Osasuna migrazio bideetan, etengabeko oztopoa
Europara bidean diren pertsonen osasun egoera aztertzeko tartea hartu zuen Irungo Harrera Sareak. Puntu ezberdinetan lanean dabiltzan gonbidatuak elkartu zituen, pertsona orori dagokion osasun arta aldarrikatzeko eta baliabideak eskatzeko.
Migrazio bideetan dauden pertsonek hamaika oztopori aurre egin behar izaten diete, esperientzia osoa zeharkatzen duen kontuetako bat da osasuna, eta horri erreparatu zioten Irungo Harrera Sareak antolaturiko ‘Osasuna ibilbidean: esperientziak mugetatik’ solasaldian. Europarako bidean, toki ezberdinetan bolondres lanetan laguntzen aritutakoen esperientzia ekarri zuten argitara, eta bakoitzak bere berezitasunak izanik ere, hitza hartu zuten guztiak bat etorri ziren egiturazko arrazismoak zuzenean eragiten diola pertsona hauen osasunari. Enara Diez izan zen mahai ingurua gidatzearen arduraduna, eta gogoratu zuen 2024an Estatu espainolera iristen 2.400 pertsonek bizia galdu zutela eta desagertutakoak ere hainbat izan zirela, eta osasuna «sintomekin edo mediku batek artatzearekin» baino ikuspegi zabalagoarekin ulertzearen beharra aldarrikatu zuen.
Marie Daries eta Kay Refugee Woman’s Centerreko bolondresak dira, Calaisen lan egiten dute, batez ere Ingalaterrara bidean doazen emakumeekin, eta kontatu zuten nola hara iristeko «muga asko igaro» behar izan dituzten: «Esplotazioa, indarkeria matxista, pertsonen salerosketa...». Beraien elkarteak sortutako kanpamentuetara iristen direnerako, beraz, hainbat indarkeria bizi izan dituzte, eta Calaisen «gune seguruak» sortzen ahalegintzen dira Daries eta Kay. Azaldu zuten medikuarenera joateko beldur direla gehienetan: «Bi arrazoi nagusirengatik; batetik, Poliziak identifikatuko dituelako, ia beti Polizia datorrelako anbulantziarekin eta, bestetik, hizkuntzak ere asko eragiten die, ez baitute ulertzen, eta beren osasun eskubideak zeintzuk diren ez dakite».
Kayk ohartarazi zuen «bidaia jada indarkeria bat edo batzuk jasanda» hasten dutela, estres egoera oso larriez eta traumekin, esaterako. Ondoren, paterara igotzean, zauriak egiten dituzte, eta «itsasoko ur gaziak zein itsasontziko gasolinak infekzio larriak eragiten dizkiete», argitu zuen, eta gehitu, kanpamentuetara iritsitakoan dutxarik ez dutela eta, ondorioz, infekzio horiek areagotu egiten direla. Bestalde, emakumeekin lan egiten dutenez, haurdun dauden emakumeen egoera plazaratzeko ere baliatu zuen unea: «Ez dakite umea bizirik dagoen edo ez. Beste batzuek bidean erditu dira eta infekzioak eduki ditzakete. Eta kasurik onenean, medikuarenera iritsita ere, indarkeria obstetrikoa pairatzen dute».
Indarkeria instituzionala
Andrey Bensonek Ceutan igaro zuen uda, eta egunero jendea iristen ikusi zuen, «izan hesia saltatuz edo izan igeri eginez». CETI edo etorkinak behin-behinean hartzeko zentroetako egoera deskribatu zuen, eta nabarmendu, helduen kasuan mediku bakarra dagoela eta adinez txikikoen zentroan, aldiz, ez dagoela medikurik. «Adin txikikoen kasuan, salaketa asko iristen zaizkigu zentro horietan eraso fisikoak, psikologikoak eta indarkeria instituzionala pairatzen dutela esanez. Gazte gehienek ihes egiten dute, eta kalean talde txikiak osatzen dituzte biziraupenerako», azaldu zuen. Beraiek ikusitako osasun arazoak ere zerrendatu zituen: traumatologiakoak, hesian jauzi egitean sortutakoak; hortzetako arazoak, eta hau ez da osasun publikoan sartzen; arazo dermatologikoak, infekzioak batez ere; buruko mina eta sintoma post-traumatikoak, lo falta, estresa, antsietatea; eta osasun mentaleko arazoak eta horri lotuta drogen kontsumoa. Bensonek azken arazo hau bereziki larritzat jo zuen, izan ere, gazte askok egoerari aurre egin nahirik «autolesionatzera eta drogak kontsumitzera» jotzen baitute, eta aipaturiko zentroetan ez dago psikiatrarik bide horretan laguntzeko.
