INFO

Lurrikara eta berrasmaketa emakumezkoen Bundesligan

Alemaniako futbolak azken hamarkadan galdu duen nagusitasuna berreskuratu nahi du. Federazioak eta klubek helburu bera dute, baina ez dute bidea elkarrekin egingo. Klubek Liga zuzenduko duen elkarte berria sortu zuten atzo, profesionalizazioa eta garapena helburu.

Jokalarien profesionalizazioa eta publiko-kopurua handitzea dira Bundesliga berriaren helburu nagusietakoak. (Union Berlin FC)

Emakumezkoen Bundesliga sortu zenerako, 1990ean, martxan ziren jada beste Liga batzuk. Baina laster bihurtu zen munduko lehiaketa indartsuena. Alemaniako selekzioa kontinenteko txapelketak menderatzen eta mundukoetan agertzen hasi zen eta klubek gauza bera egin zuten mende hasieran UEFAko Emakumezkoen Kopa izena zuenaren lehen edizioetan. Gaur egun ere Alemania da Europako titulu gehien dituen herrialdea, selekzio zein klub mailan.

Baina garaiak aldatu egin dira. Azken hamarkada luzean, Rio 2016ko urrea da alemanek ospatu duten garaipen bakarra. Aldi berean, Turbine eta Duisburg bezalako txapeldunek nekez bizirauten dute edo birfundatu egin behar izan dute; FFC Frankfurt taldea Eintratchen azpiegituran sartu zen eta, azken hamarkadan, Wolfsburgo bakarrik iritsi da Txapeldunen Ligako finalera. Municheko Bayern boteretsua bera kikildu egiten da herrialdeko mugak zeharkatzean. Eta izarrei -etxekoak barne- gehiago gustatzen zaizkie beste koloretako elastikoak. Hala, kluben ekimenez, federazioen bultzadarekin, inbertsio funtsen laguntzarekin, selekzio nazionalen arrakastek bultzatuta… beste liga batzuk hazi egin dira, izugarri hainbat kasutan, Bundesliga harrapatu eta gainditzeraino. Suediako ligak edo Norvegiakoak ez bezala, ‘big five’-ean jarraitzen du, baina Alemanian ez dira konformatzen eta antzinako distira berreskuratzeko lanari ekin diote.

Helburuak ez dira soilik Ligari begirakoak, eta, adibidez, Alemaniak 2029ko Europako Txapelketa antolatuko du, UEFAk joan den astean iragarri zuenez. Helburu orokor horretan bat datoz Federazioa eta klubak. Baina ez da gauza bera gertatuko bidearekin, Bundesliga berrasmatzeko prozesua bien arteko zubiak pitzatu dituen lurrikara batekin hasi baita.

Iragarkia eta sorpresa

Joan den azaroan, Federazioko Batzar Nagusiak Bernd Neuendorf hautatu zuen berriro presidente eta estatutuak aldatzea onartu zuen, Bundesliga berrantolatu ahal izateko. Neuendorfek berak iragarri zuen 2026tik aurrera txapelketa Federaziotik bereiziko zela eta horrek 100 milioi euroko laguntza emango ziola lehen zortzi urteetan hainbanatuta, abian jartzeko eta emakumezkoen futbola benetan profesionalizatzen laguntzeko. Erabakia hartu aurretik, sakon aztertu zen Alemaniako emakumezkoen futbolaren errealitatea eta, lan horri jarraituz, praktika, baliabide, azpiegitura edota jarraipen mailan hazkundea errazteko gakoak ezarri ziren.

Poztasun handiz hartu zen albistea, baita data jarri ere txapelketa “berriaren” lehen harria jartzeko; abenduaren 10a, alegia. Atzo heldu zen eguna eta harria jarri zen, baina Frankfurten izandako ekitaldian ez zen Federazioko ordezkaririk egon.

Joan den astean, ustekabean, Lehen Mailako hamalau klubek Bundesliga antolatzeko erakunde independente eta bateratua eratuko dutela iragarri zuten, Federazioaren parte hartze zuzenik gabe. Hau da, Alemanian gizonezkoen bi kategoria nagusiak kudeatzen dituen Deutsche Fussball Ligaren (DFL) antzeko elkartea. Federazioarekin lankidetzan aritzeko atea zabalik utzi zuten, baina lehiaketa abian jartzeko harekin elkartzeko aukerari atea itxi zioten.

