Durangoko Azoka zuzenean, NAIZ Irratiaren eskutik
Bigarren Kafeak egunero (10.00-12.00) Durangoko Azoka ikusi eta entzuteko aukera emango duen saio berezia egingo du Landako gunetik. Gainera, Zebrabidea ere bertatik eskainiko du NAIZ Irratiak eta Berbagailua ekimenean ere izango da.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Euskal kultur sorkuntzaren topaleku izango da beste urte betez Durangoko Azoka eta NAIZ Irratiak zuzenean ikusi eta entzuteko aukera eskainiko du egun hauetarako prestatutako programazio bereziaren bidez.
Bigarren Kafeak Landako gunean bizitzen ari dena zuzenean entzun, eta ikusteko aukera eskainiko du egunero 10etatik 12tara. (Albiste honetan bertan izango da saio berezia ikusgai, egunero).
Lau egun hauetan euren lanekin Durangora doazen sortzaile, argitaratzaile eta sustatzaileak pasako dira NAIZ Irratiak Landako gunean jarri duen setetik.
Arrosa irrati sarearen ekimenez ekoitzi ohi den Zebrabidea saioa ere Durangotik izango da. Bi saio berezi eskainiko ditu. Lehena ostiral honetan, Euskal Irratien eskutik eta Gure Irratiko Arantxa Idieder eta Antxeta Irratiko Aitziber Zapirain gidari. Astelehenean izango da bigarrena, Azokaren balorazio kutsua hartuko duen azken saioarekin, kasu honetan NAIZ Irratiko Malen Frantsesena eta Garazi Castaño gidari.
Berbagailuan Kontatzera Noazu
Durangoko Azokaren aurtengo berrikuntzen artean Berbagailua, Podcasten Plaza, dago. Azoka bitartean hainbat komunikazio proiektutako bideopodcastak grabatuko dira bertan. Horien artean izango da NAIZ Irratiko Kontatzera Noazu, Eli Pagolak eta Andoni Rekondok gidatzen duten bertsoen inguruko irratsaioa. Azokan bertsolaritzak duen tartea eta eskaintza izango dute hizpide eta tarte berezia eskainiko diote bertsolaritza eta elektronika uztartu dituen ‘Itzali eta Piztu’ proiektuari.