Mikel Linacisoro bergararrak irabazi du Zailtasun Eskaladako Espainiako Kopa
Joan den asteburuan Vilanova i la Geltrun (Bartzelona) jokatutako hirugarren proba irabazteaz gain, eskalatzaile gipuzkoarra «erregulartasunaren zirkuituaren» jabe egin da. 17 urtez azpikoen mailan, berriz, Udane Mugika elduaindarrak sailkapen nagusiko buru izaten amaitu du.
Mendiko eta Eskalada Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) amaiera eman dio 2025eko Zailtasuneko Espainiako Kopari. Hain zuzen ere, joan den asteburuan Vilanova i la Geltrun (Bartzelona) jokatutako hirugarren eta azken probaren ostean. Puntu guztiak batu ondoren, behin betiko sailkapenari begiratzen badiogu bi euskal ordezkariren emaitzak azpimarratu behar ditugu, garaipen bana erdietsi dutelako, hain zuzen: Mikel Linacisorok seniorren kategorian lortu duena eta Udane Mugikak 17 urtez azpikoen mailan erdietsitakoa, alajaina.
Hirugarren proba erabakigarri honi dagokionez, aurreratu behar da, bestalde, lau euskaldun izan direla podiumean. Nagusien mailan, adibidez, Linacisoro aise gailendu da; finaleko sailkaturik zegoen euskal ordezkari bakarra. Bestalde, Julia Benach katalanak erabateko nagusitasuna erakutsi du emakumeen artean; Ainhoa Uskola bosgarrena izan da, Irati Zabala seigarrena eta Maria Feo zortzigarrena.
Bere aldetik, Elur Arteagak bigarren postua lortu du 19 urtez azpikoen mailan, eta Maddi Agirrek seigarren amaitu du. 17 urtez azpikoen artean, ostera, Udane Mugika bigarren postuan sailkatu da, Ines Allende bosgarrena izan da eta Elene Otermin, azkenik, seigarrena. Bestetik, 15 urtez azpikoen kategorian, Sofia Hernandez podiumaren bigarren eskailera mailara igo da. Lur Guenetxeak laugarren postua sinatu du, Markel Korta seigarren izan delarik eta Iraultza Azkue, berriz, zortzigarren.
Dominak eta parte-hartzea
Hasieran aipatu bezala, Herrialde Katalanetan jokatutako hirugarren probak amaiera eman dio Espainiako Kopari. Oro har, «erregulartasunaren zirkuitu» horretan azken urteotako joera berretsi da. Horrekin esan nahi da nagusien mailak krisian jarraitzen duela. Aurreko hamarkadetan ikusten zenaren kontra, senior gutxi aurkezten dira zailtasuneko hitzordu horietara. Adibidez, azken proban 8 neska eta 13 mutilek eman dute izena. Gainera, hutsune nabarmen batzuk izan dira; hain zuzen ere, nazioarteko lehietan parte hartzen dutenen aldetik.
Azken lehia hori jokatu aurretik, Linacisoro behin-behineko sailkapenean bigarren postuan zegoen, baina, aurreratu bezala, Vilanova i la Geltrun irabazi eta puntu horiei esker Espainiako Kopa irabazi du. Lehenengo txapelketa du zailtasunean Bergarako semeak; ez ordea, boulderrean. Azken modalitate horretan 2019an eta 2023an nagusitu zen eskalatzaile gipuzkoarra. Neskei dagokienez, Feo seigarrena izan da, Zabala zortzigarrena eta Uskola bederatzigarrena.
Neurri handi batean, seniorren arteko parte-hartze txiki hori konpondu dutenak gazteen maila ezberdinetako lehiakideak izan dira. Izan ere, proba bakoitzean ia 200 eskalatzailek parte hartu dute.
19 urtez azpikoen mailan behin betiko sailkapenean Agirre laugarren postu eder batekin itzuli da etxera. Askoz ere poz handiagoa hartu duena Udane Mugika izan da. Elduaindarra 17 urtez azpikoetan erregularrena izan da, eta, hortaz, urrezko dominaren jabe egin da. Oterminek seigarren postuan amaitu du eta Allendek zazpigarrenean. Azkenik, 15 urtez azpikoen mailan, Guenetxeak podiuma lortu du: brontzea. Korta eta Hernandez, berriz, seigarrenak izan dira.