Arrazoia? Klubei elkartea formalizatzeko aurkeztutako dokumentazioak ez omen zituela aurreko hilabeteetan adostutako akordioak jasotzen. Aurreikusita zegoen enpresa bateratu bat sortzea, ligaren marketina, antolaketa eta kudeaketa estrategikoa zuzenduko zituena, eta Federazioak 100 milioi euro eta klubek 700 euro inbertitzea. Antza denez, alde hori ez zen islatzen, besteak beste, lehiaketaren barruko bozketetan edo erabakiak hartzerakoan. Eta klubek ezetz esan dute.

Bundesligako 14 kluben ordezkariak Frankfurten bildu ziren atzo, elkarte berria eratzeko. (FBL)

ederazioan azalpen bila jarraitzen duten bitartean, trena geltokitik atera da. Bundesligako hamalau klubak Frankfurten bildu ziren atzo Emakumezkoen Bundesliga (FBL) sortzeko. «Mugarri bat», sustatzaileen hitzetan. «Konpromiso partekatua da Alemaniako emakumezkoen futbolaren etorkizuna modu aktibo eta iraunkorrean moldatzeko, haren potentziala garatzeko eta inbertsio garrantzitsuen bidez ahalik eta gehien profesionalizatzeko», ziurtatu zuten.

Eintrachteko Katharine Kiel da elkarteko lehen presidentea, eta Alemaniako futbola lehen lerrora bueltatzea da bere helburu nagusia. Denborarekin ikusiko da lortzen duten, baina oraingoz Europako esperientzia arrakastatsuena Ingalaterrakoa izaten ari da. Hau da, Federazioaren eta kluben arteko elkarlan sendoenarekin jaio eta hainbat urtetan jarraitu duena, hauek beren kabuz hegan egiten hasi aurretik.

Hazkundea

Proiektuaren oinarri gisa, Federazioak «Perspektiba berriak: Bundesligaren etorkizun komertziala» izeneko ikerketa sakona egin zuen. 2.000 pertsonek baino gehiagok parte hartu zuten, futbolariak, klubak, hedabideak eta babesleak kontaktatu ziren, eta hainbat arlotan egin ziren azterketak.

The Football Week-ek jaso zituen ikerketaren emaitzen arabera, klubek 20 milioiko merkatu-bolumena dute gaur egun. Aurreikuspenen arabera, ia bikoitza izango da datorren denboraldian, eta, egoera baikorrenean, aurrera egiten jarraituko luke, 2031/32 denboraldian 130 milioira iritsiz. Hori lortzeko, hazkundea lortu behar da hainbat arlotan: telebistan hedatzea, irekia zein ordainpekoa, zelaietara doan publiko kopurua, futbolarien kopurua, babesletza-egituren profesionalizazioa eta emakumezkoen taldeak kluben erakundeetan integratzea. 

Baikortasuna dago hazkunde orokor horren inguruan, dagoeneko sumatzen baita zenbakiak goruntz doazela. Aurreko hauetaz gain, azterlanak inbertitzeko prestutasuna handitzen ari dela nabarmendu du. Kluben %82k, gutxi edo ezer ez inbertitu zuen emakumezkoen futbolean duela bost urte baina, gaur egun, erdira jeitisi da kopuru hori eta gainera, kluben heren batek datozen bost urteetan diru kopuru handiak edo oso handiak inbertitzeko asmoa du. 

Federazioak, nolanahi ere, futbolariengan jarri du arreta berezia. Ikerketak gogorarazten du Bundesligako jokalari asko oraindik ezin direla futboletik erabat bizi eta horregatik inbertsioa profesionalizazioan zentratu beharko litzateke. Federazioaren hasierako asmoa zen bere funtsak azpiegituretara, arreta medikora, prestakuntzara, marketinera, digitalizaziora eta langileen garapenera bideratzea, lanaldi osoko egitura profesionalak ezartzeko helburuarekin.

Azterlanaren ondorioak bere irizpideekin kudeatu beharko ditu orain klubek sortutako elkarte independenteak, eta, printzipioz, 700 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du proiektuan.

Kanpotik eskain diezaiekeen laguntzaz gain, Federazioak beste proiektu batzuk ere baditu lan egiteko. Izan ere, bere asmoa Gazte Ligen, eskualdekoen eta Bundesligaren arteko eskailera indartzea da, hiru mailatan banatuko den Hirugarren Maila sortuz. Horrez gain, 2029ko Eurokoparen antolaketan murgildu behar da eta zeregina dauka selekzioarekin, horiekin ere antzinako ohitura arrakastatsuak berreskuratu nahi baititu.