Martijak pianoa jo du, Zabalak melodia, eta Altuna eta Ezkurdiak dantza egin behar (16-22)
Zabalaren indarrak hasieratik bikote urdinaren alde jarri du partida Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan, baina Altuna eta Ezkurdia markagailua berdindu nahian ahalegin betean saiatu direnean, Zabalak eta Martijak defentsako lanean ere bikain moldatzen direla erakutsi dute.
ALTUNA-EZKURDIA 16
ZABALA-MARTIJA 22
Hitz-joko merkea barkatuko al du irakurleak. Javi Zabala Naiarako semea dela bistan geratu da Vall d'Hebron pilotalekuan jokatu den partidan. Izan ere, nahi hara, nahi horra, nahi batera, nahi bestera dantzatu ditu berdin Jokin Altuna nola Joseba Ezkurdia. Aurrelari errioxarrak aurrelari biek lehenengo bi jardunaldien ostean lorturiko «sorginkeria» haustea erdietsi du, atzelari segurua baino ondotxo gehiago dela erakutsi duen Julen Martija pianista lagun.
Joseba Ezkurdia bosgarren koadroan «libero» lanetan jarrita aurkariei presio handia sartzeko oso baliagarri da. Peio Etxeberria eta Rezusta aurreneko jardunaldian airean eraman zituzten Amezketakoak eta Arbizukoak eta Elordi eta Zabaleta ere menpean hartu zituzten bigarren jardunaldiko partidako azken aldera, baina Javi Zabalaren joko erauntsia lagun, Altuna eta Ezkurdia garaiezinak ez direla erakutsi du.
Nolanahi, ezin esan erasoan bakarrik distira egin dutenik Zabalak eta Martijak. Partidaren hastapenean 0-6 aurreratu da bikote urdina eta airean bota behar zituztela Altuna eta Ezkurdia ere eman du, baina neurketak aurrera egin ahala, akatsak ere iritsi dira eta Altunak txokoan zulo ederra aurkitu du airez tantoak sartzeko. Ezkurdiak berak ere oso maila ederra eman du, berdin menperatzaile izan den uneetan eta baita defentsa lanetan ere.
Baina pare bat tanto izan dituzte gorriek urdinak dantzari erabili arren, ezin izan dutenak tantoa amaitu, Altua eta Ezkurdiari buruz hauxe esatea harrigarria bada ere. Zabalaren bizkartzain lanak paregabe bete ditu Martijak —errebotera ere bidali du pilota bat atzelari nafarrak– eta atzelariari lanak kentzeko sartu izan den aldi askotan tantoa beren aldera iraultzea ere lortu du. Azken emaitza gorrien aldekoa izan balitz ere, Altunak eta Ezkurdiak mugak badituztela eta min eman dakiekeela erakutsi dute.
Zuloa ireki eta eutsi
Aurreneko 0-6ko partzial horretan egon dela partida esan liteke. Zabalak eta Martijak hasiera bikain hori baino gehiago egin behar izan dute, baina aldea tarte horretan hartu dute.
«Jokatzeko modu oso berezia dute Altunak eta Ezkurdiak, baina guk ideiak oso garbi izan ditugu. Aurreraino errematearen bila joatea, partidari erritmoa sartzea, keinu on bat egitea... aurkariak apur bat erotzea zen gure nahia, eta lortu dugu. Gerora zer-nolako maila duten erakutsi dute eta hurbildu zaizkigu, baina gogor eusten jakin dugu», onartu du Javi Zabalak, pozarren, partida amaieran.
Jokin Altunaren egunik onena ere ez da izan. Ohi baino erremate gehiago bota ditu amezketarrak, baina ezin esan ohiko hutsegiteak izan direnik, normalean baino behartuago egin behar izan baititu gipuzkoarrak bere aurreko koadroetako deabrukeriak, eta zehaztu beharraren beharraz, komeni baino erremate gehiago kanpora edo behera joan zaizkio.
Hala ere, gorriek beren txapeldun sena benetakoa dela erakutsi dute. Ezkurdiak, esan bezala, erabateko bermea erakutsi du atzeko koadroetan, azkenean Martijaren bizkarra nahi baino sarriago ikusi badu ere. Altunak, akatsak akats, tanto bat baino gehiago amaitu ditu eta Javi Zabalak, egundoko norgehiagoka jokatu arren, tarteka presaka ere jokatu du eta behar baino pilota gehiago joan zaizkio. Neurri baten, esan liteke aurrelarien akatsak bikotearen zama bizkarrean hartu nahiagatik izan direla.
Sei tantoko aldearen mugarria behin bakarrik gainditu dute Zabalak eta Martijak, baina Altuna eta Ezkurdia ez dira berdintzeko gauza sekula ere izan. Musika jo beharrean dantza egitea egokitu zaienean, urdinek zulo guztiak estali dituzte, Martijak bereziki, eta horrek gorrien desesperazioa ere erakarri du.
Ondorioz, Julen Martijak atzean amaitu duen tanto bati esker Binakako Txapelketako bigarren puntua eskuratu dute urdinek, Altuna eta Ezkurdiarekin bat eginez sailkapenean, oraindik goiz izanagatik. Nolanahi, Zabalak eta Martijak pilotalekuan jainkorik ez dagoela erakutsi dute. Estrategikoki aurrez lan aparta eratu eta bikain osatu dute gero, erasora beldurrik gabe jokatuz eta defentsan lana errematatuz.
PARTIDAKO FITXA
Pilotakadak: 632. Iraupena: 60:00 minutu. Markagailua: 0-1, 0-6, 1-6, 1-7, 2-7, 4-7, 4-8, 4-9, 6-9, 6-12, 7-12, 7-13, 9-13, 9-16, 10-16, 13-16, 13-17, 14-17, 14-20, 15-20, 15-21, 16-21, 16-22. Sakeak: 1 Altunak eta 1 Zabalak. Egindakoak: 7 Altunak eta 1 Ezkurdiak; 8 Zabalak eta 4 Martijak. Galdutakoak: 7 Altunak eta 2 Ezkurdiak; 6 Zabalak eta 1 Martijak. Gorabeherak: Sarrera oso polita Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan. Aurreneko sakea urdin.