Euskal amerikanuen «biblia», euskaraz, 50 urteren ostean
50 urte igaro dira William A. Douglas eta Jon Bilbaok, Renoko unibertsitatearen babespean, ‘Amerikanuak: Basques in the new world’ lana argitaratu zutenetik. 1986an gaztelerara itzuli zuten, baina orain arte ez da sekula euskaratu. Asun Garikaronen ardura izan da hori.
Asun Garikano itzultzaileak duela 50 urte William Douglasek eta Jon Bilbaok 1975. urtean argitaratutako ‘Amerikanuak: Basques in the new world’ liburua euskaratu du eta astelehen honetan aurkeztu du Durangon. Bere ustez, diaspora egon badela dakien arren, «uste dutena baino askoz gehiago da», eta hori argi gelditzen da ‘Amerikanuak: Euskaldunak mundu berria’ lanean, bost mendeko migrazioaren historia lantzen delako, Colonen lehen bidaiarekin hasten dena.
Izan ere, euskaldunak esploratzaileak izan ziren, misiolariak, urre bilatzaileak... «‘gold rush’ horren testigantza ugari ditugu, tartean William Perkins kanadiarrak kontatu zuen istorioa», esan du Kaliforniara urre bila joan zirenen inguruko pasarteari erreferentzia eginez. Hor kontatzen da nola euskaldunak «harrigarriak» iruditzen zitzaizkion Perkinsi: «Baketsuak dira baina haserretuz gero, arrikutsuak. Atletikoak eta indartsuak dira. Lan gogorra egin ostean, beraien denborapasak dira toka, burdin luzeak jaurtitzea eta harri astunak jasotzea». Bibolinez jotako kantu ezaguna zabaldu da Durangoko Arte eta Historiako museoko azken solairuan, «txin txin, txin txin, diruaren hotsa...», urre bila eta bizitza hobe bat eraikitzeko intentzioarekin ozeanoa zeharkatu zutenak gogoan.
Koldo Mitxelenaren gomendioz
Garikanoren aurretik, duela 50 urte argitaratu zen liburu haren sortzailea den William Douglas eta Jon Bilbao zenaren semea –Jon Bilbao ere izena duena– izan dira hizlari. «Ez dut duda izpirik ere ‘Amerikanuak’ biblia moduko bat dela, eta gainera gazte mantendu dela», esan du Jon Bilbao «semeak».
Douglas pozik agertu da euren liburua euskaraz argitaratu delako behingoz, 50 urteren ostean, «hori Euskal Herrian eman diren aldaketen isla» delako. Izan ere, 1986an argitaratu zen gaztelerazko bertsioa, baina orain arte ezin izan dugu amerikano haien jatorrizko hizkuntzan irakurri. Era berean, kontatu du liburua, berez, Nevadako Elko konderriko euskaldunen inguruko ikerketa bat izan behar zuela. «Jonek euskal europarren ikerketa historikoa egin zuen eta nik liburuaren bigarren partea, ikerketa antropologikoa, artzain artean egin nuen landa lanean oinarrituta».
Liburuaren jatorria oso lotuta dago Renoko unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroaren sorrerarekin. Douglas antropologia ikasten ari zela, Etxalar eta Aulestin izan zen, eta ikasketak amaitzean, Renon Euskal Ikasketen programa abiatzeko eskatu zioten, baina galduta sentitzen zen. «Etxalarren ikertzen ari nintzenean, Donostiara joaten nintzen maiz eta Koldo Mitxelena ezagutu nuen, eta hark esan zidan Jon Bilbaorekin harremanetan jarri behar nuela, AEBn zegoelako. Behin Washingtonera joan behar nintzen, topaketa batera, eta Mitxelenari esan nion hari abixatzeko, eta honela ezagutu ginen. Berak beti izan zuen Euskal Ikasketen zentro bat sortzeko ilusioa, saiatu zen New Yorken eta Indianan, baina ez zuen lortu. Berak bazekien nola gauzatu. Niri egindako enkarguaren berri eman nion, eta esan zidan prest zegoela AEBtako ekialdean zuen lan ziurra uzteko, gurekin etortzeko. Horregatik, dekanoari esan nion Jon Bilbao kontratatzen ez bazuten, ni beste unibertsitate batera joango nintzela», eta honela hasi zen bien arteko harreman profesionala eta bizitza osorako iraun zuen adiskidetasuna. «Anaiak ginen, aita eta semea bezalakoak; ni aita, bera baino gazteagoa izan arren», esan du txantxetan.
Jon Bilbaoren semeak gogoan du Douglas ezagutu zuen lehen eguna. «Gizon altu bat etorri zen etxera. Zaharra zela iruditu zitzaidan, baina 30 urte inguru izango zituen», bota du honek ere txantxari helduz. «Adin eta aurrekari desberdinak izan arren, primeran egin zuten bat. Nire aitak sekulako konfidantza zuen Billengan», kontatu du Bilbaok.
Azkenik, Bilbaok esan du aitak kontratu ziola liburuari izenburua jartzea kostatu zitzaiela, eta editorearengana joan zirenean, liburua amaituta, hark galdetu ziela, «nola deitzen diezue etorri diren euskaldunei?», bada «amerikanuak», eta horrela jarri zioten.
Basamortuko oasia
Museoa Atarte gunearen egoitza da egun hauetan, eta goiko solairuan hitzaldiak dauden bitartean, beste bi pisuetan euskal irudigileei eskainitako espazioak daude. Museoaren lasaitasunetik azokaren erdigunera bueltan, Landakon azken orduei zukua ateratzen daude euskal sortzaileak.
Izaro, gure euskal «Mariah Carey», diskoak sinatzen zebilen eguerdian. «Mallabia Carey deitzen didate», zioen gabonetako disko bereziari erreferentzia eginez. Estudiokoa eta Kursaalean zuzenean grabatutakoa ere bazituen salgai, eta biniloak agortuta zituen jada.
Latzeneko kideak ere bazeuden euren itzuleraren diskoarekin. «Gozada bat da ‘Denboraren Orbainak’ diskoak izan duen harrera. Gaur gure fitxaje berria hemen dago, Yerko Ortiz. Berarentzat berria da hemen egotea, baina guretzat ere bai, nolabait, denbora asko pasa delako», esan du Aitor Uriarte Oñatiko metal taldeko ahotsak.
Literaturara salto eginez, Elkarren standean Katixa Agirre eta Karmele Jaio buru belarri zeuden liburuak sinatzen. Haiekin zegoen Xabier Mendiguren editorea: «Euskara eta kultura protagonista diren egun batzuk bihurtzen dira hauek, urte osoko basakortuan oasi bat bezala».