Jone Forcada, heriotza duina bizitza oparo baten ostean Txillardegiren ondoan
Jone Forcada Adarraga hil da ostiral honetan: emakume euskalduna, konprometitua, sei hamarkada luzez Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ren bikotekidea, eta lau seme-alabaren ama urte oso gogorretan, familiak batetik bestera ihesean ibili behar izan zuenean.
«Gogoan ditugu, ama, haurtzaroko argazki txuri-beltzak Alderdi Ederren.
Soineko koloretsua daramazunean gure nerabetasuna astintzen Carnaby Street-en.
Baina gogoan ditugu ere maleta koadratu handiak, etxez etxe errefuxiatu iheslariak bezala, atzera eta aurrera etengabean.
Eredugarria da zure bizipoza, miresgarria zure indarra.
Emakume borrokalari nekaezinaz gogoratzen gara,
bizitza pasioz hartu duena.
Eskerrik asko ama, zure bizitza luze eta oparoan emandako guztiagatik»
Mezu honekin agurtu dute senideek Jone Forcada Adarraga, ostiral honetan azken hatsa eman duena.
Jone Forcada Adarraga zendu da, euskaltzale, abertzale eta ezkerzale handia.
— Olaso Dorrea Fundazioa (@DorreaOlaso) October 17, 2025
Bizi oparoa emandakoa Euskal Herriaren alde, herbestean zein Euskal Herrian.
Txillardegiren burkide eta bidelaguna.
Egun handirarte Jone! pic.twitter.com/GZi9uvPNPP
1933. urtean Errenterian jaio zen Forcada, familia donostiar baten altzoan. Ama euskaldun zaharra zen baina hizkuntza erdi galdua zuen, eta aitak (hau erdalduna) hanka egin behar izan zuen, Errenteriako ikastolaren bultzatzailea izana zelako.
Erromeria batean ezagutu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’, Donostia egunaren bezperan, 1950. urtean, eta jada ez ziren bananduko, nahiz espainiar jazarpenak maiz elkarrengandik aldendu zituen. 1957an ezkondu ziren eta lau seme-alaba izan zituzten.
«Ez dakit nola, Jose Luisek ni euskaraz ari nintzela entzun eta niregana etorri zen euskalduna ote nintzen galdezka. Ba, nire aita euskaldun berria zen baina ni txikitatik euskalduna. Horrekin liluratuta, erdia egina zegoen… eta zazpi urtez andregai senargai bezala ibili ginen, Jose Luisek karrera bukatu bitartean», gogoratzen zuen Jone Forcadak.
Txillardegi birritan espetxeratua izan ondoren, frankismoaren atzaparretatik urrundu beharrean izan ziren, urte luzez batetik bestera ezinbestean: Paris, Brusela, Bordele, Tarnose.. Tarteka familia zatituta gelditu zen; haur batzuk erbestean gurasoekin, beste batzuk Donostian amonarekin. 1970etik aurrera jada Lapurdin bizitzeko aukera izan zuten: Hazparne, Hendaia... eta 1977an itzuli ziren azkenik beren hirira, Antigua auzora.
21. Korrikaren testinguruan emandako elkarrizketa batean, Txillardegiren bikotekidea izan izana «ohore bezala, inondik ere zama bezala» aipatu zuen Forcadak: «Izatekotan, ardura».
Emakume adoretsua baina apala izanik, ironia puntu batez hau esaten zuen: «Gizon baten apendizea izan naiz, meritu propiorik egin ez dudanez. Gaztetan Forcadaren alaba eta Adarragaren biloba nintzen, gero Txillardegiren emaztea edota Joseba eta Mikelen ama. Baina Txillardegiren emaztea ohore bezala bizi izan dut», berresten zuen.
«Gure etxeko bazkarietako giroan sekulako eztabaidak izaten genituen –aipatzen zuen ere–. Oinarriz ados egoten ginen, funtsean ados, baina formetan, batzuk anarkoagoak... Euskal Herria bai, baina nolakoa ez. Oso ederra zen. Euskararen gaiarekin denak ados egoten ginen; politikan saltsa, xehetasunetan saltsa».
Joseba Alvarez Forcada semeak honela agurtu du ama eta eutanasiaren bidez joan dela, berak nahi zuen bezala, jakinarazi du.
AMA HIL ZAIGU,
— Joseba Alvarez (@JosebaAlvarez) October 17, 2025
Borrokaldia eta bidelaguna!
Lasai joan da, familiaren babesean.
Eutanasiaren bidetik joan zaigu, berak nahi izan zuen moduan.
LURRAK GOXO HAR ZAITZALA, AMA. pic.twitter.com/ak0xuRkxEP