere lanaz, ‘Azazkalak’ izeneko ipuinaz, esan du «neskato baten ahotsaren bidez gauza larriak modu xumean» kontatu nahi izan dituela. «Neskato baten altuerara jaitsi behar izan dut, eta hortik ikusi gauzak, helduok beste era batean ikusiko genituzkeenak», adierazi du. Kazetaria eta idazlea izanik (GAUR8ko koordinatzailea da), bi munduen arteko desberdintasunez zerahau azaldu du: «Kazetaritzan dena da azkar, orain eta berehala; ipuinek, berriz, patxada eta arnasa eskatzen dute».

Perez Argote antzerkigile eta ipuin kontalariaren txanda heldu da gero. ‘Lurrikarak’ izeneko testuan, hiru lagunen arteko elkarrizketa arrunt bat hartzen du oinarri, bakoitzaren ikuspuntutik kontu kontari: «Gauza bera hiru ahotsetatik esatea esperimentu polita iruditzen zitzaidan, egoera bera nola aldatzen den begirada bakoitzetik».

Bestetik, Oskar Azkona legelari eta idazle nafarrak bere ‘Trail running’ ipuina aurkeztu du: «Ipuinean mendiko lasterketaren irudia, bizitzaren lasterketa metafora gisa erabili dut; nola, batzuetan, helmugara iristeko baino gehiago, bidean galtzea eta berriro aurkitzea den garrantzitsuena», nabarmendu du.

2023ko irabazlea izan zen Oihane Fernandez Mendiak, bideo bidez, ‘Ez esan hori’ lana aurkeztu du. Irakasle eta haur-literaturan ibilia izanik, helduen narraziora itzultzeko gogoa aipatu du.