INFO

Maddalen Arzallus garaile, Xilabaren lehen faseko azken saioan

Ligin aritu diren bertsolariak; ezkerretik hasita bigarrena dena nagusitu da, Maddalen Arzallus. (Xilaba)

Maddalen Arzallus izan da garaile igande honetan Ligin eginiko saioan eta honekin Xilabaren lehenengo fasearen bukaera heldu da. Aurrera egingo du Arzallusek; hurrengo erronka Aiherran izango du, bigarren fasean jada, honen aurreneko saioan kantatu beharko baitu, hurrengo larunbatean zehazki, abenduaren 6ean.

Ligiko herriko gelan jokatu da lehen faseko laugarren saio hau. Bete egin da aretoa eta ondorioz zenbait lagunek xutik jarraitu behar dute emanaldia. Nor baino hor, bertsolari hauek: Beñat Larrory Tanto, Bittor Thicoïpe Leizagoien, Irantzu Idoate Funosas, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Maddalen Arzallus Antia eta Pettan Prebende Thikoipe.

Lan puntuagarri guztiak osatu ondotik, Maddalen Arzalluz izan da puntu gehien bildu dituena: 357 puntu. Bigarren tokian Irantzu Idoate Funosas sailkatu da, 329 puntu zituela. Irati Alcantarilla Urdanpilletak 324,5 batu ditu; Bittor Thicoïpe Leizagoienek, 298,5; Pettan Prebende Thikoipe, 292,5; eta Beñat Larrory Tanto, 291.

Aurreko emanaldiek beste hiru garaile utzi dituzte: Maddi Ane Txoperena nagusitu zen Bidarten, Miren Artetxe Domintxainen eta Ramuntxo Christy Ainhoan.

Gai emaile lanetan Oihana Larrandaburu Goñi aritu da. Lehia hasi aurretik, «Alozeko bertso eskolako haurrek doinu biziz sarrarazi gaituzte bertso txapelketan, boz ederrekin entzun ditugu arratsaldeko lehen bertsoak», nabarmendu eta eskertu dute antotzaileek.

«Ligiko herriko etxearen laguntza ukan du Bertsularien lagunak elkarteak saioa antolatzeko. Ligiko dantza eskolako burasoak eskertu nahi ditugu, ostatua eta taloak proposaturik», erantsi dute Xilabatik.