Kazetaritza Matxistaren Behatokiak jasotako albisteen %43k genero indarkeria erromantizatzen du
Kazetaritza Matxistaren Behatokiak hedabideetan agertutako informazioak jaso eta ikuspegi feminista batetik ikertu ditu, 195 kasu argitaratu ditu momentuz eta salatu du %43ak genero indarkeria erromantizatu edo minimizatzen duela.
Kazetaritza Matxistaren Behatokiak komunikabideen berri-emate matxisten 195 kasu argitratu ditu jaio zenetik, albiste horiek dokumentatu eta kategorizatu ditu ikuspegi didaktiko bat erabiliz. Euskal Herrko Unibertsitateko Bitartez ikerketa taldea, Pikara Magazine eta M8komunikatzaileek bultzatuta abiatutako proiektua da. Jasotako informazio gehienek, %43ak hain zuzen ere, «genero indarkeria minimizatzen edo erromantizatzen» dutela salatu dute,
Madrilen aurkeztu dute txostena bertako Prentsa Elkartean, «Kazetaritza ona ez da bateragarria matxismoarekin, eta EHUtik, erakunde gisa, berresten dugu gure konpromiso feminista», nabarmendu du aurkezpenean Estitxu Garaik, EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak.
Azaldu dute proiektua jendeak webguneko eta sareetako postontzi baten bidez helarazten dtuen informazioekin hornitzen dela, eta ondoren, adituek- akademikoek, kazetariek eta feminismoan adituak direnek- informazio horiek aztertzen dituztela. Berri-emate sexista erakusten duten informazioak argitaratzen dituzte taldekide guztiek aho batez aukeratzen eta onartzen badtu.
Informazio matxista bakoitza bederatzi kategoriaz osatutako taxonomia propio batean sailkatu dutela kontatu dute. Kasu bakoitzean, Behatokiak berri-emate matxistak zergatik den azaltzen du, eta arazoa konpontzen duen titular berdinzale baten proposamena ematen du. «Helburua didaktikoa da, ez dugu profesionalik edo mediorik seinalatu nahi. Kazetaritzako ikasgeletan ohikoa dena gizarteari hurbildu nahi diogu. Ikasle batek ere ez luke titular horiekin aprobatuko», adierazi du Angeriñe Elorriagak, proiektuaren zuzendarikide eta EHUko Bitartez ikerketa-taldeko kideak.
Bederatzi kategoria
Gehien errepikatu dena indarkeria matxista erromantizatu edo minimizatzen duen kategoria da, hautemandeko kasuen %43an gertatzen baita. Eta pare bat adibide mahaigaineratu dituzte: «Dos años de cárcel por mantener relaciones sexuales con una niña de doce años» edo «Un joven tiene sexo consentido con una chica en Sigüeiro pero acaba condenado porque intentó una práctica que ella le advirtió que no haría».
Emakumeak kosifikatu eta azaleko trataera ematen diotela %16k kontatu dute, hala nola «El espejo del alma: Paloma Lago: Tipazo y cara pepona por los rellenos». Hurrengo kategoria biktimari ardura egozten diona da, %11rekin. Honako titular hauek biltzen ditu: «Una mujer provoca un accidente cuando su maltratador trataba de estrellar el coche para matarla».
Balioa irudi maskulinoekin lotzen duten albisteak % 9 dira («La novia de David Broncano reaparece tras la polémica con Melody»); emakumeen lorpenak ikusezin bihurtzen edo minimizatzen dituztenak % 8 («La selección española de waterpolo, campeona de Europa por primera vez», gizonezkoen selekzioari erreferentzia egiten ziona, emakumezkoena hirutan irabazia zegoenean); «emakume» hitzaren erabilera problematikoa egiten dutenak % 6 dira («Una mujer para dinamizar la justicia militar»); genero-estereotipoak indartzen dituztenak % 5 dira («El caos por el pantallazo azul de Windows inunda Barajas: una ‘avalancha de gente’ y clientas ‘desquiciadas’»); nomenklaturan bereizten dituztenak % 5 dira; («Irene, Isa, Ione y Noelia: Iglesias radicaliza Podemos»); eta, azkenik, emakumeak edozein gatazkaren erantzule egiten dituztenak % 4 dira («El movimiento feminista que amenaza la supervivencia de Corea del Sur»).
Behatokiak dagoeneko komunikazio-fakultateetan lantzen ari diren material didaktikoa sortu du, eta ikasturte honetan batxilergoko ikasgeletara ere zabalduko da, Lakuarekin batera garatutako proiektu pilotu batean. «Kazetaritza sexista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia falta edo portzentaje batean huts egitea bezala, kazetaritza matxista ona ez dagoelako. Hedabideak gizartea bezain matxistak dira, baina aldatuz gero, gizarte berdinzaleagoa lortzen lagunduko digun palanka izan daitezke», adierazi du Iker Merchan Mota EHUko ikertzaileak, proiektuaren zuzendarikideak.