Joseba Sarrionandia eta Sam Gandarias Ibarrangelura ‘itzuliko’ dira ostiralean
Simon ‘Sam’ Gandarias bertsolari eta artzain euskal-amerikarraren istorioa berreskuratu du Joseba Sarrionandiak ‘We are plenty in here Euzkadin eginak’ (Pamiela) liburu zirarragarrian. Eta Gandarias ahanzturatik atera ondoren, haren jaioterrian, Ibarrangelun, izango da iurretarra ostiralean.
Datorren ostiralean, azaroak 28an, 19.00etan Ibarrangeluko kultur etxean aurkeztuko du Joseba Sarrionandiak atera berri duen liburua, ‘We are plenty in here Euzkadin eginak’ izeneko saiakera. Beste edozein aurkezpena izan zitekeen hau, baina badu bere ‘zera’, Bizkaiko kostaldeko Busturialdeko herri honen bertan jaio baitzen Simon Gandarias, liburuaren protagonista, hain justu, ahanzturatik Sarrionandiak atera duena.
«We are plenty in here?» hasten da abesti bat, ingelesa eta euskara konbinatuz, kaleko prostituzio harreman batzuk kontatzen dituena. Herri-abesti moduan zabaldu dena, eta Oskorrik musikatu zuena, Simon Gandariasen bertso batzuk dira. Pertsonaia ahaztua baita Simon ‘Sam’ Gandarias ibarrangelutar-elantxobetarra.
Izena, beste askok bezala, ingelesera eraman zuen Gandariasek. Eta duela ehun urte, zer-eta bertsoak egiten zituen Gandariasek Utah, Nevada, Kalifornia, Idaho, Oregon aldean. Zergatik alde egin behar izan zuen Euskal Herritik? Zertarako idazten zituen euskarazko bertsoak Ameriketako Far Westean? Galdera hauei erantzuten dio iurretarrak saiakera honetan.
Ibarrangeluko Biderdi baserrian jaio eta, herriko hainbaten moduan, Ameriketara emigratu behar izan zuen Simon Gandariasek, orduko soldadutzatik alde egiteko. 1915ean, ‘Chicago’ itsasontzia hartu eta Le Havreko portutik atera zen AEBrantz. Artzain eman zituen urte luzeetan, emaztea –elantxobetarra– eta seme-alabak Euskal Herrian bizi ziren. Familiatik urrun, sorlekutik urrun, gizarte amerikanoan integratzeko ahaleginak egin zituen.
Testuinguru honetan, hango euskaldunen bizipenak eta oroimenak eta oroiminak kantatzen zituen Sam Gandarias bertsolariak, orduko gizartea irudikatuz.
Ibarrangeluko udalak aipatu duenez, liburua «herriarentzat opari bat izan da». «Sarrionandiak, liburu honetan, testuen arkeologia egin du. Bertso ahaztu batzuk bilduz eta emigrante baten bizitzaren lorratza ikertuz. Gaur egunean indarrean eta ibilbide ideologikoen ardatzean dauden memoria historikoa eta emigrazioa dakar lehen lerrora. Euskaldun askoren ibilbidea eta lanbidea izan baita emigrazioarena, halabeharrez», gehitu du Udalak.
Sam Gandariasen aztarna Manu Sotaren eskuizkribu batean aurkitu zuen Sarrionandiak. Maitena Iragorriren ediziopean publikatu berri den ‘Manu Sota, Viaje a Idaho 1938’ (Pamiela) liburuan jasotzen den eskuizkribuan, alegia.