EH Bilduk galdegin du Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri emateari utzi diezaiola
EH Bilduk Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuari eskatu dio Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri emateari utzi diezaiola. Salatu du «aurreiritziak eta mesfidantzak» indartzeko besterik ez duela balio eta Zupiriari leporatu dio «arazo konplexuei erantzun sinple eta populistak» ematea.
EH Bilduk atzera egin dezala eskatu dio gaur Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuari, eta Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri emateko erabakia zuzen dezala, beraz. Izan ere, erabaki horrek, Nerea Kortajarena bozeramaileak ohartarazi duenez, «kolektibo jakin batzuen kontrako aurreiritziak eta mesfidantzak elikatu baino ez ditu egingo, eta horrek kalte egingo die kohesio sozialari zein bizikidetzari».
Kortajarenak gogora ekarri du Zupiriak berak orain dela gutxira arte bat egiten zuela diagnostiko horrekin, duela urtebete eskas Voxi erantzun baitzion «atxilotuen jatorriaren berri ematea berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioen aurkakoa» zela. Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «ulergaitza» da sailburuaren iritzi-aldaketa, SOS Arrazakeriak, Arartekoak, Demokraziaren Aldeko Epaileak, PSEko Mikel Torres lehendakariaordeak eta espainiar Barne ministroak salatu dutena.
Ildo beretik, Kortajarenak ukatu du Zupiriaren iritzi-aldaketa gardentasunaren izenean justifikatu daitekeenik: «Eskuin muturrak ez du gardentasunik nahi, bere diskurtso arrazista eta xenofoboa elikatzen jarraitzeko materiala baizik, eta Zupiriak material hori eman dio gainera, ezinezkoa delako atxilotu baten jatorriari buruzko informazioa ematea estigmatizatu gabe».
EH Bilduren eledunak gaineratu duenez, «datu hori modu isolatuan ematen denean, testuingururik gabe, bestelako aldagai batzuk gehitu gabe, atxilotuen errenta eta klase soziala, esaterako, kausalidade bat ezartzen da, ustezko delitugilearen eta bere jatorriaren artean, eta horrek, ezer ez konpontzeaz gain, ateak irekitzen dizkio parez pare eskuinaren eta ultraeskuinaren manipulazioari». Azaldu du «arazo konplexuei erantzun sinple eta populistak» ematea dela egiten ari direna, eta horrek «diskurtso arrazista eta xenofoboak elikatzeko» baino ez duela balio, «sektore jakin batzuk kriminalizatu eta haien aurkako gorrotoa sustatzeko».
Hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduko legebiltzarkidea kezkatuta agertu da, bereziki, Segurtasun sailburuaren irizpide-aldaketaren jatorrian egon daitekeen arrazoi eta analisi politikoarekin. «Motibazioa politikoa izan daiteke bakarrik, kalkulu elektoralen araberakoa, eta hori benetan kezkagarria iruditzen zaigu, hain konplexuak diren gaiei epe motzeko interes alderdikoi eta elektoraletatik heltzea oso arriskutsua delako», salatu du.