INFO

Duela 92 urteko erreferenduma gogoan, burujabetza handiagoa eskatu du Gure Eskuk Getxon

Gure Eskuk ekitaldia egin du Getxon, 1933ko autonomia Estatutuaren erreferendumaren 92. urteurrena gogoratzeko. Oroitzapen horretaz gain, duela zortzi urte herrian egindako galdeketa ere nabarmendu dute, biak ariketa demokratiko eta burujabetzaren aldeko konpromiso gisa azpimarratuz.

Gure Eskuk Algortan antolatutako ekitaldia. Lehen lerroan, Agirre, Errementeria eta Franco. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gure Eskuk ekitaldia egin du gaur eguerdian Getxon, autonomia Estatutuari buruzko 1933ko azaroaren 5eko erreferendumaren urteurrenean. Ordezkari politikoek eta Getxoko gizarteko hainbat ordezkarik parte hartu dute bertan.

Efemeride bikoitza gogoratu du Gure Eskuk asteazken honetan: alde batetik, duela 92 urteko Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako autonomia Estatutu proposamenari buruzko erreferenduma eta, bestetik, Getxon egindako Euskal Herriari buruzko estatusaren inguruko herri galdeketa, duela zortzi urte.

Bi gertakari horiek oroitu dituzte Algortako San Nikolas plazan, Getxon, Jose Antonio Agirre lehendakaria alkatea izandako herrian. Izan ere, Oier Errementeriak, Gure Eskuren izenean; Helena Franco Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatu ohiak eta Xabier Agirre Arizmendi Agirre lehendakariaren ilobak haren irudia goraipatu dute.

«Gaur duela 92 urte erreferenduma egin zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta herritarrek baiezkoa eman zioten Foru Aldundiek egindako autonomia estatutu proposamenari. Hiru urtez geldirik egon zen prozesu hura, harik eta 1936ko urriaren 1ean, Espainiako Errepublikako gorteek argi berdea eman zioten arte. Estatutu horren sustatzaileen artean Jose Antonio Agirre zegoen, Getxoko alkate izandakoa, EAJko ordezkaria, zeinak gero, lehendakari izendatuta eta gerra bete-betean, Eusko Jaurlaritza gidatu baitzuen, Estatutu horren eskumenak garatzeko. Estatutu horretatik abiatuta eskumen zabalak izan zituen orduko Jaurlaritzak», aipatu du Errementeriak.

Hain zuzen, Gure Eskuren ordezkariak nabarmendu du 1933ko erreferendum hartan emakumeek lehen aldiz botoa emateko eskubidea gauzatu zutela. Era berean, Eusko Jaurlaritzak dirua eta pasaporteak jaulki zituen, unibertsitate bat sortu zuen, ordezkaritzak izan zituen nazioartean, justizia berrantolatu zuen, Euzko Gudarostea sortu zuen...

Helena Francok, berriz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetarako burujabetza handiagoa aldarrikatu du, iraganeko ikasbidea kontuan hartuta: «Gaur, Getxon, Agirre lehendakariaren belaunaldiari begiratzen diogu: jar dezagun herria, jar ditzagun herritarrak, norberaren interesen gainetik eta aukera aprobetxa dezagun. Helburu garbi batekin: burujabetza handiagoa, Euskal Herri kohesionatuagoa eta, finean, herri libre baten eraikuntza».

Zentzu honetan, Gipuzkoako foru diputatu ohiak eta EHUko irakasleak gogorarazi du Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko nazioa dela, euskara duela berezko hizkuntza eta euskal herritarrok «gure herri kontzientzia garatzeko eta gure burua gobernatzeko hainbat bide bilatu eta garatu ditugula historia osoan zehar». Horregatik, gaineratu du «burujabetza beharrezkoa» dela, eta adibide gisa aipatu ditu «Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan lurralde horietako gaur egungo autogobernu mailak gainditzeko» abian dauden dinamika ezberdinak.

Azkenik, Agirre Arizmendik hartu du hitza, bere osabak 1949an nazioarteko prentsan idatzitako ‘Nazionalitateen arazoa Europako Federazioaren aurrean’ gutuna gogoratzeko. Hau idatzi zuen orduan lehendakariak: «Ez da ulertzen Europa hau bakean, eta bere ordena propioarekin, gizakiak eta herriak bertan preso baldin badaude». Ideia horri heldu dio ilobak ere: «2025ean, Jose Antonio Agirre alkate izan zuen Euskal Herriko udalerri honetan, guk geure konpromisoa berresten dugu. Gure aniztasunetik eta geure eguneroko lanaz herritar librez osaturiko herri librea eraikiko dugu».

Hitzetatik ekintzetara pasa, geroa eraikitzeko

Estatutuaz gain, ekitaldian Getxon 2017an egindako herri galdeketaren balioa ere azpimarratu dute antolatzaileek. Errementeriak nabarmendu du 1933an bezala, duela zortzi urte «getxoztarrok Euskal Herriko estatusari buruzko herri galdeketan parte hartzeko aukera izan» zutela. «Gure Eskuren ekimenez, hura ere ariketa demokratikoa izan zen, herritarren eskubideen eta euskal herriaren burujabetzaren alde eginikoa», adierazi du.

Beste aldetik, Francok eskatu du «gaur egungo errealitate berriei aurre egiteko, hurrengo belaunaldientzat etorkizun hobea eraikitzeko». «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Erabakitzen hasteko garaia da. Erabaki horien gainean geroa eraikitzen hasteko garaia da», esan du, duela zortzi urte Getxon egin zen moduan: «Prozesu hori egiteko ezinbestekoa da herritarren parte hartzea. Duela zortzi urte, Gure Eskuren bitartez, ariketa demokratiko xume bat eskaini genien getxoztarrei. Galdeketa batean, erabakitzea. Hori da bidea, euskal herritarrok etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugulako».