Makina bat txokotatik iritsitako 2.500 ikasle baino gehiago hartu ditu Azokak
Ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunen artean doa goiza Landako Gunean. 87 ikastetxe izan dira guztira aurten Durangoko Azokak prestatutako tailerretan parte hartu dutenak, denera 2.500 ikasletik gora. Euretako askok lehen aldiz ezagutu du bertatik bertara Azoka.
Goiztiarrenak Landako Gunearen kanpoaldean zeuden goizeko 9.30erako. Txikienak irakasleekin eta zaharragoak bakarrik, koadriletan. Izan da etxetik goiz atera beharrarekin, behin Durangora ailegatuta, lehenengo gauza otarteko ederra jatea egin duenik. Lehentasunak lehentasun.
Euskal Herriko makina bat txokotatik iritsitako 87 autobusez bete dira Landako Gunearen inguruak.
10.23ak dira. «7 minutu geratzen dira ateak irekitzeko. Standetik kanpo edo pasiloetan dagoen traban guztia kendu, mesedez», dio bozgorailutik antolakuntza taldeko kide batek. Atzera kontua. 10.30ak iritsi bezain pronto ume zein gaztetxo andana, arrapaladan, sartu da. Hasi da 60. Durangoko Azoka.
Porrotx eta Marimotots zain zituzten sarreran, ongietorria emanez. Hainbat gaztetxok eurekin argazkia egiteko baliatu du unea. Oihu eta algara artean, minutuek aurrera egin ahala, korridoreak berotuz joan dira. Tenperaturak eta giroak, biek egin dute gora.
Elena Marguello Azokaren komunikazio arduraduna batetik bestera dabil. Azokarentzat Ikaslo Goizak duen garrantziaz galdetu diogu. «Oso garrantzitsua izaten da goiz hau. Izan ere, ikasle asko lehenengo aldiz datoz eta ikastetxeen bidez ezagutzen dute Azoka. Gunez gune egiten diren tailer desberdinetan kultur diziplina anitzak ezagutzeko aukera dute, ezagutzen ez dituzten sortzaile berriak ezagutu eta hartu-emana edukitzeko. Garrantzitsua da gazteen artean kultur transmisioa nahi dugulako sustatu eta era berean euskaraz dela ikustea eta ikasleek hori jasotzea oso garrantzitsua da Azokarentzat», adierazi du.
Tailerretan 2.500 ikasletik gora izan da partehartzaile. Nork bere ikastetxeak etxeko lanak eginda etortzen dira asko, edo Durangoko bisitaren ondoren lantzen dute gaia klasean. «Irakasleekin harremanetan gaude eta Ikasle Goizerako antolatutako ekitaldien berri ematen diegu. Gazteak euren papertxoekin ikusten ditugu inkesta betetzeko eta ikastetxera bueltatzean gaia lantzeko, formalismo pixka batekin bizi dezaten Azoka», esan du Marguellok.
Tailerrei dagokienez, berrikuntza dira Atartean eta Berbagailuan, aurtengo bi espazio berrietan egindakoak. Ilustrazioaren ingurukoa hartu du lehenengoak eta kazetari laneatan jarri dira bigarrenean, podcast batean aurkezlearekin batera elkarrizketa egin baitiote sortzaile bati.
Ilarak
Dagoeneko lehen ilarak sortu dira. «Urtero egoten gara ilaren zain. Antolatzaileok badakigu gutxi gora behera non egiten diren eta eta nork sortzen dituen. Saiatzen gara talde edo sortzaileak ate ondoan jartzen tapoirik ez eragiteko eta ahal den neurrian ordena emateko Landako Guneari», kontatu du. Une batzuetan ez da lantegi makala.
Ikustekoak izan dira ETS eta Zetako bezalako taldeek sortutako ilarak. Ordubetez egon dira zain haur eta gazteak Iñigo Etxezarretaren selfiea edo sinadura lortzeko. Irribarrez hartu ditu zale denak Iekorako musikariak.
Taldea gustukoa dute Azkoitiko Bizi Lore ikastetxetik etorritakoek baina ez ilara egiterainoko. Talaia aretoaren ondoko txokoa bereganatu eta lurrean eserita daude, irakasleak lagun. Izaroren zaleak ere badira, baina bada musikaren gainetik maite duten zerbait, literatura. Ez da ohikoa literaturaren aldeko apustua egitea, Landakon dabiltzan gehienak musikak erakartzen baititu gehiago.
«Lehenengo ikasturtea dut hau nik eta lehen aldia da Azokara natorrena. Autobus gidariak esan digu iaz baino askoz autobus gehiago izan direla eta kabitu ezinda ibili direla», kontatu digu Irune Arrizurietak.
Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak adi ditu inguruan. Gustura dabiltza, lagun artean ikastetxetik kanpora ibiltzeko aitzakia ederra. Amets, Haize eta Ur. «Jende gutxiago espero genuen», aitortu dute.
20 euro ditu bakoitzak gustukoa eskuratzeko. ‘Onin’-en bildumako azkena, Ibon Martinen ‘Onin eta aintzirako munstroa’ da aukeratuetako bat.
«Ni neu literatura zalea naiz eta hilean behin irakurketa saioa egiten dugu bakoitzak nahi duena irakurtzeko. Ondoren tertulia egiten dugu. Beraz hemen erositako liburuak klasean irakurri ahal izango dituzte. Asko irakurtzen dute eskolan ere eta zein liburu erosi pentsatuta etorri dira. Ikasle batzuk komiki zaleak dira», azaldu du irakasleak.
Ea noiz arte irauten dien. «Guk bidea zabaltzen diegu baina eurak dira zaletu behar direnak», dio. Etxetik ere jasotzen dute batzuk zaletasuna, baina ez denek.
Pintada naziak
Ostiral goiza nazien pintadarekin esnatu da Durango. Kalean Azokak jartzen dituen seinalitikant alde naziek erabili ohi dituzten ingelesezko aldarrikapenak irakurri zitezkeen. ‘Harrotasun zuria’ eta 1488 zenbakia, zehazki, banda neonaziei lotutakoa.
Atzo egin zituzten pintadak eta gaur ezabatu dituzte Azokaren antolatzaileek.
Pintaketak sare sozialen bidez salatu dituzte azokako arduradunek. «60 urte daramatzagu hemen eta ibilbide horrekin jarraituko dugu. Batu gaitezen euskal kulturaren eta aniztasunaren alde», adierazi dute.
Durangoko Azokaren eremuan pintada naziak agertu direla salatu nahi dugu.
— Durangoko Azoka (@durangokoazoka) December 4, 2025
60 urtez izan gara hemen, eta ibilbide horri eutsiko diogu. Batu gaitezen euskal kulturaren eta aniztasunaren alde!