Hirukote gazte batek Grandes Jorasses-eko ‘Directe de l´Amitie’ bidea askatu du
Simon Martinet, Esteban Daligault eta Virgile Devin izan dira protagonistak. Talde horrek zintzilik zegoen A3 mailako luzea era librean igo eta M9+ proposatu du. Ibilbide hori Grandes Jorasseseko iparraldean dagoen bide gogorrena da.
Azken asteotan Alpeetan eta batez ere Grandes Jorasses-eko iparraldeko horman baldintza onak izan dira. Horri esker, sokada frantziar gazte batek aukera izan du zintzilik zegoen helburu bat biribiltzeko. Hain zuzen ere, Simon Martinet, Esteban Daligault eta Virgile Devin frantziarrek ekarpen handia egin berri dute ‘Directe de l´Amitie’ askatu eta gero.
Gogora dezagun marra mitiko hori Grandes Jorasses-eko gogorrena dela edo, bederen, murru erraldoi eta laiotz hori ondo ezagutzen dutenek hori diote. Duela 51 urte, Yannick Seigneur, Louis Audoubert, Michel Feuillerade eta Marc Gally frantziar historikoek “Directe de l Ámitie” sortu zuten neguan. Nahiz eta ondoren ibilbide gogor gehiago zabaldu ziren, zailtasunaren aldetik aura berezia izan du.
Pixkaka bada ere, alpinismoaren eboluzioari esker ibilbide hori era askeko joera hartzen joan zen. Joan den astera arte, 1.100 metro luze den marrak horrek honako zailtasun orokorra zuen: M7/A3, eta M8 mailako bi luze. Iragana aipatzen ari gara; izan ere, gazte horiek artifizialeko A3 mailako sekzio hori librean igo dute. Proposamen berria: M9+, 90º, 7a/A1. Hortaz, Martinet, Daligault eta Devinek historia egin dute Mont Blanc mendilerroan. Gogoratu behar dugu ingurumari hartako alpinista zailduenak (besteak beste, Leo Billon, Benjamin Vedrines eta Seb Ratel) saiatu zirela ibilbideari puntu gorria jartzen, baina, diogun bezala, hiru gazte horiek izan dira arrakasta lortu dutenak.
Azaroaren hastapenean, hotzak eta elurrak Alpeak bisitatu zituzten. Devinek bi kideei aipatu zien ‘Directe de l´Amitie’-ren baldintzak egokiak zirela eta unea aprobetxatu behar zela ekinaldi bat egiteko. Gaztetasunaren energiak bultzatuta, hirukotea martxan jarri zen. Lehen eskalada eguna ez zen zaila (50ºko aldatsak) izan, eta plataforma batean bibaka egin zuten.
Bigarrenean, berriz, egoera arras aldatu zen. Devinek eta Daligaultek M8 mailako bi luzeak kateatu zituzten; lehenbizikoa, gainera, Devinek bistan.
M9+
«Beroketa» lan hori egin eta gero, bidearen giltzara joan ziren zuzenean, hots, A3 mailako luzera. Sekzio hori librean saiatu zirenek baieztatu zuten metro horiek askean egiteko zeharkaezina zela. Baina gazteek bazuten karta bat gordeta. Izotz eskaladan eta dry tooling-ean Devin espezialista handia da.
Eskuarki, UIAA-k antolatzen dituen nazioarteko izotz eskaladako lehietan parte hartzen du. Gaztea da, bai, baina teknikoki egundoko sasoia du. Eta hain zuzen ere, Devinek ardura hartu zuen A3 mailako tarte horretan: «Adrenalina topera nuela, lehen metroak eskalatzen hasi nintzen. Bazirudien Munduko Kopako final batean nengoela. Irabazi ala galdu, hori zen lema nagusia. Lehenbiziko sei metroak oso desatseginak dira: arroka puskatua eta artesi zikinak. Heldulekuren bat edo beste puskatu eta artesian irrist egin eta gero, bizpahiru alditan ia erori nintzen. Pioletak hartu eta festa hasi zen. Eroria duen artesi batean sartu nintzen harkaitzezko sekzio onenak bilatzen. Gustuko ez nituen heldulekuak saihesteko mugimendu luzeak egin nituen. Horma oso leuna zen, eta oreka galtzeko zorian egon nintzen. Bat-batean, amaierako plakan nengoen. Ia ez nuen sinisten. Bilerara librean eta erorikorik gabe heldu nintzen. Egundoko garrasia jaurti nuen. Zalantzarik gabe, orain arte mendian bizitako une onena izan da».
Oraindik arrakasta hori ospatzeko une egokiena ez zen. Bigarren gaua hamakan igaro zuten. Protagonistek adierazi dute ez zela erosoa izan, baina, bederen, atseden hartzeko aukera izan zuten. Biharamunean, hirukote gazte hori hormatik irten zen. Halere, hori lortu baino lehen zortzi luze zail gainditu behar izan zituzten. Arroka oso txarrean, Martinetek azken bi luzeak igo eta gailurreria zain zuten. Gauez, arratsaldeko 6:30ean, tontorra zapaldu zuten. Une jakin horretan poztasuna lehertu zen: «Elkar besarkatu eta barre egin genuen ero modura. ‘Directe de l´Amitie’ errepikatzeaz gain, era askean igo dugu. Guretzat bidearen izena berezia da oso. Jarduera horretan kidetasunak indar handia izan zuen eta horri esker ekarpen hori egiteko aukera izan dugu».