Medikuarenera joatearen beldurraz: «Batetik, Poliziak identifikatuko dituen beldur dira eta, bestetik, hizkuntza ez ulertzearen arazoa dute»
Irungo Harrera Sareko kidea da Karmele Echeverria, 2018az geroztik ehunka kasu ikusi ditu, eta laguntzen saiatu da. Osasunari lotuta ikusitakoak kontatzen hasi aurretik, azalpen bat eman zuen: «Bideak berak estres kronikoa eta antsietate arazoak sortzen ditu». Irunera iritsitako migratzaileen kasuan hori ikusi du berak, «buruko mina, tristura, lo egin ezina, jan ezina… Hori askok sentitzen dute, eta guk zer egin dezakegu? Askorik ezin genuen egin, baina bai besarkatu; suspertzeko balio dezake horrek», ohar egin zuen. Hasiera batean Lakaxita gaztetxean artatzen zituztela kontatu zuen, baina espazio hori kendu eta orain informazioa eta janaria kalean eman behar izaten dizkietela iritsi berriei. Horregatik, espazioen beharra aldarrikatu zuen.
Hainbat kasu gogor ere kontatu zituen mahaiaren bueltan, eta ohartarazpen argi bat egin zuen, Gurutze Gorriak osasun arlotik ez diela migratzaileei laguntzen salatu zuen, bere oinarrietan «arta medikua» baduela jartzen badu ere; «nik ez dut inoiz ikusi», gehitu zuen. Bestalde, aurrekoek esandako osasun arazoei eta askok dituzten osasun kronikoei erreferentzia egin ondoren, arreta osasun mentalean jarri zuen, eta gure kaleetan ohikoa den zurrumurru batekin lotu zuen: «Mugikorrarekin ikusten ditugu asko; eta batzuek esango dute: ‘ez omen dute ezer, eta horrelako mugikor puskak dituzte?’. Argitu nahi dut mugikor horiek emandakoak direla eta familiekin komunikatzeko ematen dizkiegula, dena galdu dutenean garrantzitsua delako haien senideekin harremana edukitzea». Baina horrek ere buru osasunean eragiten diela aitortu du: «Komunikatzen dira senideekin, eta duten diru guztia hara bidaltzen dute, han osasungintza ordaindu egin behar delako, besteak beste. Eta, gainera, ezin dute esan bidean eta hona iritsitakoan gertatu zaiena. Familiek uste dute lanean dihardutela, eta ez da hala; hemen bizitzen ari direna ezin dute kontatu».
Itsasoaren erdian
SOS Humanity erakundeko itsasontzia Mediterraneoan ibiltzen da, eta bertako kidea da Izaro Tranche irundarra. Erreskate ontzi batean egotea zer den azaldu zuen, beraien egunerokoa eta zeregina xehatu zituen, eta ondoren osasunaren alorrari heldu zion.
Ontzian, medikua, erizaina, psikologokoa eta emagina egoten dira. Migratzaileak datozen ontzitik erreskateko ontzi handira igarotzean, askok hipotermia, deshidratazioa, infekzioak edo kronikoak diren gaixotasunen garapena –botikak bukatu zaizkielako– direla ohikoenak adierazi zuen, «estres post-traumatiko handiarekin batera». Eta, ondoren, emagin gisa bere zereginak zein izaten diren azaldu zuen: «Ni emakume eta haurrez arduratzen naiz. Emakumeei espazio seguru bat eskaintzeko toki propio bat atonduta dugu, eta nire rola bertan espazio segurua zaintzea eta elkarrizketarako bideak irekitzea da. Bidean bizitakoa kontatzen didate. Indarkeria matxista handia izan ohi da, emakumeen salerosketa, bortxaketak... Eta ni saiatzen naiz heziketa sexuala ere lantzen, anatomia, aborturako eskubidea... Betiere nire pribilegiotik ari natzaie, eta horren kontzientzia izan behar da».
«Iritsi nintzenean, erizain batek pertsona duin bat bezala tratatu ninduen; bidean ez nuen horrelakorik topatu, eta asko lagundu zidan»
Mbaye Gil Senegaldik konektatu zen Irunen egiten ari zen solasaldira. Hark duela hainbat urte egin zuen Senegaldik Euskal Herrirainoko bidea, eta egun erizaina da Basurtun. Bere esperientzia pertsonaletik, eta artatzeari lotuta, iritsi zenean erizain batek «pertsona duin bati bezala tratatu izanak» asko lagundu ziola aitortu zuen, eta hori oso garrantzitsua dela, duintasuna ematea berriro pertsona horiei.
Europako bidea egiten ari diren pertsonek makina bat oztopo dituztela gauza jakina da, oinarrizko giza eskubideak urratzen zaizkiela, baita osasunari dagozkionak ere. Irunen elkartutako mahaikideek egiturazko arazo honi aurre egiteko eta instituzioen aldetik jasan behar duten indarkeria gelditzeko deia egin zuten. Gizartean nagusitzen ari diren aurreiritziak gezurtatu eta «gizatasunaren betaurrekoekin» begiratzeko proposamena zabaldu zuten.