Peio Etxeberria eta Ezkurdia sailkatu dira finalerdietara, Baiko ordezkaririk gabe utziz
Peio Etxeberriak 10-22 irabazi dio sailkapena lortzeko tanto bakarra behar zuen arbizuarrari. Gauzak hala, aukera minimoa zuten Jaka eta Larrazabal –gauean jokatuko dute elkarren aurka– kanporatuta geratu dira jada. Zenotzekoak Altuna III.a izango du aurkari finalerdietan eta Ezkurdiak, Zabala.
Lautik lau. Ostiral arratsalde honetan erabaki dira Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak eta Aspe enpresakoak dira laurak: Altuna III.a-Peio Etxeberria eta Ezkurdia-Zabala. Honek gaur gauean Tafallan jokatu beharreko Jaka eta Larrazabalen arteko lehia ezertan utzi du. Beraz, B Serieko partidekin gozatu beharko dute pilotazaleek asteburuan, larunbatekoa bertan behera geratu baitzen Altuna III.aren lesioarengatik –honek Zabalaren sailkapena ekarri zuen– eta igandekoan ez baitago ezer jokoan.
Oso arraroa izan da feria egun handian Elizondon jokatutako neurketa. Hasteko, atarikoan Altuna III.aren lesioak Zabalari sailkapena ematen ziolako A multzoan –lider bezala– eta honek, domino moduan, beste mugimendu batzuk ekarri zituelako. Hasteko, Joseba Ezkurdiak tanto bakarra behar zuen sailkapena lortzeko eta 14ra iritsi behar zuen B multzoko liderra izateko. Horrek, noski, finalerdietan denek saihestu nahi duten Jokin Altunarekin lehiatzeko beharra ekarriko lioke.
Bestalde, Peio Etxeberriari garaipena bakarrik balio zion sailkapena lortzeko. Horretarako, kantxetatik kanpo oso laguna den eta gainera Aspe enpresakoa ere den beste aurkari baten kontra egin behar zuen.
Ezkurdia, deseroso
Partida hasi aurretik bien artean hitz eginda izango zutenaren aldeko iritzia zutenek segituan indartu dute euren teoria Peio Etxeberria 0-5 aurreratu denean. Baina hurrengo tantoan Ezkurdiak 1-5ekoa lortu eta keinu txiki batekin ospatu du finalerdietarako txartela.
Hala ere, sakearekin ez du batere asmatu arbizuarrak neurketan zehar, erdira joaten baitzitzaizkion pilotakadak lehen jokaldiarekin, eta gainera mina hartu du eskuin eskuko eskumuturrean. Deseroso ere nabaritu zaio, baina aurrean, ziur aski gauza asko aldarrikatzeko dituen Peio Etxeberria oso sendo aritu da eta bosgarren urte jarraian lortu du finalerdietarako txartela.
PARTIDAKO FITXA:
Ezkurdia: 10
Peio Etxeberria: 22
Pilotakadak: 197. Iraupena: 40:51. Markagailua: 0-5, 2-5, 2-6, 3-6, 3-11, 5-11, 5-14, 8-14, 8-19, 10-19 eta 10-22. Sakez egindako tantoak: 1 Ezkurdiak eta 4 Peio Etxeberriak. Jokoan egindako tantoak: 5 Ezkurdiak eta 12 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak eta 4 Peio Etxeberriak. Gertakariak: Feria egun handia zuten Elizondon eta oso sarrera eta giro ona egon zen pilotalekuan Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldiko partida ikusteko. Lehen sakea urdinaren alde izan zen. Mattin Ezkurdia Josebaren botileroa izan zen eta Andoni Gaskue, Peio Etxeberriarena.