INFO

‘Zazpikiak bat’, kalean da Geuretik Sortuak egitasmoaren komiki bilduma

‘Zazpikiak bat’ komiki bilduma eman du argitara Udabiltzak, Geuretik Sortuak proiektuaren baitan ondua. Zazpi kontakizun, zazpi begirada. Herrietan marrazkilariek egindako egonaldien emaitza da lana. Bertako istorioak entzun, ikusi eta bildu dituzte, sortzailearen eta herriaren arteko zubi lanean.

«Zazpikiak» komiki bilduma astelehen honetan aurkeztu da Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zazpi atalez osatua den komiki bilduma astelehen honetan aurkeztu du Udalbiltzak. Batetik, hizkuntzaren aferari ekarpen garrantzitsua egiteko anbizioz hasi zen ‘Zazpikiak bat’ proiektua. «Sortzen ziren lanak euskarazkoak izanik, hizkuntza zabaltzeko eta Euskal Herriari eredu propio bat eskaintzeko parada zoragarria da», adierazi du Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdik.

«Bestetik, bere istorioa kontatzen ez duen herria ez da existitzen eta momentu honetan herri historia kontatzeko tresna eta makineria artistikoa ez da gustatuko litzaigukeen bezain indartsua. Orain, inoiz baino gehiago, memoria gordeko duen historia eraiki behar dugu. Emozionatuko gaituzten istorioak, errealitatea eta imajinario askotariko eta aberatsen adierazle izango direnak. Herri eta norbanako bezala, geure bizi eta bizipoza kontatuko dizkigutenak eta beti ere euskaratik», jarraitu du Getariako alkateak.

«Zazpikiak: zazpi lurralde, zazpi anai-arreba izan daitezkeenak, edo zazpi hilabeterekin, behar baino lehen, jaio diren ernamuinak edo istorio laburrak dira hauek; etorkizunean, agian, garatu eta beste zerbait bilakatuko direnak», gaineratu du Maria Osesek, Udalbiltzako kultur teknikariak.

Mutrikuko gastronomia landu du Asier Iturralde ‘Gaston’-ek historiatik gure sukaldeetara datorren saiakera grafikoan. Opari bezala hartu du egonaldia. «Bakarrik kezkatu behar duzu sormen lana egiteagatik, zure eguneroko guztia soluzionatuta duzu», esan du. Ondorengo hausnarketa du oinarritzat bere atalak: «Mundu osoan zehar daude istiluak kanpotarren eta bertakoen artean. Zer da kanpotarra eta zer da bertakoa? Bertakoak jotzen ditugun gauza gehienak ez dira bertakoak. Elikagai asko badirudi naturan daudela, baina ez da horrela. Etorri egin dira edo ekarri egin dituzte. Jaki horiek nola moldatu dute herriaren izaera, arkitektura? Eta nola heldu dira orain arte?», galderak bota ditu.

Patrizia Etxegarai ‘Hankabako’-k Ziortza-Bolibarren etxea uzteari buruzko istorioa sortu du. «40 urtetik gora dituen emakume bat behartuta dago bere baserria uztera. Istoriorik gabe iritsi nintzen Bolibarrera. Bakardadeari buruz hitz egin nahi nuen, esan zidaten baserritar aunitz zeudela bakarrik eta joan nintzen bisitan. Horietako bat bereziki iritsi zitzaidan aunitz eta berari buruzkoa da, nahiz bere identitatea pixka bat babestu dudan. Komikiak hitz egiten du menditik behera jaistera behartuta dagoen baserritar generazio bati buruz». 

Bakardadeak lotu ditu Usue Egiaren komikiaren bi protagonistak, herrietako genero-disidentzien bizipenak plazaratuz. «Bi txori dira, bata nagusia eta senarra galdu duena eta bestea sexu bizipenak kontatzen dituena. Paseo batean euren emozio eta sentimenduek konpartitzen dituzte».

Ataun eta Etxarri-Aranatz artean aritu da Eñaut Aiartzaguena. Bi herrien arteko gai komunen bila 1936ko Gerra ostean kokatu du istorioa eta estraperloari jarri dio fokua bere komikian. «Emakumeak ipini nahi nituen istorioaren erdigunean, askotan historia oso maskulinoa izaten delako», zehaztu du. Bertako ikastetxeetako haurren ‘lankidetza’ izan du pertsonaiak sortzerakoan. Marrazketa klase bat eman nien, pertsonaia ezberdinen deskribapenak eman nizkien irudirik eman gabe eta eurek irudikatutako pertsonaiak gero hartu, nire estilora ekarri eta pertsonaia sortzeko baliatu ditut», kontatu du. 

Lekunberri, Larraun, Araitz eta Betelun aritu da Uxue Bereziartua lanean. Neskato ‘onak’ hartu ditu gaitzat. «65 urtetik gorako emakumeen bizipenak erregistratzea zen nire asmoa. Erronka izan zen istorio denak 20 orritan biltzea», aitortu du. 

Eneritz Ibarrak Atharratzen sortu du bere lana, herrian agertutako mezu misteriotsu batzuetatik abiatuta. Eta Amane Apalategik Hernanin ondu du bere zatia, euskararekiko harremanei buruzkoa. Alots Arregik egin du argitalpenaren azala.

Marrazkilariak pozarren agertu dira Udalbiltza emandako aukerarekin. «Batetik, eskuragarria da hasi berrientzako. Bestetik, ohituta gaude kultur sorkuntza behin sortuta dagoenean ordaintzera eta kontsumitzera eta beka honek ahalbidetzen du sorkuntza bera babestea. Inportantea da eta ez dugu era honetako beste bekarik ezagutzen», esan du Eñaut Aiartzaguenak.

Azaroaren 21ean eta 22an, Hernanikomik azokan egongo da argitalpena salgai, eta 21ean komikigileak bertan izango dira haien lana aurkezten. Durangoko Azokan ere izango da eskuragarri ‘Zazpikiak bat’ eta, horrez gain, abenduaren 5ean, ostiralez, 18.00etan ekitaldia izango da Durangoko Museoan Geuretik Sortuaken hirugarren edizioaren aurkezpen osatu bat egiteko, hainbat sortzaile eta herrietako ordezkarirekin batera.

2021etik datorren egitasmoa da Geuretik Sortuak. Urtarrilaren 30ean egingo da hirugarren edizioaren aurkezpen ekitaldia Hernanin, eta Udalbiltzak berrikuntza bat aurkeztuko du bertan. Izan ere, Bertsozale elkartearekin elkarlanean, bertso saio tematiko bat antolatu du, eta orduan egingo da bira horren lehen saioa.

Horrez gain, urtarriletik aurrera antzerkigintza, zinemagintza, komikigintza eta literatura-aurkezpenen zirkuitua ere hasiko da, eta herriz herri ikusi ahal izango dira sortzaileek egindako lanak. Agenda webgunean egongo da ikusgai.