INFO

Joseba Ezkurdiak pauso handia eman du finalerdietan egoteko Jakari 22-9 irabazi ostean

Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkaren lehenenengo jardunaldian garaile atera ziren bi pilotarien arteko lehia estua espero zen, baina aurrelari nafarrak ideiarik gabe utzi du gipuzkoarra. 9-9na berdinduta joan dira, baina Ezkurdiak beste martxa bat ipini du zuzenean 22raino iristeko.

Ezkurdia, ezker gantxoz jotzeko prest atzean Jaka duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bitik bi. Joseba Ezkurdiak bi garaipen lortu ditu Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkan eta, ezerk ez badu eragozten, finalerdietarako txartela eskura du. Ostiral arratsalde honetan 22-7 gailendu zaio lehen jardunaldian ere garaipena lortu zuen Erik Jakari.

Lehia estua eta bizia espero zen Villabonako pilotalekuan. Bi pilotariek bazekiten garaipena lertuta, oso gertu izango zutela finalerdietarako txartela jardunaldi baten faltan. Eta neurketako lehen zatia nahiko orekatua izan den bitartean –9-9na berdinduta joan dira, alegia–, hortxe amaitu dira komeriak.

Joseba Ezkurdiak beste martxa bat ipini dio partidari eta bederatzitik zuzenean joan da 22raino, Erik Jakari aukera gabe utziz. 43 minutu besterik ez ditu behar izan aurrelari nafarrak 260 pilotakada izan dituen partida irabazteko. Ostiral honetan, gauean, Peio Etxeberria eta Larrazabal arituko dura aurrez aurre Zornotzan eta finalerdietarako txartela erabakita gera liteke.

PARTIDAKO FITXA:

Pilotakadak: 260. Iraupena: 43 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 7-2, 7-6, 9-6, 9-9 eta 22-9. Sakez egindako tantoak: 2 Ezkurdiak eta falta bat; eta 1 Jakak. Jokoan egindako tantoak: 12 Ezkurdiak eta 2 Jakak. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak eta 8 Jakak. Gertakariak: Sarrera ona Villabonako pilotalekuan final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida hau ikusteko.