INFO

«Hemen harrapatu gaitu Estatu kolpeak», Ekinbide GKEko kideak Guinea-Bissauko krisiaren lekuko

Bafatako misio humanitarioan ziren bitartean harrapatu ditu Estatu kolpeak Jon Etxezarreta eta Ekinbide GKEko beste kideak. Militarrek boterea hartu dute hauteskundeen ondoren sortutako egoera nahasian, eta herrialdea ziurgabetasun politiko sakonean murgildu da.

Ekinbideko kideak Guinea-Bissauko suhiltzaileei formakuntzak eskeintzen egun hauetan zehar (Jon Etxezarreta)

«Hau gertatzen zaigun lehenengo aldia da», onartu du Jon Etxezarretak Bafatatik, Bissautik bi ordura dagoen herritik. Ginea-Bissauko hiriburuan, militarrek joan den asteazkenean hartu zuten boterea eta Estatu kolpea gauzatu zuten, bera eta Donostiako zenbait suhiltzaileek osatzen duten Ekinbide GKEko gainontzeko kideak ustekabean harrapatuz. «Igandean bertan iritsi ginen Senegal eta Ginea-Bissauren arteko mugara», azaldu dio NAIZi. Hala ere, ez ziren astelehenera arte herrialdean sartzea lortu: «Ezin genuen errepidetatik ibili, guztia itxita zegoen».

Guineak, pasa den asteazkenetik, Mali, Niger eta Burkina Fasok azken urteetan pairatutako pasarteak gogorarazi ditu. Igandeko hauteskundeen ondoren, militarrek boterea hartu zuten emaitzak publikatu aurretik. Umaro Sissoco Embaló presidentea oraindik desagertuta dago, militarrek asteazkenean atxilotu ostean.

Asonada militarra gauzatu aurretik, Embalóren aldekoek euren hautagaiaren garaipena iragarri zuten botoen %65a lortuta, eta oposizioko Fernando Diasek, aldiz, botoen %51arekin irabazi zuela aldarrikatu zuen. Hala, eta legitimitate instituzional zein militar oso eskasarekin, bere burua agintari izendatu duen Horta N’ta jeneralak —orain arte Estatu Nagusiko burua izan denak— «demokrazia eta egonkortasun politikoa» babestuko dituen trantsizio bat iragarri du.

Bafatán egoera ez da hain dramatikoa, oraingoz. «Arazo eta gatazka gehienak hiriburuan ari dira gertatzen», dio Etxezarretak. Kanpotik ikusita herrialdea ziurgabetasun politiko sakonean murgilduta egon arren, hark egoera «egonkor» gisa deskribatu du, eta honako hau gaineratu du: «Militarrak ikusi ditugu, baina hemen egoera lasaia da».

Era berean, azpimarratu du «bertakoek lasai jarraitzen dutela, hau normala dela diotelako». Lasaitasun hori Estatu kolpeek Guinea-Bissauko historian izan duten maiztasunean oinarritzen da. 1974ko independentziatik, herrialde afrikarrak gerra zibila eta bost Estatu kolpe pairatu ditu, eta beste hainbat saiakera ere egon da. Azkenak 2022an eta 2023an gertatu ziren, egungo gobernuaren gorabeherekin harreman estua zutela eta.

Aurten bertan, urrian, Armadak zenbait ofizial atxilotu zituela iragarri zuen, ordena konstituzionala erasotzeko asmoa leporatuta. «Kolpeak izan dituzte lehenago ere; hortaz, ez dira bildurtzen ezta urduri jartzen ere», azaldu du Etxezarretak.

Analistek azpimarratu dute ere narkotrafikoak gertakari berri honetan izan dezakeen rola. Narkotrafikoko kapoen gertutasun eta babesarekin, Sissokok herrialdea Hegoamerikatik iristen den kokainaren latura nagusi bihur dezake. Aurretik ere hainbat operaziotan, AEBetako droga-aurkako agentzia den DEA bezalako erakundeek herrialdeko kostaldean atzeman dituzte Kolonbia edo Venezuela bezalako herrialdeetatik zetorren kargamentuak. Horrela, aurreko estatu-kolpe saiakera askok zuzenean lotu izan dira trafiko ilegalerako erabiltzen diren ibilbideen kontrolaren inguruko gatazkekin. Lehia horiek Sahel inguruko herrialde mugakideetan izandako kolpeekin antzekotasunak nabarmenak dituzte, merkataritza-bideak gertaera askoren atzean dauden arrazoi nagusietako bat baitira.

Lana ezin da eten

Ekipamendua emateaz gain —bertako suhiltzaileek anbulantzia gisa ere erabil ditzaketen kamioiak, esaterako—, GKEak laguntzen dien suhiltzaile taldeei prestakuntza espezializatua ere eskaintzen die. Guinea-Bissauren kasuan, Etxezarretak adierazi du «putzuetan gertatzen diren erreskateak oso ohikoak» direla. Biztanle askorentzat uraren iturri bakarra direnez, «ez da arraroa jendea haietan behera erortzea, une jakin batzuetan dagoen iluntasunagatik», gehitu du suhiltzaileak.

GKEak Open Arms eta Aita Mari erakundeen ontzien mantentze-lanetan ere parte hartu izan du, baita Mediterraneoan migratzaileen erreskate operazioetan ere.

 

Ekinbideko kideentzat hirugarren bidaia da Guinea-Bissaura, eta Etxezarretak onartu du «laguntza humanitarioarekin goazenez, nolabaiteko tratu berezia jasotzen» dutela. Eskualdeko gobernadoreak berak jarri dizkie segurtasuna bermatzeko pertsonala: «Militar pare bat jarri dizkigute atean, segurtasunagatik».

Hurrengo helmugan, Sierra Leonan, Etxezarretak azaldu ditu mugan izan ditzaketen oztopoak: «Herrialdera sartzeko eta irteteko mugetako arazo normalak ditugu. Hori bai, horrelako egoeretan aitzaki gehiago jartzen dituzte eta prozesua luzatu egiten da». 

Nahiz eta herrialdeak bizi duen egoeraren jakinmina izan, tokian bertan transmititutakoaren arabera, Etxezarretak azpimarratu du «egoera normalizatzen ari dela». Hala ere, lasaitasunaren itxurak ezin du estali benetako arazoa: estatuaren egonkortasuna ez dago bermatuta, eta militarrek berriro ere beren boterea inposatzeko gaitasuna erakutsi dute.

Guinea-Bissauk bere bizilagunen etorkizun antzeko baten bidea hartu zuen pasaden asteazkenean.